Ezer egin gabe, dena egin (II)

Ezer egin gabe, dena egin II – 

Ezer egin gabe, dena egin (II)

Norbere desatxikimendu gutizkoa zertan den eta berak zer dakarren ari naiz azkenekoetan hona ekartzen. Guztizkoa izan behar du eta, hortaz, munduan, errealitatean arrunt bestera koka behar gaitu. Gure eta gu ez garen gainotzeko errealitatearen artean eraikitako etena disolbatuz joan dadin dugu xede. Hori lortze aldera, kontu asko utzi behar izango ditugu bazter, gure buruaz dugun aurre-irudi hori bermatzea eta sendotzea xede duten zenbait eta zenbait bultzagarri utzi behar izango ditugu bazter: gure nahiak, desirak, helburuak… eta horiek guztiak behin bertan behera utzita, azkenean, gure ekiteko modua bera eraldatuko da guztiz. “Egin gabe egingo dugu” orduan, edota, eginez, ez dugu egingo. Den guztiari, errealitateari, den modu-moduan izan dadin utziko diogu arrerantzean. Eta den “hori” den moduan izaten utzen dion jarreratik sorturiko ekite guztiak “ez-ekintzazko ekintzatzat” jo genitzake, aurreko artikuluan jada adierazi nuen moduan. Horrela ekinez gero, pixaka, “egoa” hiltzen joango da eta nork bere burua atergabe errepikatzeari eta proiektatzeari utziko dio behingoz. Horretara, errealitatea zuzen-zuzenean ikusi ahal izango da; horretara, ikusteko, entzuteko eta pentsatzeko era guztiz aratza ernatuko da estreinakoz.

Azken-azkenean burututako ekintzetan, eta ekite molde berri honetan, islatzen den honek guztionek ezin deskribatuzko barne bakea emango digu, eta apaltasun eta xalotasun izugarriak. Aurrenik, hautamena araztuz joan gara; “egoa” apalduz joanda, berorrek atergabe bere burua proiektatzeari eta errepikatzeari utziko dio; horrekin batera, begiramena, entzumena eta gogamena berek ordura artean ez izandako garbitasuna iritsiko dute. Hurrenik baina, ekintza bera garbituko da; izan ere, errealitarekin zuzen-zuzenean bat egiten duenez gero, errealitateari askoz fidelagoa izango zaio burututako ekintza bera ere, askoz zuzenagoa, natural-espontaneagoa eta sortzaileagoa.

Desatxikitutako gogamena, aurreko artikuluetan jada aski adierazita moduan, ispilu baten modutsuko da, errealitatea islatzen baitu. Honek ekite arduratsua ahalbidetzen du: errealitateari fideltasun osoz erantzuten dio, unean uneko egoerari. Partzialak, zatikakoak eta estatikoak diren gogoetatzeko moldeak bazter uzteak guztiz eraldatzen du emandako erantzuna. Emandako erantzuna bihotzetik sorturikoa izango da, aurrez eta bitartean errealitatearekin bat egitetik betiere. Egindako ekintza horren arabera pertsona bera ere eraldatuko da, baina, horrekin batera, norbera, hau edo beste egin ahala, egindako horren parte ere bilakatuko da. Eta egindako horren autoretza oso bigarren maila batera lerratutako da horren ondorenez, eta, onenean, guztiz disolbatu ere.

“Egoaren” interferentzia-bitartekaritzarik gabe, egoera bakoitzari emandako erantzuna batasunezko mugimendu harmoniko baten modutsukoa izango da. Ekintzak eta errealitateak mugimendu bat bakarra osatuko dute, mugimendu trinko eta zatiezin bat, olatu baten joan-etorriaren antz handia izan lezakeena.

Ez ekitea, egonean egotea, geldotasuna, atergabeko ekite baten ondorenak izan litezke. Jakintsuak horrela jarduten du, ekite sutsu eta betierekora bere burua emanda. Jakintsuaren geldotasunak azkar-azkar biratzen duen zibaren (giroskopioa) itxurazko geldotasunaren antz handia du. Begiak ezin dio bere abiadurari jarraitu, eta horregatik hain justu ematen du geldirik. Alabaina, bira eta bira dabil. Horrelatsukoa da jakintsuaren itxurazko geldotasuna. Hau guztiau ondo azaldu behar zaio jendeari, geldotasuna eta inertzia nahastu ohi duelako sarri askotan”. (RAMANA MAHARSHI, Pláticas con Ramana Maharshi, 602. or.)

Igor Goitia

Ezer ere egin gabe, dena egin

Ezer egin gabe, dena egin II

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Zer duzu buruan “Ezer egin gabe, dena egin (II)”-ri buruz

  • Urtebete pasata, nork esanen zukeen. Bada berdin berdin gaude, dena egin gabe. Lokatza nonahi, Sanmartin etorriko da eta ezin baratxuriak erein, tipula goiztiarrak berdin, eta niri ilbeltzako ilbera ez zait gustatzen. Eta Leninek zioen moduan, zer egin?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude