Beharrizana sortu
Beharrizana sortu –
Agidanez, bizi gareneko hauek ez dira sasoirik onenak euskararentzat; ez, behintzat, erabilerari dagokionez. Iñaki Iurrebasoren tesiari gainbegiratua eman besterik ez dugu euskara egunez egun hiltzen ari dela ikusteko, ezari-ezarian, baina hiltzen. Bitxia da, oso, erakundetu eta ofizialduz geroztik, lehen baino gutxiago erabiltzea euskara. Agian, presentzia handiagotu du lehendik zantzurik ere ez zuen hainbat esparrutan, eta, jakina denez, debekua zuen garaian baino aukera gehiago (izan) du orain jendeak ikasteko, hezkuntzari esker, gehienbat. Baina, dirudienez, eskola edota euskaltegietan ikasten den hori kosta egiten da erabiltzen; balirudike eskolak eta euskaltegiek ez dutela euskaldunik sortzen, euskaradun hutsak baino, tituludun aseptikoak.
Eta, bitartean, erdarak bere tokitxoa hartu du lehen euskararenak baino ez ziren guneetan, nagusiki, transmisioa bermatzen zuen familia-gunean. Izan ere, oraingo familia askotan mestizaia nagusitu da, hau da, bikotekide-guraso erdaldun eta euskaldun bana duten familiak dira, erdarari euskarari besteko protagonismoa emanez etxe barruko egunerokoan, edo, agian, protagonismo handiagoa, euskalduna berez elebiduna izaten baita, erdalduna ez bezala. Halako familietako umeek errazago berenganatzen dute guraso erdaldunaren ama-hizkuntza, erdara, etxetik kanpoko unibertsoan (ere) nagusia(goa) dela konturatuta.
Izan ere, kanpoko unibertso erdaldun horrek sekulako indarra izaten du belaunaldi berrietan. Interneten bidez, egunero-egunero, etxe barruan sartzen zaigu eta, etxekideon arteko ohiko berba ziztrinei gailenduz, ordu asko ematen ditugu erdal pantailen aurrean egunean zehar, ume nahiz gurasook eman ere. Agian horregatik, batek daki, gero eta ohikoagoa izaten da euskaraz egiten dion gurasoari erdaraz erantzutea seme-alabak, eta, maiz, guraso horrek onetsi eta ezertxo ere ez du egiten portaera hori ohitura bihur ez dadin; azkenean, noski, erdara nagusitzen zaion gurasoari ere seme-alabarekiko harremanean, (euskararen) zorioneko transmisioa erabat zapuztuz.
Kontuak kontu, erdara ari da gailentzen bizi-esparru orotan, pertsonalenetik hasi eta kolektiboeneraino, edo alderantziz, kolektiboenetik pertsonaleneraino, berdin dio norabideari. Euskara sustatzeko sortutako Euskal Telebista hura bera ere Erdal Telebista bilakatu dugu, aspalditik. Ditxosozko D ereduak ez ei du euskara-gaitasunik bermatzen gure gazteen artean, eta horietako gehienek ez dute (euskarazko) jarraipenik unibertsitatean, non ingelesa gero eta presenteago dagoen ikasketetan. Oro har, erdal kultura kontsumitzen dugu euskal kultura bailitzan, eta, Lazkao Txikik zioen bezala, erdaraz (edo euskañolez, gehien jota) aritzen gara euskaraz ari garelakoan. Ez dira, preseski, garairik onenak militantismorako, eta dagoeneko ezin da euskararen etorkizuna herritarron borondatearen pentzuan laga. Handira jokatzeko unea iritsi da, ez uste?
Gauzak horrela, urrats bat eman beharra dago borondate edo militantziatik harago. Nola edo hala, euskararekiko beharrizana sortzea da alternatiba (bakarra?); erabiltzera behartu gabe, erabiltzeko beharra sortu, alegia. Nola, ordea? Ez da erraza erantzuten.
Garbi dago boterea duen orok aukera gehiago eta handiagoak dituela portaera erabiltzaile hori bultzatzeko. Bereziki, botere politikoaz ari naiz, baina erreferentziazko “botere” soziala ere albo batera utzi gabe. Sekula ez dut ulertu, esaterako, zergatik ez den euskara erabiltzea saritzen, arnasgunetzat jotzen ditugun udalerri eta bestelako guneetan, nagusiki. Eta, saritzeaz ari naizela, ez diot ekonomikoki saritzea soilik, baita, gehienbat, lehentasunezko tratua edo harrera emanez saritzea ere; hau da, euskaratik eta euskaraz egiten den guztia lehenestea. Udalerrian dauden negozioak oro, herriko dendak, taberna eta jatetxeak, edota bestelako zerbitzu pribatuak ere, euskararen presentzia bermatzera akuilatu edo “behartu” daitezke, hain zuzen, herri euskaldun batean ari direlako negozioa egiten. Esaterako, Decathlon bezalako enpresa erraldoi batek euskarari (euskaldunoi) mespretxu egitea legez zuzendu beharra dago. Edo jatetxe bateko menua erdara hutsean iragartzea, edo iragartzen den edozer ere euskaraz (ere) ez egitea zigortzerainoko udal politikak egin litezke, benetako borondatea egonez gero, noski. Baina erosokerian jausiak gara, eta errazagoa ei zaigu onartzea erdaraz denok dakigula eta, beraz, ezin dugula euskara ezarri edo “inposatu”. Izan ere, euskaldunok gero eta barneratuago dugu erdaldun euskalfoboek egozten digutena, hots, euskara dakigunok pribilegiodunak garela eta ezin ditugula eurak bazter utzi euskaraz ez jakiteagatik; non eta hemen, Euskal Herrian, Euskararen Herrian.
Eta herritar xumeok ere badugu geure botere esparrutxoa, noski, non euskara erabiltzera bultza ditzakegun euskaldun kontzientziatu gabeak, behintzat. Finean, jarrera kontua baino ez da. Euskaldun batek erdaraz interpelatzen bagaitu edo guk euskaraz eginda erdaraz erantzuten badigu, ez dugu zertan erdaraz erantzun, edo areago, akaso, erantzun beharrik ere ez genuke. Izan ere, maiz, erdaldun bati euskaraz egitea errespetu falta dela leporatu izan digute, ezta? Baina euskaldun bati, euskaraz ulertu eta jakin arren, erdaraz erantzutea ez al da, ba, benetako errespetu falta? Adibideak ehunka edo milaka aipatu litezke, euskaraz eragiteko egoerak ehunka eta milaka baitira. Nolabait, hainbeste aldarrikatu eta besteri eskatu barik, norberak ekitea da, beharbada, biderik eraginkorrena, bai eta eragingarriena ere. Baina, ezbairik gabe, herritarron esku ezin da horren guztiaren ardura osoa utzi; erakundeek, dagokionak dagokionean, bultzatu behar dute euskararekiko beharrizana, herritarrok berori barneratu eta gehiago(tan) egin dezagun euskaraz.
alkarterri.blogspot.com/beharrizana-sortu
“Baina erosokerian jausiak gara, eta errazagoa ei zaigu onartzea erdaraz denok dakigula eta, beraz, ezin dugula euskara ezarri edo “inposatu”. Izan ere, euskaldunok gero eta barneratuago dugu erdaldun euskalfoboek egozten digutena, hots, euskara dakigunok pribilegiodunak garela eta ezin ditugula eurak bazter utzi euskaraz ez jakiteagatik; non eta hemen, Euskal Herrian, Euskararen Herrian.”
Baina hau ez al da euskaldunok ere egozten dioguna? Gu garela pribilegiatuak eta zapaltzaileak, erdaldunak pobre eta beraz biktimak? Ezkerreko talde askotan entzun behar izan dugu hau. Erdara ezpataz eta suaz inposatu egin ez baligute bezala. Nork eta bi estatu inperialistenek. Aizu, baina gu gara zapaltzaileak…
Tontakeria hau burutik kendu eta argi izan behar dugu: guk badugu euskara erabiltzeko betebeharra, baina haiei inposatzeko eskubidea ere. Bestela, kanpora, badute bai lekua beraien hizkuntza erabiltzeko. Guk ez.
Artikulua oso ondo dago baina bi akatz ditu. Lehen eta behin zure seme-alabei beti (baina BETI) euskaraz hitz egiten badiezu, lasai, azkenean euskaraz erantzungo dizutela. Bigarren akatza zera da: Estatuek frantsesa eta gaztelania inposatzen duten bezela, euskera ere inposatu behar dela, bestela jai dugu. Hori bai, belaunaldi pare bat eta Euskal Herrian gehienek erderekin uste duten moduan, euskara hizkuntza natural, hautazko eta ohikoa bilakatuko da.