Herri-lotsa
Herri-lotsa –
Rikardo Arregik Deia egunkarian.
Ane Lindaneri lapurtu diot izenburuan datorren hitz hori. Hitz berri bat, nik behintzat inoiz entzun edo ikusi gabea, Ane Lindanek asmatu eta euskarari, guztioi, oparitu ziona, ziguna, X sare asozialean, Gasteizen kafetegi-edo kate ospetsu baten inaugurazio egunean ate aurrean pilatu zen jende ilararen irudiei iruzkina egiteko. Herri-lotsa. Auzo-lotsa hitzaren ereduari jarraituz eraikia, ados, baina zabalagoa eta izugarriagoa.
Irudiok ikusi nituenean ez nintzen gehiegi harritu, kezkatu ninduen ez harritzearenak, esaten baitute harridurak gazte mantentzen gaituela, eta ni adin arriskutsuan nago. Tira, apur bat harritu nintzen ilara kale osoan zehar luzatzen baitzen, kontuan hartzen bada, gainera, kale horretan lauzpabost taberna eta kafetegi daudela (Hungaria tabernako zerbitzaria adeitsua eta euskalduna da, bide batez). Baina ergelkeriak ez du mugarik. Agian zerbait doan ematen dute inaugurazio egunean, pentsatu nuen, katilu bat edo edari bat, eta askok denbora saltzeko prest daude edozein tontakeria eskuratu ahal izateko. Edo, besterik gabe, moderno eta berezi sentitzen dira kafetegi horretan lehendabiziko egunean sartu zirela gero esateko. Herri-lotsa.
Orain dela urte batzuetako pasadizoa etorri zait burura egunotan. Ezagun batek Vienara egindako bidaia niri kontatzen zebilela, kexatu zitzaidan hiri osoan ez zuelako Starbucks bat bera ere topatu. Erantzun nionean, harrituta (gazteagoa nintzen) Vienan, hain zuzen, ez daudela kafetegi faltan, kafetegi tradizio handia dutela han, idazleak eta… Isildu nintzen aurpegian nabaritu niolako greko klasikoz hitz egiten egongo banintz, gehiago ulertuko zukeela.
Gasteizen herri-lotsa sentitzeko beste aukera bat izan berri dugu urriaren 12an Plaza Berrian antolatu diguten guardia zibilaren desfilea dela eta. Herri-lotsa eta hiri-lotsa. Irudiak ikusita, 60ko hamarkadan girotutako film bat egiten ari zirela pentsa zezakeen baten batek, apezpiku katoliko bat eta guzti zeukaten bertan (alkate andrea, hurrengoan jantzi mantelina). Etorkizun oparoa ikusten diot herri-lotsa hitzari.
Herri-lotsa