Ezer ere egin gabe, dena egin

Ezer ere egin gabe, dena egin – 

Bere “egoarekin” identifikatzen ez den “nia” ezertxo ere nahi ez duen, ezagutzen ez duen, eta ezertxo ere ez den “nia” da. Orain artean jorratuz joan naizen “ni” deslotu-desatxiki hau, ekintzari dagokionean, beste era honetara ere ulertua izan daiteke: “ni desatxikiak” jada ez du bere burua egiletzat edo ekintzailetzat jotzen; jada ez du bere burua subjektu egiletzat jotzen. Eta, “deusik ere nahi ez izateari” dagokionean, edota “deusik ere ez jakiteari” dagokionean, zein, azken finean, norbera berau “ezdeus izateari” dagokionean ere, aurreko artikuluetan jada ikusi genuen moduan, egiteari dagokion honako kontu honetan beste horrenbeste esan beharko nuke; norbere “egiletza” molde ezbaikarian ulertu beharko genuke. Sakon-sakonean, norbera ez litzateke subjektu egiltzat jo behar inondik; baina aipatu ukazio hori ezezko-baiezko era batean ulertu beharko genuke, aurrekoetan bezala, zuzen eta egoki ulertuko badugu. “Egilea ez den hori” ez da inondik egiten ez duen “nia”, egon-egonean legokeen “nia”, baizik-eta “egitea” zein “ez-egitea”, biak ala biak, beroiez harago begiztatzeko gauza den “nia”.

Gelassenheit aktibitateaz eta pasibitateaz haragokoan datza” (HEIDEGGER, Gelassenheit, 33. or.)
“I: Orduan zer egin behar dut?
E: Hori da nik galdegiten dudana.
P: Guk ez dugu ezer egin behar, zain egon baino ez” (HEIDEGGER, Gelassenheit, 34-35. or.)

“Ez dugu ezertxo ere egin behar”, ezen, egitean (pretentsiodun-asmodun egitean) subjektuaren eremuaren gatibutzan geundeke, berau inondik gainditu gabe. “Ez-egite ezbaikarian”, aldiz, “egoa” guztiz gugandik erauzita, jauzi ezezagun bezainbat ustekababe bat emango dugu. Ni objektibatuak libre dela duen ilusio faltsutik askatua geratuko da “nia”, alegia, bere benetako izaeraren gainean ordura artean zuen ezjakintasunetik guztiz libre geratuko da. Azkenerako, nor bakoitzak bere baitan libre izatetik daukan guztia ez da berea, berez, esentizialki, bere izaeraz, den horretatik datorkio-eta, hau da, bere baitan dagoen “ni supra-objektibotik”.

Gelassenheit-etik ez da egiten, baizik-eta den “horri” den modu-moduan izan dadin uzten zaio. Den horri izan dadin uzten dion ekiteari “ez-ekintzazko ekintza” deitu beharko litzaioke, izan ere, berau ez da berariaz egindako ezer.

“Egoa” hilko da eta bere burua atergabe errepikatzeari eta proiektatzeari utziko dio behingoz. Horretara, errealitatea zuzen-zuzenean ikusi ahal izango da; horretara, ikusteko, entzuteko eta pentsatzeko era guztiz aratza ernatuko da estreinakoz.

Igor Goitia

Ezer ere egin gabe, dena egin

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude