Facebookeko argazkietako %76ean mozkortuta agertzen dira britainiarrak
Dotoretasun britainiarra galtzeko arriskuan dago eta errudun nagusia Facebook da. Ikerketa baten arabera, britainiarrak mozkortuta azaldu ohi dira beren Facebookeko argazki gehienetan, %76an, alegia. Batzuetan, haiek apropos igota; baina beste askotan (kasuen %50ean) , beren borondatearen kontra lagunek etiketatua. Zenbatetan gertatu ote zaigu hori?
Are gehiago, inkestan parte hartu duten 1.781 pertsonen %8k aitortu dute argazki horiek “arazo larriak” sor liezazkieketela lankideren batek edota nagusiak ikusiko balitu.
Baina mundua ez da amaitzen lagunen batek argazki deseroso batean etiketatzen gaituenean; etiketa ezabatzeko aukera baitago, eta horixe bera egin dute noizbait %93k.
Dena den, naiz eta etiketa kenduta argazki lotsagarri hori zure profiletik desagertu, Facebooken jarraituko du bueltaka eta zure lagunen lagunek ikusi ahal izango dute; hau da, argazkia igo duen lagunaren kontaktuek. Ez bazaituzte ezagutzen, ezingo zaituzte identifikatu, baina hor egongo zara guztien bistan.
Beste aukera bat argazkien pribatutasuna konfiguratzea da. Hau da, zu etiketatu zaituzten argazkiak nork ikus ditzakeen konfigura dezakezu: Hasiera > Pribatutasun ezarpenak > Etiketak nola dabiltzan. Hortik muga ditzakezu argazkiak.
Laguntasun kontzeptua kolokan jartzen du Facebookek eta laguntzat genituen horiek zenbateraino estimatzen gaituzten frogatzeko adierazgarria izan daiteke. Izan ere, inkestan parte hartu duten britainiarren bi herenek onartu dute lagunak argazki konprometigarrietan nahita etiketatu dituztela gainontzekoek ikus ditzaten.
Ikerketa Erresuma Batuan egin den arren, euskaldunon ohiturak parrandan ateratzeko garaian ez dira oso bestelakoak. Ea, azter itzazu zeure Facebookek argazkiak eta esan zenbatetan agertzen zaren mozkortuta edo edalontzia eskuetan duzula 😉