Beti berria den zinea, 47. Euskal Zine Bilera

Beti berria den zinea, 47. Euskal Zine Bilera –

  • Urriaren 16tik 21era ospatuko den jaialdiak kartel ofiziala aurkeztu du. Egitaraua, bere osotasunean, urriaren 10ean egingo den prentsaurrekoan emango da ezagutzera.
  • Belaunaldi berriak ikus-entzunezkoen alorrera gehiago hurbiltzea bilatuko du aurtengo jaialdiak, bertsogintzarekin loturak sortuz. 
  • Lehiaketako Sail Ofizialean 20 film labur arituko dira Urrezko Antzarra lortzeko lehian.
  • ATZO8 ekimenak ikus-entzunezko ondarea ezagutarazten jarraituko du.

Beti berria

47 urte beteko ditu Euskal Zine Bilerak, eta beste horrenbeste edizio. Euskarazko zinemaren erreferentziazko espazioa bilakatu Lekeitioko jaialdia, urtetik urtera, pausoz pauso, gurea den zinema sustatuz.

Sortu zenetik, harro egoteko erreferentziak lortu ditu Lekeitioko jaialdiak, euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena izanik. Euskaraz egindako zinearentzako topagunea hasieratik eta euskal ikus entzunezkoen erreferentziazko plaza 1978tik.

Zinema maite zuten gazte batzuek euskara arnastearen beharra sentitu zutenean sortu zen Euskal Zine Bilera. Aurtengo jaialdiak gazte horien begiradei keinu bat egin nahi dio, zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dizkiguten sortzaile gazteengana hurbilduz. Proiekzioak, solasaldiak, tailerrak eta, batez ere, euskarazko zinema izango dira jaialdiaren ardatza, bertsogintzarekin lotura berriak sortuz.

Lehiaketa. Sail Ofiziala

Jaialdiaren erdigunea Lehiaketako Sail Ofiziala izango da. 20 film labur izango ditugu Urrezko Antzarra lortzeko lehian. Horien artean lan ausartak eta berritzaileak aurkituko ditugu. Ezagutu aukeratutako lan guztiak zinebilera.eus atarian.

Filmek hurrengo sariak jaso ahalko dituzte:

  • Film onenaren saria – Urrezko antzarra eta 3.000 €
  • Zuzendaritza onenaren saria – Zilarrezko antzarra eta 1.600 €
  • Gidoi onenaren saria – Zilarrezko antzarra eta 1.600 €
  • Benito Ansola saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 1.000€
  • EITB Ikusleen saria – 750 €

Film, zuzendari eta gidoi onenaren irabazleak aukeratzearen arduradunak Ainara Elgoibar zinegilea, Martxelo Rubio aktorea eta Nerea Ibarzabal bertsolaria izango dira. Eta bai, bertsolaritzak ere protagonismoa izango du aurten. Euskal zinea eta bertsolaritzak bat egingo dute jaialdiaren hainbat alorretan, horien artean, Bertso-Zine gauean.

Beste sariei dagokionez, EITB Ikuslearen saria publikoak erabakiko du bere botoekin. Azkenik, 2000. urtetik aurrera jaioetako egileek Benito Ansola saria eramateko aukera izango dute.

Bertsotik bertsora

Aurtengo edizioak euskal kulturgintzaren alor bereiztu bat hartuko du ardatz bezala, bertsolaritza alegia. Eta horren adibide onena urriaren 18an, antolatuko den “Bertso-zine gaua” izango da. Bertan, Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariak eta Ainhoa Urien gai jartzailea izango ditugu zinemaren alorra jorratuko duten bertso saioan. Ekitaldia Sociedad Recreativan egingo da, urriaren 19an, 21:00etan. Sarrera mugatua denez, urriaren 8tik aurrera eskuratu ahal izango dira sarrerak zinebilera.eus orrialdean eta kultur etxeko harreran.

Atzo8

Egitasmo honek ikus-entzunezko ondare analogikoaren inguruan egingo du lan ZINE-LABekin elkarlanean. Urriaren 20an, egun osoan zehar, «Eskua eta Makina: Kamera estenopeikoa» lantegia egingo da eta arratsaldean eraikitako esperientziak performance formatoan proiektatuko dira. Lantegian parte hartzea dohainik da eta zinebilera.eus atarian dago izena-emateko formularioa.

Ekintza hauek eta gehiago hartuko ditu 47. Euskal Zine Bilerak. Egitaraua, bere osotasunean, urriaren 10ean, 17:00etan, Udaletxeko pleno aretoan ezagutaraziko da prentsaurreko zabal batean. Berri guztiak eskura izateko, sartu zinebilera.eus orrialdean!

 

Euskal Zine Bilera euskara hutsez egiten den ikus entzunezko jaialdi zaharrena da Euskal Herrian. Euskarazko zinema SORTUz, Euskararen zinema PARTEKATUz, Euskal Zinemagintza SARETUz...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude