Bizitza oroit dezagun

Bizitza oroit dezagun –

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.

80 urte beranduago, Alemaniako Gobernuak omenaldia egin zion erregimen naziaren aurkako erresistentziari, Adolf Hitlerren aurkako atentatuaren urteurrenean. “Stauffenberg Wehrmachteko ofizialari lagundu zioten gizon-emakumeek beren bizia arriskuan jarri zuten Hitlerren erregimena eraisteko” esan zuen Olaf Scholz kantziler federalak. “Beren sakrifizioak demokrazia defendatzera behartzen gaitu beti”. “Hilketa saiakerak huts egin zuen, baina balio moral handia du berez”, erantsi zuen Lambrecht Defentsa ministroak. “Kontzientziak lehentasuna izan behar du obedientziaren aurrean”, amaitu zuen.

Hainbat herrialdetan Francoren aurka edo nazien aurkako erresistentzia armatuan hildako herrikideak gogoratzen dituzte, Brigada Internazionaletan borrokara batu eta hil ziren boluntarioak edota Gernika batailoan Parisen sartu zirenak, espioitza lanetan ibilitakoak etab. Hil ziren eguna baino, zergaitia oroitzen dute, motibazioa, nor izan ziren, beraien ametsak.

Euskal Herrian etorkizunari begira jarriko gaituen herri kontakizun bat adosteko trabak handiak dira: zauri asko zabalik daude, aitortza falta, rebiktimizazioa, indar polizialen inpunitatea etab. Gatazka armatuaren ondorioz hildako pertsona guztien oroimenaren inguruko perspektiba aldaketa bat komeniko litzateke agian; heriotzari baino, bizitzari lotuago. Biktima, hildakoa, bizirik egondako pertsona izan zela oroitu, jaiotegunean edo beste data esanguratsu batean.

Badakigu noiz erail zituzten, baina ba al dakigu nortzuk izan ziren eta zeintzuk izan ziren gizarteari egindako haien ekarpenak? Jaio ziren egunean gogoratzea positiboagoa izan daiteke guztien memoria gordetzeko. Haien bizitza ospatzeak, heriotzaren unean bakarrik zentratu beharrean, ikuspegi eraikitzailea ekar lezake, beraien existentziaren balioa eta bizitzan eman zutena nabarmenduz.

Familientzat ere, hildakoaren urtebetetze eguna gogoratzea mina prozesatzeko modu leunagoa izan daiteke. Une positiboez hitz egiteko aukera eman diezaieke, arreta pertsona bakoitzaren onuren oroimenean zentratuz.

Bizitza oroit dezagun

1944ko urriaren 14an jaio zen Txabi Etxebarrieta Ortiz eta beraz, 80 urte beteko lituzke. Beste herrialde askotan omendua edo behintzat bere ekarpen antifrankista eta askatzailea guztiz onartua izango litzateke. 20 urte zituenerako bi poema liburu idatziak zituen eta zine-forum zalea zen Txabi gaztea oroitu nahi dugu; Eskolapioek bere gizatasuna nabarmendu zutena, Indautxuko akademia bateko irakaslea, Sarrikoko fakultateko literatura aldizkariko zuzendaria, fabriketara korbata jantzita baina konbentzimenduz langileak antolatzera zihoana; 22 urte zituenerako garaiko intelektualekin eztabaidatzen zuena, maitasunaz idazten zuen lotsatia, anaiaren eskutik ezker pentsamendua eta abertzaletasun garaikidea uztartu zuena, frankismoaren aurkako ETAren buruzagi karismatikoa… Gaur egun bizirik balego, Nerbioi ertzetik paseatzen imajinatzen duguna. 80 urte eta gazte. Oroit ditzagun bizitzak, bakoitzak oroitu ditzala nahi dituenak, Herri honen etorkizunak memoria guztiak behar baititu.

Bizitza oroit dezagun

Etxebarrieta Memoria Elkartea

3 pentsamendu “Bizitza oroit dezagun”-ri buruz

  • Ziripot Atzo

    Gogora dezagun ere Txabi Etxebarrietak erahila izan baino lehen erahil zuen Jose Pardines, trafikoko goardia zibila. Kontuan izan behar da orduko ETAkide horiei ikaragarri kosta egin zitzaiela odol hotzez hiltzen hastea. Baina lortu zuten, ideología batek, marxismo-leninismoak, eman zien laguntza, honi esker kristautasunaren bizitza sakratu izanaren aginduak gaindituz.

  • Zuhaitz Atzo

    Jakina baita, jakina denez, marxismo-leninismoaren aurkako kristau fededun zintzoek beti errespetatu dutela bizitzaren sakratutasuna. Eta mundu honetara beste masaila jartzeko etorri ginela.
    Biba ardoa!

  • Aitor S. Atzo

    Jakina José Pardines eta gertatutako guztia gogoan izan behar dugula. Baina are garrantzitsuagoa dena, gogora dezagun (Espainiako Erresumaren) legediak era aske batean idazten usten ez duen gai bat dela hau. Eta jakina Julen Orbea kartzelaratzea bezain erraza zaiela Zuzeu itxiaraztea aitzaki merke batekin. Beraz gai hau hobe ez eztabaidatzea gutxienez “terrorismoaren goratzea”ren lege hain lausoak bertan behera egon arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude