Designed in the U.S.A.
Designed in the U.S.A. –
Zerbait erosten dudan aldiro (arropa, zapatilak…) etiketan non egina den begiratzeko ohitura dut. Hala, gaztetxoa nintzenetik familiarizatu nintzen inoiz egon ez naizen urruneko herrialde ugarirekin: Vietnam, Indonesia, Taiwan, Txina, Kanbodia… Guztiak “Made in” aurrizkiarekin beti ere, toki ahalik eta ezkutuenean, eta letra txikiz. Berdin du marka garestiak edo merkeak izan. Esku batekin konta litezke salbuespen apurrak.
Azken aldian, alabaina, hainbat etiketetan, ohiko “Made in…” horrez gain, “Designed in the USA” esaldia topatzea suertatu zait. Ongi ikusten den lekuan eta letra handiz, kasu honetan. Diseinu lana munduko potentzia nagusian egina dela azpimarratu nahian, eurak diseinu lanetan (ere) onenak balira bezala; Hirugarren Mundu deiturikoak lan kontrastatu horietarako balioko ez balu bezala.
Begirada pixka bat fintzea aski da, aitzitik, arropa edo zapatiletan ez ezik, guda zein inbasioetan ere fenomeno berdina gertatzen dela ikusteko. Izan ere, azken mendean bakarrik ugariak dira Amerikako Estatu Batuek diseinaturiko, sustaturiko eta hornituriko interbentzio militarrak, ondoren beste herrialdeetan gauzatzen direnak. Mundu mailan ehunka kasu topa genitzake: Ertamerika eta Hego Amerika ia osoan (Mexiko, El Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Panama, Haiti, Kuba, Venezuela, Dominikar Errepublika, Bolivia, Kolonbia, Uruguay, Txile, Argentina, Brasil…), Afrikan (Ghana, Libia, Kongo…), Ekialde Hurbilean (Iran, Irak, Afganistan, Pakistan, Palestina, Libano Siria…), Asian (Vietnam, Birmania, Korea, Laos, Filipinak, Ekialdeko Timor…) edota Europan (Yugoslavia, Albania…).
Horietan guztietan, diplomatikoki, ekonomikoki zein militarki interbenitu dute AEBek, nazioarteko lege ugari urratuz, horregatik inolako zigorrik edo kondenarik jaso gabe. Printzipio eta etika oro alboratuta, inpunitatea eta indarkeria lagun, nahi duten guztia egin dute, euren eliteen interes ekonomikoak, boterea eta nagusitasuna mantentze hutsagatik: gerrak sortu, estatu kolpeak lagundu, hauteskundeak manipulatu, gobernu zein agintari demokratikoak kendu edo erahil, diktadura ankerrak babestu, talde paramilitarrak finantzatu eta entrenatu, eskolak eta ospitaleak bonbardatu, nazioarteko merkatuetan eragin herrialdeak ekonomikoki itoz, lurrak eta ibaiak pozoitu… Hori guztia, bide batez, negozioa eginez.
Kanpo injerentzietako aditu hauek armen industriako buru ere badirelako. Eta agian horrexegatik. Hala, milioi ugari ematen dioten industria hau errentagarri izaten jarraitzeko, gerrak eta gatazkak behar dituzte une oro estatubatuarrek. Baina beti euren lurretatik kanpo. Eta baliabide natural oparoak (bereziki petrolioa) dituzten herrialdeetan, ahal bada…
Esportatzaile trebe izatearen fama dute AEBk, eta ondo irabazia gainera. Baina argi dago euren esportazio ikur izarra ez dela teknologia, ezta moda edo musika ere… Gerrak eta armak baizik. Mozkin guztiak eurentzat doaz; urruneko herrialde txiroak arduratuko dira txikizioa, sufrimendua eta heriotza pilatzeaz… Albo-kalteak deritzotenak.
Hori guztia nolabait ezkutatzeko, makilatzeko ardura euren kontrolpeko komunikabideek hartzen dute. Eta ondo betetzen dute egitekoa, gurean hain barneratuta dauden jarrera eta iritziak medio. Sarritan suertatu izan zait asiar negozioak gure herriak inbaditzen ari direla edo arabiar jatorriko jendea biolentoa dela eta beldurra ematen dutela dioten komentarioak entzutea. Errealitatean, ordea, gure enpresak dira, hamarkada luzez, Asiako edota Afrikako herrialde ia guztietan fabrikak eraiki dituztenak eta hango langileak erruki gabe esplotatzen dituztenak (eguneko 20 orduko lanaldiak, haurrak lanerako erabiltzea, miseriazko soldatak…). Inbaditzen ari omen zaizkigun herrialde horietako pertsonen izerdiz, nahigabez eta odolez zikinduta dago janzten dugun arroparen gehiengoa.
Bestetik, historian zehar nekez aurkituko dugu gizaki zuria baino hildako gehiago eragin dituen arrazarik. Gu geu baikara inoizko hiltzeko makinarik arriskutsuenak. Beraz, zein da biolentoa? Zergatik ez digu pertsona zuri batek beldurrik ematen? Beharbada guk sortzen ditugun hildakoak urruneko herrialdetan gertatzen direlako, eta telebistan oso gutxitan agertzen direlako… Gure gobernuek agindutako bonbardaketetan hildako milaka pertsona errugaberen datu bakar bat ere ematen ez digutelako… Baina haiek ere ez al dira pertsonak?
Bakearen, demokraziaren eta arrakastaren eredu gisa saldu nahi zaigu Ameriketako potentzia nagusia, bestelako alternatibarik ez balego bezala. Eta kontutan hartu beharreko gauza onak izango ditu, ziur… Haatik, ezkutatu nahi diguten errealitatea eta letra txikia irakurtzera ere ohitu behar genukeela esango nuke. Eta ez arropa edo zapatiletan soilik.…
“Munduan estatu terrorista asko daude, baina AEBek ez dute parekorik, nazioarteko terrorismoarekin duen lotura eta euren ekintzen dimentsioa medio”. Noam Chomsky (1989)
Zer egingo zaio… atzo irakurri nuen, 2024an bostehun mila Espainiarrek (edo) New York bisitatu zutela. Eta hemen ere badabil inor New York idolatratzen…
Noizko AEBak bakartzeko edo isolatzeko erabaki orokorra, gaitz askoren eragilea denez gero?