Gizakien salerosketa: serio hartzen al dugu?

Gizakien salerosketa –

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak epaia (T.V. c. Espainia) eman berri du 2024ko urriaren 10ean, gizakien salerosketa delitu larriaren biktima baten alde. Demandatzailea, T.V. andrea, nigeriarra da eta Espainian bizi da. 2003an 14 urteko adingabekoa zelarik, Espainian salerosketaren biktima izan zela salatu zuen. Antza denez, familiako ezagun batek (C. izenekoak) Espainiara lan egitera eramateko eskaintza egin zion 70.000 euroren truke, irabaziko zituen soldatekin ordaindu ahalko zizkiola. Ez zion, ordea, jakinarazi bere etorkizuneko lanaren izaera.

Gizakien salerosketa
Elkarretaratzea Adunan, aurtengo udan, bertan 18 emakume sexualki esplotatuak zirela salatzeko. EITB

Parisetik Espainiara bidaiatu zuen faltsututako helduentzako pasaporte batekin, eta C-k berak harrera egin zion Espainiaratu zenean. Hark Sevillako Arahal udalerriko etxe batera eraman zuen eta klub batean prostituzioan aritzera behartu, C-ren kontrolpean, harik eta 2007an ihes egitea lortu zuen arte. T.V-k prostituzio behartua bai eta tartean budua egin ziotela ere salatu egin zuen.

Agintariek ikerketa formal bat ireki zuten 2011ko ekainean, eta lekuko babestuaren izaera eman zioten T.V. andreari. Instrukzioko epaitegiak Guardia Zibilari hainbat eginpide agindu zizkion arren, motel abiatu zen prozedura eta, horren adibide, biktima prostituzioan aritu omen zen klubeko bi kudeatzaile ez zituzten galdekatu 2013ko urtarrila eta apirilera arte. Kasua behin-behinean artxibatu nahi izan zen orduan, frogarik ez zegoelakoan, baina fiskalak errekurtso bat aurkeztu izanari esker, instrukzio-epaitegiak 2014ko apirilean eginbide berriak agindu zituen.

Dena dela, ikerketa azkenik 2016ko irailean amaitu zen, eta kasua Sevillako Probintzia Auzitegira bidali zen. 2017ko urtarrilean, Probintzia Auzitegiak artxibatu egin zuen kasua behin-behinean, kontuan hartuta, adinari buruzko balorazio-txostenen arabera, biktimak 6 urte omen zituela 2003an. Handik epaileek ondorioztatzen dute biktimak aurkezten zuen bertsioa ez zela sinesgarria. Auzitegi Gorenak eta Konstituzio-auzitegiak, biek, bakoitzak bere ikuspuntutik artxiboa berretsi zuten. Barneko bidea itxita, biktimak Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen justiziaren bila.

Orain arteko bidegurutzea jarraitu duen irakurlea konturatuko da zenbat urtez eta zein astiro gertatu zen auzi-ikerketa. Eta hari honetatik hain zuzen ere Estrasburgoko erantzuna etorriko da. Alegia, Europako Auzitegiak esan du horrelako ikerketa judiziala ez dela kalitatezkoa: ez duela balio hain larria den kasu baterako, eta neurri batean arrazoia emango dio biktimari.

Izan ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak sinesgarritzat jo baitu demandatzailearen kontakizuna, eta agintariei ikerketak akats garrantzitsuak izan dituela aurpegiratu die. Lehenik eta behin, 2011n ikerketa bat formalki ireki bazen ere, neurri oinarrizkoenak —adibidez, T.V. andrea ustez lan egitera behartu zuten klubeko gerenteei galdetzea— ez ziren 2013ra arte hartu. Era berean, ez zen neurri esanguratsurik hartu 2014ra arte ustezko trafikatzaileak identifikatzeko, salaketa penala aurkeztu eta ia hiru urtera. Argi dago agintariek ez zutela behar besteko arduraz jokatu ikerketaren hasierako fasean.

Bigarrenik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du agintariek ez zutela begi-bistako beste ikerketa-lerrorik jarraitu, nahiz eta biktimak bere salaketan alegatutako egitateen deskribapen zehatza eman. Alegia, ikertzeko aukera asko baztertu zuten epaileek, zentzurik gabe, eta horrek eragingo zuen kasuaren gaineko argirik egin ezin izatea. Adibidez, agintariek ez zituzten arrazoizko neurri guztiak hartu demandatzaileak klubean ustez egindako lanaren inguruabarrak argitzeko.

Era berean, pasaportearen inguruan ez ziren ahalegindu baieztatzen ea Paris-etik pasatutakoa ote zen. Gainera, artxibo judizialak egiteko modua oso azalekoa eta arrazoitu gabekoa zela nabarmentzen du Estrasburgok, batzuetan oso ondorio laburretara —parrafo bakarrekotara— mugatuz. Azkenik T.V. andrearen adinari buruzko funtsa gabeko usteetan oinarritu ziren bere kontra egiteko.

Bere epaian Estrasburgoko Auzitegia, beraz, konklusio batera iristen da: ikerketa ahul eta malapartatuaren ondorioz, Espainiako agintariek ez ziotela jaramonik egin gizakien salerosketaren salaketa larria ikertzeko betebeharrari, delitu horrek biktimentzat zein ondorio suntsitzaileak dituen kontuan hartu gabe. Beraz, Europako Giza Eskubideen Itunaren 4. Artikulua, esklabotza debekatzen duena, bere «alderdi prozesalean» urratutzat jotzen du.

Alderdi prozesala teknizismo bat dela ematen du, baina horrek kasu honetan ikaragarrizko injustiziari buelta ematen dio; izan ere, estatu demokratikoetan epaiketa justu bat edukitzeko eskubidea behar bezala gauzatzen ez bada, biktimak jai baitu. Bilatzen ez duenak ez du topatuko! Topatu ez ezik, trata-biktimaren kasuan, gainera, epaitegietatik kanpo pairatutako sufrimenduaz gain (tartean prostituziora behartuz) bir-biktimizazioa dakar prozesuak. Epaileek, fiskalek, poliziek —hots, Estatuak— bere lana behar bezala egiten ez badute, egia ez da argitara aterako, ustezko delitugileak ez dira kondenatuak izango, gizakien-salerosketaren gurpil-zoroak bueltaka jarraituko duela. Eta gainera, kasu honetan kasualitatea ote da demandatzailea emakumea, kanpotarra, azal beltzekoa, txiroa izatea?

Jakina da, aspaldiko esaerak dioen moduan, justizia geldoa ez dela justizia. Baina geldoaz gain, justizia biktima hauskorrenen kontra bihurtzen bada, zein mezu bidaltzen zaie erabat abusatuak suertatzen diren gizakien salerosketaren biktimei? Eskerrak Estrasburgotik egoerari, neurri batean bederen, buelta eman zaiola, biktimarentzat berri on hau agian oso berandu etorri arren.

Gizakien salerosketa  Gizakien salerosketa  Gizakien salerosketa  Gizakien salerosketa

Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko Unesco Katedraren zuzendaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude