Trenetik salto egin nahi

Trenetik salto egin nahi –

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.

Trenetik salto egin nahi

Egia esan, albistegi gutxi entzun ditut hilabeteotan. Tren horretako bidaiari ez nintzelakoan, neure buruari errepikatzen nion ez nuela tren horretara igo nahi. Alferrik, atearen kontra, baina, bai, neu ere banintzen bidaiaria. Ez da samurra izan trenean esnatzea. Esnatu naute zurikeriak eta teknologiaren ameskeriak, biek batera.

Alde batetik, halako batean, eta merkealdietan, onartu zen Natura Lehengoratzeko legea, han, Europan. Jarri dioten izenburua polita da, ezin ukatu. Halere, estatuek bete beharko dute mamiz haizez beteriko opila. Legearen helburuetan murgilduz gero, naturazaleak literatura atsegina topa lezake; esaldi batzuen doinua ezin atseginagoa da, sirenen kantu eztien antzerako melodia. Edozein kasutan, estatuek hala erabakita, zonalde batzuk lege horren aplikaziotik kanpo gera daitezke bi arrazoirengatik: defentsa nazionala eta energia berriztagarrien inplementazioa. Harrapazank Txiribiton!

Bestaldetik, irailaren 7ko egunkarian Zutikako nekazaritza izenburua zuen erreportajeak zur eta lur utzi ninduen; martxan egon arren, prest nengoen trenetik salto egiteko. Neikerrek Derion duen zentroan eraiki dute 50 metro koadro dituen espazio kontrolatua non landareak hazten dituzten hiru mailatan. Momentuz, landare usaintsuekin ari dira.

Ez omen dator nekazaritza tradizionalari kontra egitera; tomate hidroponikoak azaldu zirenean, aurkako ahotsek iragarri zuten lurrarekin lantzen den nekazaritza desagertu egingo zela, eta ez da hori gertatu. Honekin, berdin. Askatasuna behar ei dugu nahi dugun moduan lan egiteko, erosi ere nahi dugunean eta askatasunez.

Askatasunaz gain, abantailak baino ez dauzka, ikerlariaren arabera, apaletako nekazaritza futuristak: urte osoan zehar izango da uzta jasotzeko aukera, hamabost egunean behin jaso, eta, gainera, ekoizpena 50 aldiz handitu daiteke. Eta ez hori bakarrik, klima aldaketak dakarren ezegonkortasunak ez du eraginik izango, atmosfera isolatuan haziko baitira landareok. Ureztatze sistema automatikoa, argitasuna, tenperatura eta hezetasuna uneoro kontrolpean, baita CO2 isurketak ere. Izena ere abantaila: indoor vertical farmingBasque gehituz gero, txapeldun.

Neikerrek proiektu hau abiatu zuen ikusita enpresen artean interesa zegoela, merkatuan lehiakortasuna hobetzeari begira. Populazioaren hazkundeak eta klima aldaketak bilakatu dute egitasmoa premiazko. Helburuak bitan laburbildu omen daitezke: espazioaren erabilera optimizatzea eta ekoizpen jasangarria bermatzea.

Hemen hil naiz. Trenean bertan.

Ez baitzait jasangarri egin bi gertaeren konbinazioak sortutako ikara.

ARGIAn argitaratua

Trenetik salto egin nahi

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Zer duzu buruan “Trenetik salto egin nahi”-ri buruz

  • Kontuan izanik nekazaria/baserritarra izateko belaunaldi errebelo nahikorik ez dagoela, pestiziden erabilera, uraren gehiegizko erabilera, garraioa, elikadura burujabetza lortzea eta bestelako arazoak uste dut etorkizuneko nekazaritza horrelakoa izango dela.

    Dena ezingo da modu horretan ekoiztu (garia, mahatsa, olibak…), baina leku itxietan haz daitezkeen barazki eta fruituak intentsiboki horrela ekoiztuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude