Ikusi nahi ez dutenak

Ikusi nahi ez dutenak –

Iraitz Amor Pla, NAIZen.


Azken egunotako berria izan da Alex Sarduik eskainitako adierazpen «eskas» eta, egiari zor, erratu batzuen inguruan sortutako erreakzio eta kontraerreakzio sorta. Bakoitzaren sinesmen eta interesen eremuan sartzea harea mugikorretan erortzea bezala da: ez da erraza onik irtetea. Mundu guztiak dauka bere arrazoia eta inork ere ez dauka arrazoi osoa, funtsean zein forman.

Ikusi nahi ez dutenak
Arg: Azkue

Funtsari begiratuta, argi dago Sardui erratu egin zela musikan emakumeen aurkako diskriminaziorik ez dagoela esatean, egon badagoelako, ikusi duen ala ez berak soilik jakin dezakeen arren.

Formari dagokionez, berriz, uste dut kontuan hartzekoa dela adierazpen hauek prentsarako elkarrizketa batean emandako testuinguruan kokatzen direla. Enpatia minimo bat daukanak ulertu beharko luke horrelakoak modu espontaneoan, aldez aurretik prestatu gabe, ematen diren erantzunak izan ohi direla. Sarduiren kasuan horrela dirudi, baina hobe du bakoitzak bere iritzia sortzea, ahal dela jatorrizko elkarrizketa entzunez (Eldiario.es-ek argitaratutako audioa, euskaraz), nik behintzat desberdintasun batzuk nabaritu baititut honen eta gaztelaniaz argitaratu zen idatzizko artikuluaren artean. Edozein kasutan, bere hitzetatik ezin ondoriozta daiteke emakumeen kontrako erasorik burutzea zenik bere intentzioa.

Eta intentzioa funtsezkoa da.

Egoera horren aurrean zerbait esatea erabaki duen pertsona bakoitzak bere mezuen funtsari zein formari erreparatu beharko lioke. Askok irainez erreakzionatu du Interneten zein kalean, Sarduiren adierazpenak zein pertsona bera gaitzetsiz, edo jatorrizko artikulua idatzi zuen kazetariaren aurka erreakzionatuz. Guzti horien artean maila eta arrazoibide desberdineko mezuak aurki daitezke, baina irainaren eta zapalketaren eremuan sartzen direnek zilegitasuna galdua daukate zeinahi direla ere darabiltzaten argumentuak, zentzu batean zein bestean. Eta, Sarduirenaren kasuan ez bezala, erantzun hauek pentsatutakoak eta prestatutakoak dira (edo pentsatzeko aukera, behintzat, izan dute); ez dira espontaneoak.

Erantzun horien artetik nabarmentzekoa da Euskal Herriko musikagintzako emakumeek sare sozialetan zabaldutako komunikatua. Funtsezko argumentuan (musikaren munduan diskriminazioa badagoela) arrazoia izan arren, Sarduiren hitzen eta izatearen interpretazio bat egiten dute bertan. Interpretazio bateratu bat, horrelakorik posible balitz bezala. Deigarria iruditzen zait «ez dela jarri ere egin gure ahotsa aditzen» eta «ez du ezer ikusi eta ez du entzun, ez zaiolako interesatu» diotela, iritzi subjektiboak direnak, eta nola 150 pertsonak baino gehiagok egin duten bat hauekin, gauza jakina denean beraietako batzuek Sarduirekin kolaboratu izan dutela eta beharbada laguntzat ere izan dezaketela. Jakin nahiko nuke  ea pertsona horiek harekin harremanetan jarri ziren komunikatu bateratua sinatu baino lehen, segur aski sentitu zuten konfiantzarekiko zalantza argitu ahal izateko, eta ea, beraiek bai, Sarduiren ahotsa aditzen jarri ziren edo beraiei ere ez zitzaien hori interesatu.

Erreakzio bateratu horrekin batera, ez dira gutxi izan lintxamendu mediatikoaren gurdira igotzeko aukera galdu ez dutenak. Batzuek lintxamendu horretaz harro aitortu dute beraien burua, Sarduiren kontrako erreakzioekin gozatu dutela adieraziz eta lotsarik gabe esanez lotsa eta beldurra bandoz aldatzen ari direla. Pertsona horiek, gizon zein emakume, ez dihardute modu justuan kudeatzen beraien amorrua; uler dezaket beraiek pairatutako biolentziaren batean oinarritzen den amorru bat izan dezaketela barruan, baina ez da zilegi amorru hori benetan merezi ez duen turko-buru batengana desplazatzea. Pertsona hauek ere ongi jakin beharko lukete anonimotasunak zein talde-antolakuntzak bestearen aurrean kokatzen dituen posizioa pribilegioa dela, eta, beraz, botere hori justua eta neurrikoa den modu batean erabiltzeko erantzukizuna daukatela, zeren, horrela erreakzionatuz, beraiek ari dira erasotzaileak izaten.

Ez dut Alex Sardui pertsonalki ezagutzen, ez naiz Gatiburen zalea, baina ez ditut gogoko jarrera oldarkorrak eta biolentoak inorengandik, ez hitzez, ez ekintzaz, ez omisioz. Uste dut mundu guztiak daukala erratzeko eskubidea eta bere errorean ere errespetuzkoa eta bidezkoa den tratu bat jasotzekoa. Beti dago gauzak adierazteko modu hobeago bat, baina uste dut ez dugula ezer irabazten erreakzio biszeralekin, gurpil zoro batean elkarrekin haserretzera baino ez garamatzate eta. Indarkeria indarkeria gehiagorekin zapaltzen saiatzeak zentzurik ez badauka, are gutxiago erratuta bai baina intentzio txarrik aurresuposatu ezin dakiokeen sinesmen (eta pertsona) bat.

Gizarte feminista eta aurrerakoi bat izan nahi duenari ez zaio interesatzen barne gatazka antzu berriak sortzea; uste dut prestutasuna adierazten duten pertsonekin, haien hitz eta ekintzen ondorioz sentitutako kaltea eta indignazioa jakinaraztea ondo dagoela, baina gauzak modu lagunkoian konpontzen saiatu behar dugula.

Zurrunkeriak ez gaitu gerturatuko. Horretan ere, ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago.

Ikusi nahi ez dutenak  Ikusi nahi ez dutenak  Ikusi nahi ez dutenak  Ikusi nahi ez dutenak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

10 pentsamendu “Ikusi nahi ez dutenak”-ri buruz

  • Oso artikulu neurritsua. Halere, egileak oso modu biribilean botatzen du ideia bat, inolako argudiorik eman gabe: musikaren alorrean badagoela diskriminazioa. Hori hala da? Galdera zintzoa da. Nik neuk ez dakit erantzuna, ez dut mundu hori sobera ezagutzen, baina ez dut diskriminazio horren adibiderik inon irakurri afera honen bueltan. Askok aipatu dute emakumeak gutxiago direla musikaren munduan (beste sektore batzuetan gertatzen den bezalaxe), baina fenomeno horrek ez du zertan diskriminazioan izan behar jatorria, ezta? 150 sinatzaile horien idatzian ere ez da horren adibiderik edo pistarik ematen. Ondo legoke emakume gutxi izatearen eta diskrimniazioaren arteko korrelazioa argituko balute.

  • Ba niri ez zait oso artikulu neurritsua iruditzen.Neurritsua irudituko litzaidake musikan emakumeen aurkako diskriminazioren adibide bakar bat emango balu. Bat, batekin bakarrik konformatuko nintzateke. Jakina, Afganistan, Iran eta horrelako herrietako adibiderik ez, Euskal Herrian gertatutakoa mesedez.

  • Are gehiago idazlea oker dabil. Hau da nire tesia: Alex Sardui gizon zuri eta heterosexuala izango ez balitz, horrelako erantzun “feminista” jasoko luke?

  • Nik uste dut historikoki emakume musikari izatea zailagoa izan dela, baina ez dut adibide zehatzik ezagutzen. Badakidana da, gaur egun, emakume musikari izateak abantaila bat ere eman diezazukela zenbait espaziotan.

    Komunikatua sinatu zuen emakumezko elektrotxaranga batek. Ezagutzen ditut, eta badakit hasi zirenean, nahiz eta gehienek instrumentuetan esperientzia gutxi izan, hamarnaka dei jaso zituztela EH osotik, eta batzuk esplizituki onartu emakumezko taldea izateagatik deitu zietela.

    Badakit adibide batek ez duela irudi osoa egiteko balio, baina kontuan hartzekoak dira.

  • Mikel Haranburu 2024-10-07 13:48

    Ni gazte nintzela, eta Barricada sortu baino lehenago ere, bazen jendea nire inguru hurbilean musika jardueran hasten zena. “Kafarnaun” izan zen hor barrena zebilen talde bat, denak mutilak, eta geroxeago “Neron” izeneko beste saiakera bat, hiru mutil. Handik gutxira, eta Barricada bezala, Aurora Beltrán atera zen bere “Belladona” taldearekin (kasu: “Las mujeres y los negros primero” grabatu zuten, Wikipediak dioskunez), lau neska, 80ko hamarkadan. Gero, “Tahúres zurdos” taldea osatu zuen, eta urte parrastan ibili ziren musikan, hamazazpi bai gutxienez. Talde honetan hiruzpalau mutil, Aurorarekin.
    Orain berrogei urteko kontuak dira. Ni ez nintzen talde horien zalea, batere, baina haien ezagutza badut.
    Orain dela urte gutxi, iloba bat musika taldea osatu zuen lagun batzurekin, denak mutilak. Gutxi iraungo zuen taldeak, beste hamaika talde eta taldetxo sortu eta gero desegin diren bezalaxe.
    Ezagutzen dut beste talderen bat, musika ez-modernoan (hau da, klasikoan) jarduten duena, eta hor emakumeak zein gizonak badaude.
    Adibideak dira, ez ezeren froga sendoa. Eta ematen du nork bere bidea urratzen duela, emakumezko zein gizonezko zein bestelako. Alabaina, ez ditzagun gauzak nahas: inon egon zitezkeen diskriminazio horiek, Sarduiren begietan ere, zeri dagozkion argitu beharra dago, batez ere agiri solemne bat sinatzekotan. Ea musikaren alorrean jarduteari, ala besterik gabe gizarteetan ematen den bereizkeria egoerari.
    Alex Sardui musika jarduerari buruz ari zen; agiria sinatu dutenak… berek dakite, zeren eta musikan emakumezko gehiago egotea emakumezkoen esku baitago.
    Fenomeno bitxia da batukada modarena; talde gehien gehienak, duda askorik gabe, emakumezkoek osatuak dira, batukada musika kontsidera badaiteke. Areago, https://info7.naiz.eus/eu/info_i7/20170512/batukada-feminismoa-lantzeko-tresna emakumezkoen afirmazio gune bilakatu bide dira. Zergatik batukadak dira une honetan emakumezkoen esparru, eta ez heavy taldeak? Nork daki?

  • Sardui baino aurreragokoak dira emakumezko musikari hauek baina Leire Narbaizak idatzitako artikulu honetan emakume musikari aitzindarien oztopoak eta zailtasunak ondo argudiatzen ditu

    https://eibar.org/blogak/leire/lourdes-maite-estitxu-amaia

  • Eta gizon musikariek ez zituzten oztopo eta zailtasunak izan hala?

  • Mikel Haranburu 2024-10-09 14:56

    Ongi legoke kantari horien hitzak aditzea. Haiek ez bestek dakizkite artikuluan egiten diren galderen erantzunak. Dena dela, ez dut uste Amaia Zubiriak besteek izan bide zituzten oztopoak izan ez zituenik.
    Bingen Zupiriak ere ez zuen kantari karrera luzerik egin; eta Iñaki Eizmendik perla batzuk eman zituen eta gero bestelako zereginetara eman zen.
    Oztopoak oztopo, bai Lete, bai Idirin, bai gainerakoak, nekez jardungo zuten musikan profesionalki.
    Eta aitortzak direla eta, ea zein emakumek dituen gogoan Amaia eta Soledad kantariak, esate baterako. Eta Xabier Madina, eta Hibai Rekondo?
    Iritzi honek ez du deus handirik ekarriko, artikulu batek ere ez du dena azalduko, baina hamaika zehaztapen egin beharra izaten dugu beti…

  • Zenbat emakume ari dira Ukrainiako gerlan lehendabiziko lerroan? Zenbat miloi gizaseme hiltzen dira gerletan gainontzekoak babesteko? Eta ez etorri gero emakumeen gidatutako mundua ezberdina izanen litzateke,eta ez izanen zen, orain kristo guziak esaten duen moduan, akabo baldintza. Besteak beste, Tatxer, oso talde ona, Merkel, Victoria, enperatriz asko ezagutu ditugu. Eta zer hobeki egin dute? Deus ere ez!

  • Ez du argudio bakar ere ematen, uste ustelak baizik. Guzia hipotetikoa eta oinarrik gabea. Laboaren oinzoletara iristeko asko behar da, baina idaztea libre da, hauxe adibide garbia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude