Behatokiak EAEn osasun asistentzia euskaraz jasotzeko gabezien azterketa helarazi die Osasun Ituneko arduradunei
Behatokiak EAEn osasun asistentzia euskaraz jasotzeko gabezien azterketa –
- EAEko Osasun Itunaren diagnostikoa osatzeko, Behatokiak Osakidetzaren euskarazko arretan detektatutako gabeziak aztertu ditu.
- Espezialista eta zerbitzu berezietan euskarazko arreta eskasak pazienteen ongizatean eragina duela azaldu du Behatokiak.
- Neurri irmo eta bermatzaileak eskatu dizkie osasungintzako itunaren arduradunei hizkuntza eskubideen urraketak amaitzeko.
Euskal Osasun Sistemari buruzko Herri Itunaren diagnostiko fasea bukatuko den honetan, azken urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sisteman arreta zuzenari zein profesionalek euskaraz lan egin edo formakuntzari lotuta Euskararen Telefonoaren bidez jasotako gertaerarik nabarmenenak helarazi dizkie Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Osasun Itunaren arduradunei.
Euskarazko arreta eta zerbitzuak jasotzeko gabeziak
Herritarren bizipenetan oinarrituta Behatokiak egindako azterketak agerian uzten du azken urteetan hutsune berberak zuzendu gabe segitzen dutela eta euskarazko arreta berariaz eskatuta duten herritarrei ere ez zaiela kalitatezko zerbitzua bermatzen. Helarazitako kexari emandako erantzunetan maiz adierazten da ezin izan dela euskarazko arreta bermatukontratazio zerrendetan euskararen ezagutzarik ez duten profesionalak daudelako edo euskaraz arreta eskaintzeko maila egokirik ez dutelako.
Sistema osoa zerbitzua euskaraz eskaini eta lan egiteko gai ez izateak zerbitzua euskaraz berdintasunean jaso ezin izatetik harago, osasun arloko erakundeetan hizkuntza ohiturak ere ezartzen ditu.
Zehazki, 2023ko eta orain arteko 2024ko intzidentzia nabarmenenak helarazi dizkiegu Osasun Ituneko arduradunei. Hainbat dira azken urteetan errepikatu diren egoerak:
- Espezialisten arreta eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko ezintasuna (ez da nahikoa erizaina euskalduna izatearekin).
- Arreta berezia psikologia, pedagogia, emakumeen arreta, onkologiako espezializazioak… zerbitzu hauek garaiz eta ondoriorik gabe euskaraz jaso ahal izateak duen garrantzia berezia du herritarren ongizatean.
- Euskarazko eskaintza aktibo baten falta hainbat osasun etxe eta zentrotan eta, ondorioz, pazientea berariaz euskaraz nahi duela adierazten ibili beharra.
- Zerbitzua euskaraz eskatzeak askotan “konfliktoa” sortzen dio pazienteari, zerbitzua lasaitasunez euskaraz eskatzeko beldurra edo erreparoa izaten dute. Atentzioa euskaraz eskatzeak zerbitzu bera jasotzeko denbora gehiago inbertitu beharra dakarkio hainbat kasutan.
- Kasu batzuetan profesionalak, euskararen nolabaiteko ezagutza egiaztatuta izan arren, gaztelaniaz hitz egin nahi dutela erantzuten diete pazienteei.
- Eremu euskaldunenetan ere euskararen ezagutza duten medikuak ordezkatzerakoan ezagutzarik ez dutenak ezarri diren hainbat kasu izaten ari dira.
- Osakidetzako protokoloek ezartzen dute profesional batek euskararen ezagutzarik ez badu, laguntza eskatu behar duela pazientea euskaraz artatzeko. Protokoloa askotan ez da betetzen eta, gainera, ez da nahikoa egungo sisteman euskarazko arreta bermatzeko.
- Azpikontratatzen diren edo osasungintzarekin hitzarmena duten enpresetan ez da behar bezala zaintzen zerbitzua euskaraz eskaintzen dutela (hizkuntza irizpideak).
- Osakidetzak euskararekiko lehentasunezko eremutzat ez dituen herri eta hirietako pazienteek eskubide berberak izan arren, berme gutxiago dituzte (neurri “ahulagoak” hartzen dira eta eskaintza aktibo gutxiago egiten da).
- Uda garaian edo ordezkapenetan euskarazko zerbitzua are gehiago ahultzen da.
- Osakidetzako profesionalek ikastetxeetan eskaini dituen saioak gaztelaniaz egin izan dituzte D ereduko ikastetxeen kasuan ere.
Zuzeneko arretari lotutakoak ez ezik, bestelako urraketen adibideak ere helarazi ditugu: gaztelaniaz emandako erantzun idatziak, aldi baterako hizkuntza paisaian akatsak… hauek ere kexa jarri ostean zuzentzen diren arren, azken urteetan behin eta berriz errepikatzen diren hutsuneak dira.
Era berean, osasungintzako profesionalek, langile gisa, euskarazko zerbitzuak edo formazioa jasotzeko zailtasunak izan dituzte hainbatetan eta Osalan zein Osatek bezalako erakundeetan ematen diren kasuak ere helarazi ditugu. Hemen ere euskaraz lan egiteko oztopoak gainditu gabe jarraitzen dutela adierazten duten kasurik aipagarrienak txertatu ditugu.
Aurrera egiteko neurri ausart eta eraginkorrak
Pazienteek egindako kexari erantzunez, barkamena berariaz eskatzen zaie herritarrei beraien hizkuntza eskubideak urratzeagatik, baina barkamen horiez harago, behingoz neurri irmoagoak eta ausartagoak hartzeko garaia dela uste dugu, osasun sisteman euskararen erabateko normalizazioa pazienteen diagnosia eta tratamendu egokia bermatzea ere badelako. Horretarako beharrezkoa da Osasun Itunean proposatzen diren neurrietan atzerapausorik ez onartzetik harago, neurri zuzentzaileak zehaztea, ez koiunturalak, horrela zerbitzuaren kalitatea eta herritarren ongizatea eta osasuna hobetuz.
Guzti hauek kontuan hartuak izan daitezen, gutuna eta dosierra helarazi dizkiegu Osasun Itunaren negoziaketan ari diren arduradunei.
Behatokiak EAEn osasun asistentzia euskaraz jasotzeko gabezien azterketa helarazi die Osasun Ituneko arduradunei