Ukrainaren ondoren, Georgia?

Ukrainaren ondoren, Georgia? –  

Jack Matlock AEBetako enbaxadorea izan zen Errusian 1987-91 urteetan. Sobietar Batasunaren amaiera lehen lerrotik ezagutu zuen, protagonistetako bat izan baitzen negoziazio haietan. 95 urte ditu eta burua argi eta eskarmentuz betea. Oso ongi dakizki Ukrainaren azken bi hamarkadetako gorabeherak eta Georgiak haren lepotik ikasi beharko lukeela dio, antzeko prozesua ez pairatzeko bere lurretan. Elkarrizketa Lasha Kasradze Sokhumiko Unibertsitateko irakasle georgiarrak egin dio. Enbaxadorearen adierazpenak bakarrik jaso ditut, laburtuta.

AEB Amerikako Estatu Batuetatik eta EB Europako Batasunetik saiakera bat egin zen, Ukrainako politika kontrolatuz, Ukraina Errusiatik urruntzeko. Hori burugabekeria izan zen. AEBek sekula ez lukete onartuko atzerriko base militarrik gure hemisferioan zabaltzea. Hori erakutsi genuen Kubako misilen krisian, Sobietar Batasunak han legez misil nuklearrak ezarri zituenean eta guk gudaren mehatxua egin genuenean. Nahiz eta hura ez zen legez kanpokoa onartezina zen eta, zorionez, Kruschev eta Kennedy akordio batera iritsi ziren. Sobietar Batasunak misilak publikoki kendu zituen, eta Kennedyk Turkian aurrez ezarritakoak kendu zituen, baina publiko egin gabe. Kruschev garaitu bezala geratu zen, hala izan ez zen arren. Garai hartan Moskun nintzen eta ez nuen antzeman gerra nuklearretik zein gertu egon ginen.

Ukrainako indarkeria 2014an hasi zen. Argi zegoen Ukraina ezin zela EBn sartu, ez baitzituen baldintzak betetzen. EBren proposamenaren arabera, Ukraina ez zen benetan sarreratik gertu izan inoiz, politikoki ezinezkoak ziren zenbait urrats ematea eskatzen baitzitzaien. Aldi berean, Errusiak askoz ere eskaintza oparoagoa egin zien. EBn sartu nahi zuen sektoreak pausu horrekin arazo guztiak konponduko zituela uste zuen, baina hori sekula ez zen gertatuko, beren arazoak barne-arazoak baitziren, herrialdea sakonki zatituta zegoelako.

Errusia ez da inperialista

Ukrainako ekialdean ukrainarrek errusieraz hitz egiten dute eta hainbat mendez Errusiako inperioan bizi izan dira. Orain Ukrainaren barruan daude, eman zitzaien independentziaren lehen unetik. Ez zuten borrokatu behar izan, eta nork gidatu zuen independentzia hori?: Boris Yeltsin Errusiako Federazioaren presidente hautatuak. Izan ere, Errusiako buruzagia izan zen Sobietar Batasuna desegin zuena eta SESBko hainbat errepublikari independentzia eman ziona. Errusia beti inperialista dela eta etengabe zabaltzen saiatzen dela dioen ideia ez da egia. Bai, ordea, argi geratu zen AEBek Ukrainako gobernantzan sakonki eragin zutela.

2014ko otsailean gertatu zen estatu-kolpea errusiarren gehiengoarentzat AEBen eraginaren ondorio gisa gertatu zen, Ukraina Errusiatik bereizteko asmoz. Hori onartezina zen. Georgiak harreman onak behar ditu bere inguruko herrialdeekin, bere gutxiengo etnikoekiko errespetu handiagoa behar du, eta bere arazoak EBko kide bihurtuta ere ez direla konponduko ulertu behar du. NATOri ezetz esatea nahi nuke eta AEBek hori onartzea espero dut. Bakea eta arazoak indarkeriarik gabe eta gerrarik gabe konpontzeko moduak bilatu behar baititugu.

Errusiak ez dio utziko Ukrainari atzerriko aliantza militar bateko kide izaten, AEBek bere inguruko herrialdeei atzerriko aliantza militar bateko kide izatea onartuko ez dien bezala. Georgiari lagunduko dion gauza bakarra bere ekonomia eta kultura modu baketsuan eraikitzea da, denekin harreman onak izanik eta gatazkatan sartzea saihestuz. AEBek beren mugetatik gertu mehatxu militarrik ikusita jokatuko luketen bezala ari da jokatzen Errusia. Halako egoeratan urte askotan jardun dut negoziatzen eta hasieratik NATOren hedapenaren aurka agertu nintzen, arazo larriak sortuko zituela aurreikusi bainuen.

Georgiako lege gatazkatsua AEBetakoaren oso antzekoa da

AEBek harreman ona izan beharko lukete Georgiarekin. Laguntza ekonomikoa eskaini beharko lioke, baina bere barne-politikan nahastu gabe. Ez dut uste jokabide horrek inoiz onik dakarrenik. Gaur egun ikusten dudan arazo handitako bat demokrazia hedatzeko saiakera da. Kanpoko batek ezin du demokrazia zabaldu, beste baten politikan sartzen den bakoitzean lagundu nahi dituen pertsonei kalte egiten dielako, atzerriko agenteak direla ematen duelako. Ez dut uste barne-politikan sakonki inplikatuta dauden erakundeak finantzatu behar ditugunik. Atzerriko funtsak jasotzen dituzten erakundeek erregistratu behar izatea eskatzen duen legea AEBetakoaren oso antzekoa da. Beraz, Georgiako gobernua horregatik zigortzea okerra dela uste dut, eta gaitzesten dut.

Ukrainaren auzian Georgiak Errusiaren aurkako zigorrekin bat ez egitea guztiz zuzena izan zela uste dut. Zigor horiek ez dute Errusiako ekonomia kolapsatzea lortu eta, gainera, Ukrainako inbasioaren berrikuspena eragiten ari dira, eta inbasioa probokatua izan zela erakusten. Hortaz gain, Errusia, Ipar Korea eta Iran aliatu bihurtzen ari dira, eta hori Mendebaldearentzat txarra dela uste dut.

AEBek Georgiaren aurka eragin dituen boikotak akatsak izan dira. Georgiarentzat oso kaltegarriak izanen bailirateke. Kaukasoko arazoak bide baketsutik konpondu behar dira, eta ez etengabe auzokoak bereizten saiatuz. Arazoak ez dira AEBen edo EBren esku-hartzearekin konponduko, tokikoak baitira. Oso zentzuzkoa iruditzen zait Georgiak Errusiarekin errespetuzko harremanak izatea.

Hurrengo hauteskundeetan (urriak 26) aterako den emaitza atzera botatzeko deiak guztiz onartezinak dira. Eta irabazleak beste georgiarrei mendeku hartzea ere. Garrantzitsuena hauteskundeak egitea da eta, ondoren, oposizioak nahi dituen politiken aurka egiten jarraitzeko askatasuna izan dezala. Utz dezagun hautatuak legez kanpo kentzen pentsatzeari.

Bukatzeko, Errusia boikotatzeko baldintza nahiko arrazoigabea izan dela uste dut, Ukrainako gerra amaitu ondoren berrantolaketa bat izanen baita.

www.youtube.com/watch=JNZRC3

Ukrainaren ondoren, Georgia?

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude