Ordezkoaren zutabea (oharra: etxerako lanak jasoko ditugu)
Ordezkoaren zutabea –
Ordezkoaren bizitza bere izaeraren araberakoa da. Lan egin nahi duenarentzat gogorra, lanean dagoen arren ez dagoelako inon lanean, eta lantokira ohitu orduko ordezkapena bukatu zaio eta. Alpertxuagoa denarentzat, ordea, pagotxa da: ikastetxera joan, titularrak agindu duena betearazi, jaso, kobratu eta bye bye. Txarrena da, ziurrenik, Adam Brodyk Detachment pelikulan gorpuzten duen Henry Bathesi gertatutakoa. Alde batetik, umeek eredu bat izan dezaten sartu zen irakasle, baina, bestetik, harremana egin orduko hanka egiten du.
PREST! honetan idaztea egokitu zait titularrak huts egin duelako, beraz, bai, ordezkoa naiz. Halere, ez dut inoren eredua izateko asmorik, ezta konpromisoari bertigorik ere (berak bai beldurra dit, antza). Hori bai, ez dakidanez datorren zenbakian bajan jarraituko duen, eta zutabe honen izpirituari eutsiz, gomendioren bat utziko dizuet urriko goiz, arratsalde, ilun edo gau euritsuak kulturaz bete ditzazuen, edo, beste barik, aukeratzen ez dezazuen hainbeste denbora gal (nori ez zaio gertatu?): Tatxersen azken diskoa (Ezpatei distira!), Itoizen edozein kanta (beti Itoiz!), Dumasen Hiru mosketeroak (barruko ume abenturazalea ez baita inoiz joan), Perfect Days pelikula (Movistarren azpitituluak euskaraz daude) eta arestian aipatutako Detachment.
Ohi legez, irakasleak etxerako lanak jasoko ditu datorren klasean.
Laster arte edo, eta muxu/ besarkada bana!