David Pardo, adimen artifizial aplikatuaren europako proiektu baten buru
David Pardo, adimen artifizial aplikatuaren europako proiektu baten buru –
DAVID PARDO, UPV/EHU-KO IKERBASQUE IKERTZAILEA, ADIMEN ARTIFIZIAL APLIKATUAREN ETA HAREN OINARRI MATEMATIKOEN EUROPAKO PROIEKTU BATEN BURU DA
UPV/EHUk 2.300.000 € jaso ditu Europar Batasunaren aldetik, Doktoretza Sare bat bultzatzeko, eta laborategi espezializatu bat eta graduondoko berri bat sortu ditu
Adimen Artifizialak (AA) ikaragarri aldatu du arazo konplexuei aurre egiteko modua; duela hamar urtera arte, arazo horiek konponezinak ziren ia. Dena den, AAren egungo algoritmoak modu esperimentalean doitzen dira oraindik, zehaztasuna eta kostua orekatzeko, eta ez dute azalgarritasunik izaten. Ondorioz, murriztu egiten da emaitzen gaineko konfiantza.
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 2,3 milioi euro jaso ditu IN-DEEP Europako Doktoretza Sarea koordinatzeko; matematikan funtsezkoak diren sare neuronaletara bideratuta dago sarea. UPV/EHUrekin batera, Europako ospe handiko beste hamar erakundek ere jaso dute dirua, hala nola Turingo Politeknikoak (Italia), Arte eta Ofizioen Goi Eskola Nazionalak (Frantzia) eta Siemensek (Belgika). Sare honek bederatzi doktoregai prestatuko ditu oinarri matematiko sendoa duten sare neuronal sakonak diseinatzeko eta ezartzeko. Sare neuronal horiek hainbat arlotako (adibidez, geofisika, egiturazko monitorizazioa eta medikuntza) datuak interpretatzeko aplikatuko dira; datu horiek guztiek deribatu partzialeko ekuazioak dituzte oinarrian.
Ikerbasqueko David Pardo ikertzaileak zuzentzen du IN-DEEP proiektua. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzailea da, eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentrokoa ere bai. Egitasmo hau garrantzitsua dela nabarmendu du, “bikaintasunezko ikerketa bultzatzeko, industria sektorean lankidetza estrategikoak ezartzeko eta AAri eta haren oinarri matematikoei buruzko mailarik altueneko prestakuntza eskaintzeko”. Konpromiso horretatik abiatuta, 2023an Joint Research Laboratory in Applied Artificial Intelligence laborategi espezifikoa sortu zuten Euskadin. Laborategiaren zuzendaria Javier Del Ser da, Tecnaliako eta UPV/EHUko ikertzailea, IN-DEEP Doktoretza Sarearen ikuskatzailea eta adimen artifizialean aditua, mundu mailako ospea duena. AAri buruzko goi mailako ikerketa aplikatua bultzatzea da laborategiaren helburu nagusia. Horretarako, talentua Euskadira erakartzea, prestatzea eta bertan atxikitzea da giltzarrietako bat.
Testuinguru horretan, graduondoko berri bat antolatu dute: Adimen Artifizial Aplikatua eta bere Oinarri Matematikoak. 2025eko martxotik ekainera eskainiko dute, Euskal Herriko Unibertsitatean. Europako IN-DEEP Doktoretza Sareko doktoregaientzat eskuragarri egongo da ikastaroa, baita sortu berri den arlo horretan interesa duten ikasleentzat ere. Javier Del Serek, David Pardok eta Estatuan zein nazioartean ospea duten beste ikertzaile batzuek parte hartuko dute.
“Oinarri matematikoak dituen AAren gaineko ikerketarako eta prestakuntzarako gaitasuna indartzen dituzte IN-DEEP Doktoretza Sareak eta graduondoko berriak. Hala, oso lagungarriak dira Euskadi erreferente gisa koka dadin AAren teknika azalgarrietan, eta eskualdea abangoardiako hezkuntza hub bat bihur dadin”, nabarmendu du David Pardo ikertzaileak.
David Pardo, adimen artifizial aplikatuaren europako proiektu baten buru