‘Geuretik sortuak’ proiektuaren hirugarren edizioa abian

‘geuretik sortuak’ proiektuaren hirugarren edizioa abian da –

  • Idazle, komikigile, antzerkigile eta zinegileei zuzendutako deialdia azaroaren 25era bitarte egongo da zabalik.
  • Euskal artisten sormena eta herri kontakizuna uztartzea du helburu Geuretik Sortuak proiektuak, euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzeko.
  • Hirugarren edizioa du proiektuak; 2021ean abiatu zen, eta ordutik oso esperientzia eta lan aberasgarriak ekarri ditu.
‘Geuretik sortuak’ proiektuaren hirugarren edizioa abian
EUKALYPTUS obra, Jon Ander Urrestirena. Bukatu berri den edizioan sortutako antzezlana.

Geuretik Sortuak kultur beka ari da bidea egiten, eta hirugarren edizioa abiatzear du: sortzaileentzako izen ematea urriaren 23an irekiko da, eta hilabetez egongo da zabalik, azaroaren 25era bitarte. Deialdia, oinarriak eta izena emateko prozedura Udalbiltzako webguneko “Geuretik Sortuak” eta “Gardentasuna” ataletan izango dira ikusgai urriaren 22tik aurrera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaz gain, eta hurrengo egunetik aurrera eman ahal izango dute izena sortzaileek. Deialdiaren oinarrietan eskatutako dokumentuak honako helbideetara bidali ahal izango dira:

• Posta arrunt bidez Udalbiltzaren Erregistrora: Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun, Gipuzkoa.
• Telematikoki: Udalbiltzaren webgunearen bidez, “Geuretik Sortuak” eta “Gardentasuna” ataletan, formularioaren bidez

GEURETIK SORTUAK

Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa. Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako. Hirugarren edizio honek 2025 eta 2026 urteak hartuko ditu.

BI EDIZIOREN OSTEAN, HIRUGARRENAREN BILA

Aipatu bezala, bi edizio izan ditu dagoeneko Geuretik Sortuak bekak, eta arrakasta handia izan dute. 26 sortzaile izan ziren hautatuak lehen edizioan, eta 22 bigarrenean. Bakoitzak Euskal Herriko txoko batean egin zuen sorkuntza-egonaldia, eta lan ederrak irten ziren bertatik: antzerkigintzan, bigarren edizioan “Eukalyptus” (Jon Ander Urresti), “Olagarrua” (Antzerki aroak eta Ttipia) eta “Eraitsi S.L.” (Goitibera) antzezlanak, eta “Sexberdinak” (Tanttaka), “Eresia” (Oier Zuñiga), “Bidaide” (Metrokoadroka), “Trapu zikinak” (Lore More) eta “Harri minak (Bonbon Beltz) lehenengoan; literaturan, “Hamazazpigarrenean aidanez” eta “Hamarreko bitxia” bildumak; zinemagintzan, “Bost teilatu” eta “Lau elementuak” film laburren bildumak; eta komikigintzan, “Hona bostekoa!” bilduma.

BERRIKUNTZAK

Bigarren edizioan, komikigintza gehitu zitzaien aurreko hiru diziplinei, berrikuntza gisa. Aurtengoan, lau alor horiei eutsiko die proiektuak: komikigintza, literatura, antzerkigintza eta zinemagintza. Izango dira, hala ere, zenbait berrikuntza, antzerkigintzaren alorrean batez ere.

Pasa den edizioan, hautatuetako antzezlan bat kale-antzerkia izango zela erabaki zen. Aurten, hala izaten jarraituko du, baina beste zehaztapen bat ere izango da: gutxienez, antzerkigile edo konpainia hasiberri bat hautatuko da. Hasiberritzat hartuko da aurretik ibilbide profesionalik izan ez duen pertsona edo konpainia. Hainbat eragilerekin hitz egin ostean hartutako erabakia izan da; izan ere, antzerkigile hasiberrientzako plazak falta dira, eta Geuretik Sortuak beka oso tranpolin ona izan liteke Euskal Herriko plazetara salto egiteko. Aukera polita bada ere, erronka handia ere bada antzezlan bat sortu eta bira oso bat antolatzea, eta lan horretarako, bidelagun profesional bat izango dute hautatutako pertsona edo konpainia hasiberriek. Gainera, antzerkigile profesionalentzako beka handiagoa izango da.

Gainerako alorretan, aldaketa txikiren bat izango den arren, antzekoak izango dira oinarriak. Udalbiltzaren helburua euskal sortzaileei beka duin bat ematea denez gero, hirugarren edizio hau baliatuko du sortzaileen beharrei ahalik eta era duinenean erantzuteko, beka Euskal Herri mailan kokatzeko eta euskal kulturari merezi duen lekua emateko.

Gainera, berrikuntzen artean, irudi berria ere izango du proiektuak: Udalbiltzak logoa berritu zuen pasa den urtarrileko Batzar Orokorraren ondotik, presentzia komunikatiboa indartu eta gaur egungo beharretara egokitzeko asmoz, eta horren eskutik dator Geuretik Sortuak proiektuaren logo eta iruditeria berria ere.

‘Geuretik sortuak’ proiektuaren hirugarren edizioa abian

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude