Deriba erreakzionarioa geldiarazi
Deriba erreakzionarioa geldiarazi –
Andoni Olariaga, ERRIAn.
Duela urtebete, kolonialismoaren aurkako kutsua zuen hitzaldi batean, Giorgia Melonik immigrazio masiboaren errua Frantziari egotzi zion, hamalau koloniaren baliabideak ustiatzeagatik txanpon koloniala erabiliz. Burkina Fasoko urre meategietan lan egiten duten haurren errealitateez hitz egin zuen, Frantziak txanpon koloniala inprimatzen duen estatua bera. Meloniren diagnostikoa argia zen: frantziar kolonialismoa da immigrazio masiboaren erruduna.
Kutsu antikolonialista duen diagnostiko horretatik (estatu frantsesari begira soilik egina dagoen arren), Melonik bere ondorio autoritarioa aurkeztu zuen: «Irtenbidea ez da afrikarrak Europara ekartzea, baizik eta Afrika zenbait europarrengandik (Frantzia) askatzea, haiek esplotatzen baitituzte; aldiz, pertsona horiek beren lekuetan duintasunez bizitzea ahalbidetzea da konponbidea» (sic). Ezker usaina dauka, ala ez? Non dago tranpa?
Hain zuzen ere, eskuin muturraren tranpa, ustez erradikala eta ezkerrekoa den diagnostiko bat erabiltzean datza, ondoren, antikolonialismoak ematen duen posiziotik, praktika autoritario eta faxistak justifikatzeko. Izan ere, 2023an gutxienez 3.041 pertsona hil ziren Mediterraneoko arkuko itsasoan, gehienak Libia edo Tunisiako kostaldetik Italia edo Malta aldera doazen itsas ibilbideetan. Horrez gain, gobernu italiarrak migratzaileak Albaniara bidaltzen ditu itsasontzi militarrean, horietako asko metalezko espetxe esparru sortu berrietara.
Horretan datza, hain zuzen, eskuin muturreko rojipardismoa. Faxista da bere sustraietan eta bere politiketan, baina bere politikak zuritzea lortzen du ezkerreko diskurtso jakin bat hackeatuz (antikolonialismoa, kasu honetan). Eskuin muturreko rojipardismoa ezker muturreko erretorika baten bidez agertzen da, historikoki ezkerra eta eskuina izan diren eremuak lausotuz.
«Ezkerrak ezin du erradikaltasun erretorikora ihes egin, eta ezin da jarrera erreakzionarioetan erori»
Era berean, badago ezkerreko rojipardismoa ere. Ezkerrari berari erasotzen dio esentzia galduen eta subjektu zatikatuen izenean, etorkizunerako esentziak iraganean bilatuz, erretrotopia moduko bat eraikiz. Ezker honen utopia iragan seguruago baten nostalgiara ihes egitean datza. Kasu honetan, migrazioari buruzko analisi antikolonialista eta internazionalistak ere egin ohi ditu ezker rojipardoak, ondoren, arrazista edo autoritarioen etiketa jasotzeko beldurra kendu, eta «ezkerreko posizioetatik» eskuin muturraren enborreko proposamen erreakzionarioak babesteko.
Kasurako, edozein pertsona bere herrialdean duintasunez bizi eta garatu ahal izatea, Iparralde globalaren ustiapena Hego globalaren gainetik kentzea (lehenengoa bigarrenaren ustiapenaren gainean eratua izanik), helburu emantzipatzailea eta erabat ezkertiarra da. Baina gainazala pixka bat urratuz gero, irakurketa ustez antikolonialista hori erabat tranpatia dela ikusten dugu. Izan ere, gauzaezina den zerbait planteatzen duelako, lehenik eta behin. Izan ere, zein proposamen politikotan islatzen da «migratzaileek beraien herrialdeetan duintasunez bizi» ahal izatea? Erradikalismo erretoriko hutsa da, eta, kasu honetan, praktika autoritarioen ihes, aterpe edo legitimazio gisa funtzionatzen du, ezertara konprometitzen ez duen eta ezein estrategia politikotan itzulpenik ez duen erreakzio ustez «erradikal» gisa.
Bi jarrera rojipardistek (eskuinekoek zein ezkerrekoek) konponbide berera garamatzate: migrazioa geldiaraztea eta «bertakoen» eskubideak «kanpokoen» eskubideen aurretik jarri nahi izatea, arrazoiak edozein direla ere: nazioaren defentsa, Mendebaldeko balioen defentsa, ongizate-estatuaren defentsa…. Hori defendatzeko narratibak elementu desberdinak izan ditzake, kasuan-kasuan: testuingurutik kanpo dauden teoria marxistetatik hasi (migratzaileak erreserbako industria-armada direneko eslogan ezaguna), kutsu arrazista eta etnizisten konspirazioaren teorietara pasa (ordezkapen handiaren teoria, kasu), eta politikoki zuzenaren diktaduraren eta ezker progre txupiguaiaren eskuin muturraren kontakizunean buka (bigarren artikulu batean garatuko dudana).Bada erreakzionarioen hirugarren kategoria bat, egungo ezkerrak bera traizionatzen duela uste duena; ez da rojipardoa, baina oker dago diagnostikoan, eskuin muturraren aurrerapena ezkerraren jardunbide okerrei egozten baitio, ezkerraren artean lubakiak sortuz. Kasu honetan, arazoa antagonismo politiko okerra planteatzea eta lubakiz nahastea da, eta horren ondorioa, ezkerraren zatiketa eta eskuin muturraren gorakadari bide ematea.
«Eskuin muturraren tranpa, ustez erradikala eta ezkerrekoa den diagnostiko bat erabiltzean datza, ondoren, antikolonialismoak ematen duen posiziotik, praktika autoritario eta faxistak justifikatzeko»
Ondorioa argia da: ezkerrak ezin du erradikaltasun erretorikora ihes egin, eta ezin da jarrera erreakzionarioetan erori. Eta, jakina, diagnostikoan ere ezin du erratu. Migrazioa handituz doan errealitatea da, hainbat arrazoirengatik: Hego globalaren ustiapena (zainaren erantzule garen), krisi klimatikoak lurreko hainbat lekutan eragiten dituen aldaketak, munduko hegemonia eskuratzearen aldeko gerrek sortzen dituzten joan-etorriak… Ezkerreko tradizioaren kultura emantzipatzaileak migrazioa errealitate gisa ulertu behar du, ez arazo gisa. Eta, hortik abiatuta, politika pragmatikoak garatu behar ditu, bai (jakina), baina ikusmira emantzipatzailea izango dutenak.
Ezkerra apustu ausartekin eta begirada ireki, utopiko eta eraldatzaileekin bizi eta egokitzen da garai berrietara. Iparralde globalean bizi garen herri eta pertsona garen aldetik, Hego globalaren esplotazioan oinarritutako bizi-eredu batean oinarritzen garenaren jakitun, migrazioaren gaiari modu emantzipatzailean erantzuteko erantzukizuna dugu. Estaturik gabeko nazioen aldetik ere, gure eginbeharra da agenda erreakzionarioaren aurrean pultsu emantzipatzailea indartzea. Garaiz gabiltza.
Ezkerra-eskuin bereizketa agorturik dago. Gaur egun globalismo-nazionalismo gatazka batean murgildu gaituzte, non eredu migratzaile masibo batek jatorrizko herriak desagertzera garamatza. Eta horri aurre egiten dion orori, eskuinmuturra deitzen zaio. Jatortizko herriek euren nortasuna babesteko eskubidea daukate!!!
Eskubidea ez Kaxka, betebeharra. Biziraupen borroka ezin da hautu batean bilakatu. Hautu bilakatzeak endekapena adierazten du. Eta hortan gabiltza. Eta Andonik oso ongi ordezkatzen duen pozoi ezkerrosoari esker ahuleziaz jota, bide bazterrean botaia eta gainontzekoek (ipar nahiz hegoaldekoek) zapaldurik amaituko du herri honek
Ezker abertzaleko militantea nintzelakoan, hara non erakutsi didan homiletika ortodoxoak ezetz, heterodoxo ez ezik, gorri-arrea eta erreakzionarioa ere banaizela planteamendu politiko-ideologikoetan. Eskuin gorrikoa hain zuzen. Eta okerrago dena, harako kristau anonimoen antzera, seguruenik jakin gabe naizela erreakzionario gorri-arrea.
Aitortu behar dut: dena gertatu da ni, euskaldun gaixo madarikatua, erretrotopia moduko batean murgilduta bizi naizelako, iraganean geroa izango bide denerako esentziak bilatzen. Eta okerrago dena, “ezkerra bera”, “egungo ezkerra” (zein ote egiazko Jainko bakar hori?) erasotzen dudalako horrela jokatzean. Ahaztu gabe, noski, euskal nazio, kultura eta hizkuntza ñimiñoen defentsan ihardun bitartean, deskontestualizatutako teoria marxistak eta konspiranoia arrazista-etnizistak darabiltzadala neure gogo neuronal-neurotiko honetan.
Damutzen naiz. Ez da berriro gertatuko.
Aita Olariagarekin konfesatzera joan behar dut. Lehenbailehen, gainera.
Meloniren gobernuak bi neurri hartu ditu berriki:
– EH Bilduk bere dokumentu batean “ordezkapen bidezko haurdunaldi” deitu zuen hori, baita ere ugaltze esplotazio deitutakoa, Delitu Unibertsal deklaratu du Italiako legebiltzarrak. Espainian eta Frantzian bezala, gestazio subrogatua ilegala zen Italian ere; aurrerantzean, ordea, atzerrian haurrak metodo horren bidez eskuratzeagatik, Italian 600.000 eta milioi bat euro arteko diru-zigorrak eta bi urte arteko kartzela zigorrak ezarri ahalko dira. Legearen aldeko botoa eman dute Fratelli d’Italia faxistak, Lega neofaxistak eta Forza Italia ez hain faxistak; kontra, Bost Izar Mugimendu populistak eta Alderdi Demokrata sozialdemokratak.
– Italiako estatuak Israelera armen esportazioak eten omen ditu, 1980tik daukan legea aplikatuz, zeinaren arabera Italiak ezin baitie gerran dauden herrialdeei armarik saldu.
Niri ez zait iruditzen Meloniren gobernuak neurri horiek hartu dituenik bapatean jende horri giza duintasunaren aldeko halako sentsibilitate bat piztu zaiolako. Ikusita nola ari diren bidaltzen gizon-emakume eta haurrak Albaniako kontzentrazio esparruetara, nolako jokabidea duten itsasoz iristen direnekin… Ez dut uste. Bestelako motiboak egonen dira tartean. Galdera da, zergatik ez dute “gobernu aurrerakoiek”, Meloni demonizatzea gustoko duten horiek, halako neurririk hartzen.
2 astetan lagun bat labankatu eta etxean lapurtu digute. Jatorri jakin batekoak bietan, ze kasualidadea! Eta arazoa, euskaldunok gara zeren independentzia. Logika perfektua zuena. Bitartean, 60 bat urtetako euskalduntzea zapuztu dugu immigrazio masiboarekin. Eta arazoa bertakoak gara noski. Gure politikariak erosi dituzte. Eskuin lobbyak (Bill Ackman eta halakoek) Israel eta enpresa handientzako zerga salbuespenak sartu diguten bezela, ezker lobbyak (Soros eta abar) immigrazio masiboa eta transgenderismoa saldu digute. Diskurtso inkoherente hauek argi erakusten dute: ez da ezker abertzalean eboluzio natural bat egon. ETA desagertuta propagandistak sartu dizkugute gure herrian. Zerotik hasteko unea da, ni eta neureak behintzat ez dugu zeriskusirik eduki nahi bildu eta pnvrekin.
Bi idei Andoni Olariagarenak, ez nautenak komentzitu testu honetan.
Bata:” Izan ere, gauzaezina den zerbait planteatzen duelako, lehenik eta behin. Izan ere, zein proposamen politikotan islatzen da «migratzaileek beraien herrialdeetan duintasunez bizi» ahal izatea?”
Gauzaezina? Inposiblea?
Gauzaezina al da bestelako nazioarteko harremanak non eta nazioarteko instituzioen bitartez kooperazio politikak sustatuko diren zor koloniala kitatzeko era gradualean garapen eta kooperazioaren bitartez?Gauza ezina al da bestelako Nazio Batuen Erakundea? Gauza ezina al da bestelako Mundu Banku eta bestelako nazioarteko garapen erakundeak?
Bigarren ideia:” Ezkerreko tradizioaren kultura emantzipatzaileak migrazioa errealitate gisa ulertu behar du, ez arazo gisa. Eta, hortik abiatuta, politika pragmatikoak garatu behar ditu, bai (jakina), baina ikusmira emantzipatzailea izango dutenak.”
Ikusmira emantzipatzaile eta antiarrazista batetik adierazten dut migrazioa fenomenoa errealitate problematikoa dela . Errealiatea bai. Arazoa ere bai. Erpin askotako arazoa. Eta hirugarren bat ere erantsiko nioke : erronka. Errealitatea – arazoa – erronka.
Metatutako arazoak eta garai hauetako arazoa.Historiaren bilakaeraz metatutako arrazismoa eta garai hauetan adierazten den arrazismoa .Kuestio sozioekonomikoa eta etikoa.
Euskal Herriaren askatasuna eta eraikuntzari dagokionez ta euskararen normalizazioari dagokionez, berdin . Arazotsua, problematikoa. Errealitatea , arazoa eta erronka. Hirurak.
Nire ustez funtsezko gakoa hemen dago.Politika arazoen konponketaren nolabaiteko praktika eta zientzia eraginkortasunez erabiltzea. Humanismoa, finean.
Nire ustez hori da ezkerrak duen erronkarik handiena hemen eta munduan . Politika eta ekimen kolektiboa arazoen konponbide eraginkorretarako tresna prestigiotsua bihurtzea.
Pultsioa utopikoa galdu gabe, azterketa historikoa gordinetatik abiatuaz, aldaketa gradualak eta demokratikoak sustatuaz herritarren gehiengo zabalen atxekipenaz.
Jatorrian ,hau da, herrialde pobretuetan ,konponketaren auzia planteatuaz- berplanteatuaz, eta destinuan, herrialde aberastuetan harrera ahal eta sen humanista handienarekin kudeatuaz.
Alde guztietako mugak kudeatzea arazoaren konponbide gradualaren bidean.Paradigma aldaketaren bataila.
Esperantza disziplina bat baita, etsipenari bataila gailentzeko.
Ba al dakizu, INEren proiekzioen arabera, kapital handiaren agenda immigrazioaren arloan gauzatzen bada, 50 urte barru Euskal Herriko biztanleriaren % 60-70 etorkina edo etorkin-jatorrikoa izango dela?
Are gehiago!
Erritmo honetan jarraituz gero, 25 urte barru bertakook gutxiengoa izango gara gure lurraldean (Etorkinen kopurua %1 areagotzen da urtero Euskal Herrian, eta jaiotza guztien %33 guraso etorkinen seme-alabak dira)
Eta hau guztia zertarako?
CEOE aberasteko?
Benetan merezi al du Euskal Herria desagertzea 4 kapitalista zikinen poltsikoak betetzeko?
Iturriak:
Espainian jaiotako biztanleak % 82 izatetik % 61 izatera igaroko dira 50 urte barru, eta hirutik batek 65 urte baino gehiago izango ditu
(INEren aurreikuspena).
https://www.elmundo.es/economia/2024/06/24/667939c7e85eced15d8b4583.html
Gipuzkoan, amen %33,5 atzerritarrak izan ziren, Araban %41,9 eta Bizkaian % 30,5
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/sociedad/2024/05/06/nacimientos-repuntaron-gipuzkoa-2023-crecieron-8198974.html
Generazio bakarrean euskaldunak gutxiengoa bihurtuko gara. Eta gure kontrako oldarraldia gero eta azkarragoa izango da: gero eta kanpotar gehiago egon, gero eta kanpotar gehiago ekartzeko neurriak bozkatuko dituzte. Gero eta neurri gehiago euskara baztertzeko. Eta aldi berean, gero eta gutxiago izan euskaldunak, gero eta neurri gehiago hartuko dituzte gure kontra: gutxiengoaren gutxiengoari ez diote inolako beldurrik edukiko. Aldaketa, bat batean etorriko da gu ohartu gabe ere – edo ohartu baino, panikatu gabe. Panikoa beranduegi sartuko zaigu, guztia galdua dagoenean.
Eta lagun: panikatzeko una orain da.
Tenplario, Beltza, oso ondo planifikatutako izua. Hau prozesatzen duenak gero ulertuko du dena.