Datorren EHZ, ekainaren 27tik 29ra Arberatze-Zilhekoan

Datorren EHZ, ekainaren 27tik 29ra Arberatze-Zilhekoan –

EHZko laguntzaileak berriz ere Arberatzera begira.

Joan den urriaren 12an egin biltzar nagusian, EHZko laguntzaileek aurtengo edizioko bilan positiboa egiten dute. Heldu den edizioa ekainaren 27, 28 eta 28an iraganen da, Arberatze-Zilhekoan.

Datorren urtean ere Arberatzen segituko du festibalak eta udazkenaren itzulerarekin batera EHZko komisioak berriz aktibatu dira. Urriaren 12 goizean biltzar nagusia egin dute laguntzaileek Hazparneko Ttattola gaztetxean, 2024ko edizioari buruzko bilan xehea egiteko eta ondoko helburuak eta perspektibak sakontzeko.

Datorren EHZ, ekainaren 27tik 29ra Arberatze-Zilhekoan

Aurtengo edizioa Arberatze-Zilhekoan iragan da, lehen aldikotz Amikuze eskualdean. Nahiz eta eguraldia gora beheratsua izan den, jendea hurbildu da, Irisarrin bezainbat. Urte berezia izan da 2024koa, leku aldaketak erronka anitz pausatu baititu teknika eta harremanen mailan. Hala ere, EHZko laguntzaileek bilan biziki positiboa egin dute.

28. edizio hau biziki giro goxoan iragan da, erasorik ez da salatua izan eta publiko berri bat hurbildu da. Orotara estilo ezberdinetako 600 artista inguru errezebitu ditu EHZak. Bereziki azpimarratzekoa da hiru egunetan txandakatu diren 500 laguntzaileeri esker festibala aurrera eraman dela. Azken hilabeteetan, gazte militante belaunaldi berri batek pixkanaka proiektua bere gain hartu du ardurak hartuz.

Urtean zehar, EHZ festibalak beste proiektu batzuk aitzinera eraman ditu ere, euskal kulturaren ezagutarazteko xedearekin baita festibalean parte hartzeko gogoa sustatzeko ere. Azken urteetan bezala, Ipar Euskal Herriko lizeo elebidunetako saioetan eta AEK-ko kurtsoetan kulturgintzari buruzko saio pedagogikoak eman ditu EHZak, urririk.

Horrez gain, lehen aldikotz EHZ Amikuze eskualdean iragan da, Arberatze-Zilhekoa herrian hain zuzen, horrek suposatzen dituen aldaketa guziekin: Amikuzeko elkarteekin harreman berriak lotu eta proiektuak muntatu, Arberatzeko biztanleekin elkarlana etab. Urriaren 4ean Arberatzeko herritarrekin egin bilan bilkura publikoan herritarrek antolaketa txalotu dute eta 2025ko edizioari esku zabalez harrera egiten diote.

.

Arberatzera begira

Aitzineko edizioaren bilanetik haratago, ikasturte hastapeneko biltzar nagusi horren xedea, laguntzaileek aurtengo helburuen inguruan gogoetatzea eta hurrengo perspektiben definitzea izan da: Nola hunkitu gazte berriak? Nola sortu elkartrukeak Euskal Herri mailan edo nazioartean? Nola segitu Amikuzen errotzen? Nola transmititu proiektua belaunaldiz belaunaldi?

Interesatua izan daitekeen edozein militanteeri gomita luzatzen diegu urte osoan EHZ proiektuan parte hartzeko.

Hainbat Ideia interesgarri atera dira hortik eta urtean zehar lantzen segituko dute 2025eko festibala prestatzen duten bitartean. EHZak hitzordua emaiten du, beraz, heldu den ekainaren 27, 28 eta 29an Arberatze-Zilhekoan!

Datorren EHZ, ekainaren 27tik 29ra Arberatze-Zilhekoan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude