Hizkuntzen arteko desberdintasunari aurre egin behar diogu

Hizkuntzen arteko desberdintasunari aurre egin behar diogu –

Hainbat eragile politiko, judizial eta sindikal aitzindari dira euskara eta gaztelaniaren eskakizunak parekatzearen kontrako borrokan; UGTk eta CCOOk honi buruzko hainbat demanda sartu dituzte auzitegietan. Borroka honen oinarritzat administrazioetan sartzeari buruzko ikusmolde benetan bitxia dute. Esaterako, Osakidetzan lanpostu jakin bat lortzeko medikuntza eskatzen da. Medikuntza Fakultatean ikasi ez dutenek ez dute horregatik inolako diskriminazio edo inposiziorik pairatzen; besterik gabe ez dute ikasi hartarako ikasi beharrekoa. Ez baitago administrazioetan lan egiteko eskubide unibertsalik, eta gaitasunik egokiena duen jendea aukeratu behar da. Haatik, Euskal Herrian logika honetan salbuespen bat egiten da, euskarari buruzkoa.

CCOOk eta UGTk eskatzen dute euskara jakiteko eskakizunak kentzea, baina bi hizkuntza ofizialak ezagutzea da abiapuntu bakarra herritarrak zerbitzua jasotzeko edo lan egiteko hizkuntza hautatzeko moduan izango badira. Hizkuntza bakarra jakiteak ezinbestean dakar berau erabiltzea eta beste bat mintzatzeko askatasuna galaraztea. Euskara ikas daiteke, baita medikuntza ere; baina hizkuntza ofizial bat, euskara, eskatzea, UGTren eta CCOOen aburuz baztertzailea da, eta medikuntza galdegitea, aldiz, ez. Argi dago, edonola ere, edozein sendagilek zerbitzu hobea eskainiko duela bere pazienteei hauek hautatu duten hizkuntzan hitz egiten badie.

Administrazioetan behin-behinekotasun maila izugarria da, eta urte asko dira milaka lagun lanpostu finkorik gabe ari direla lanean. Askok ez dakite euskaraz. CCOOk eta UGTk espainiar Gobernuarekin hitzartu zuten pertsona hauek beste hautaketa prozesu bat gainditu behar zutela egonkortasuna lortzeko; eskaintzen diren lanpostuen inguruko eskakizunen bat eskas izanez gero, lanik gabe geratzeko arriskua zuten. Eskakizun horiek era askotakoak izan daitezke, baina CCOOk eta UGTk, administrazioetako aldi baterako behargin guztiak arriskuan jarri ondoren, soil-soilik bat kentzea eskatu dute: euskara. Alabaina, kontutan izan behar da Europako Kontseiluak berak ohartarazi duela EAEko administrazioetako langileen % 11k besterik ez duela “euskararen ezagutza praktikoa”.

ELAren posizioa beti izan da langile horiek guztiak finkatu behar zirela, eta aldi baterako erregimen bat ezarri behar zela gaztelania besterik ez dakitenentzat, hartara euskara behar besteko sostenguarekin ikas dezaten. Erretiratzetik gertu daudenentzat, berriz, ELAk erabateko salbuespena nahi du. Baina CCOO eta UGT ez dira eskatzen ari langile elebakarrak salbuespen gisa finkatzea; aitzitik, galdegiten dute lanpostu askotarako hizkuntz-eskakizunak behin betiko kentzea. Hau da, normalizatu nahi dute soilik gaztelania derrigortzea eta zerbitzua euskaraz salbuespenezko bidetatik jasotzea.

Zer da salbuespenezko bide bat? Adibidez, auzitegi batean euskaraz epaitua izateko eskatzea, jakinik epaile gehienek ez dakitela euskaraz eta oso joera kontserbadorea dutela (euskararen kontrako epaiak ematen dituzten epaileak, Pedro Sanchezek ere kargu hartzen dienak), ondorioz bidezko epai bat lortzeko aukerak mugatuz. Edota larrialdietako mediku bati esatea euskaraz artatuko zaituen norbait behar duzula. Finean, kontua da nabarmentzea eta erabakiak hartzea oso badaezpadako egoeretan.

Biztanleriaren ia % 100ak ezagutzen du gaztelania, ezagutzea denentzat derrigorrezkoa delako. Berez ELAk administrazioetan euskararen inguruko eskakizun guztiak kentzea nahiko luke, gaztelaniarekin gertatzen den moduan; haatik, honekiko ere bada salbuespen oso esanguratsu bat: Beste nazionalitateetako jendeari gaztelaniazko C2 maila eskatzen zaio, lanerako behar ez badute ere. Euskal Filologia ikasi duen hendaiar batek ezin du Irungo ikastetxe publiko batean euskara irakatsi gaztelaniaz C2 maila lortu ez badu (hau da, eska litekeen mailarik altuena). Helburua argia da: Gaztelania izan behar da laneko ohiko hizkuntza bakarra; aldiz, euskaraz mintzatzea edo erabiltzea beti salbuespena izango da.

Horrenbestez, Administrazioan euskarazko eskakizunik ezarri behar ez izateko hizkuntza honek gaztelaniak dituen erreprodukzio mekanismo berberak izan beharko lituzke. Hizkuntz-eskakizunen aurkako borrokaren aitzindariak izan dira, hain zuzen, irakaskuntzan D eredua orokortzearen kontra agertu izan direnak, eredu hori izanagatik ere derrigorrezko ikasketa zikloa amaitzean euskara zein gaztelania ezagutzeko aukera bermatzen duen bakarra. Gero CCOOk eta UGTk esango dute euskara ikasteko aukera galarazi zaion jende hori diskriminatuta dagoela hizkuntza ez dakielako.

Elebitasun unibertsalerantz jotzea da berdintasunerako eta hizkuntz-diskriminazioen kontrako abiapuntua. Ezin da ontzat eman gaztelania izatea derrigor jakin beharreko hizkuntza bakarra eta, ondorioz, erabilera orokorreko hizkuntza bakarra. Eskubideak parekatzeko ezinbestekoa da euskararen eta gaztelaniaren estatusa parekatzea. Administrazioetan lan egiten duten guztiekiko eskuzabaltasuna, pazientzia eta malgutasuna beharrezkoak dira eta halakorik zor zaie, jakina, baina ezin dira normalizatu diskurtso supremazistak, euskaraz bizi eta lan egiteko aukera egin dugunon edo euskara ikastea erabaki dutenen diskriminazioa onartzen dutenak.

Hizkuntzen arteko desberdintasunari aurre egin behar diogu
Arg: krivitskiy
Hizkuntzen arteko desberdintasunari aurre egin behar diogu  Hizkuntzen arteko desberdintasunari aurre egin behar diogu  Hizkuntzen arteko desberdintasunari aurre egin behar diogu

ELAko Zerbitzu Pubikoetako Federazioaren Idazkari Nagusia

ELAko euskara arduraduna

Zer duzu buruan “Hizkuntzen arteko desberdintasunari aurre egin behar diogu”-ri buruz

  • Hizkuntza guziak ezberdinak dira, horrek ez du eztabaidarik, baina nire ustez hizkuntzen arteko desberdintasuna ez da ongi entenditzen. Uste dut beste molde egokiago bat bilatu beharra dagoela. Izan liteke hizkuntza parekidetasuna lortu beharra dagoela, edo garbiena, euskararen zapalkuntzari aurre egin behar zaio, baina neronek hizkuntzak ezberdinak direlako ez diot ezeri ere aurre eginen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude