A-tik B-rako bidean
A-tik B-rako bidean –
Gauza ugari gertatu dira amaitzen ari den uda honetan. Batzuk bereziki mediatikoak, hala nola Mocejongo umearen sastakatzea; hala nola, oraindik orain, Gisele Pelicotek biziriko infernua, amesgaiztoa. Hala ere, Jokin Peronaren heriotzak, pasatu den abuztuaren 6an, zirrara berezia eragin zidan; pentsarazi zidan. Batez ere nola suertatu zen jakin nuenean: bai, bizitza batzuek zorigaitzak jota dirudite. Eta ez, ez dut uste patua existitzen denik, baina bai, batzuetan, espazioak eta denborak bat egiten dutela dramatikoki: Ogasuneko foru diputatua buelta bat ematen ari zen bizikletaz semearekin eguneko une eder eta okerrekoenean. Hango bizilagunak, Jokin harrapatu zuen gidariari jazo zitzaiona ulertarazteko, guztiz ados daude: «Mendebaldera begiratzen duten 200 metro baino ez badira ere, ilunabarrean, 21.15etik 21.30era, gutxi gorabehera, 10 edo 15 minutuko epean, eguzkiak erabat itsutu egiten zaitu istripua gertatu zen puntu zehatzean».
Gertaera horiek burura dakarkidate Eduardo Sacheriren “La noche de la Usina” liburua; hain zuzen ere protagonistaren kotxeak banaketa kamioi baten aurka izandako talka hilgarria deskribatzen den pasadizoa. Orri horiek ikastetxean planteatzen zizkiguten problemak gogorarazten dizkidate une batez: «Bi hiri, A eta B, 234 kilometrotara daude. A-tik autobus bat atera da B-rako norabidean eta, aldi berean, B-tik tren bat irten da A-rako norabidean. Zein puntutan…?». Ariketa mota hori matematikatik gustatzen zitzaidan gauza bakarra izan zen lerro horietan zientzia zehatz hori literaturaren eremura gerturatzen zelako.
Kasua da Sacherik maisutasun bikainez ebazten duela: narrazioko bi ibilgailuak ere Buenos Airesen eta Connorren arteko tokiren batean halabeharrez topo egitera bideratuta daude, baina idazleak abiadurari hainbat faktore gehiago gehitzen dizkio. Euriak, gainerako ibilgailuen mugimenduak, inguruneko gorabeherak eta horietako bat gasolina hartzeko gelditzeak domino-efektua eragiten dute: Perlassi gixajoak SanCor-go garraiolari horrekin tupust egiten du bideko leku zehatz horretan. Ez ehun metro aurrerago, ezta hamabost zentimetro atzerago ere. Ez, justu patuak finkaturiko gune horretan bertan.
Bai, gauza asko gertatu dira amaitzen ari den uda honetan. Batzuk bereziki mediatikoak; hala nola Getxoko familiak Tanzanian izandako istripuarena: bihurgune itxi bat, egundoko aldapa, esperientziarik gabeko txoferra, goizaldeko ihintza; hala nola Solingengoa: ziur aski biktimen patua aldatu egingo zen berandutze xume batekin, semaforo bat gorri egon izan balitz, bidean lagun batzuekin topo egin izan balute edota jaialdira beste kaleren batetik iritsi izan balira. Hala nola bi gazte bilbotarren atxiloketarena Venezuelan: Madurorekiko krisialdi bete-betean, opor-egun batzuk Puerto Ayacuchon.
«Kepak eta Nekanek bi kilometroko tartea egiten dute egunero elkar ikusteko. Kepa arratsaldeko 6etan irteten da A-tik, 3 km/h-ko abiaduran, eta Nekane, bere bikotekidea baino askoz maiteminduago dagoenez, bost minutu lehenago ateratzen da B-tik, 5 km/h-ko abiaduran. Zer ordutan elkartuko dira? Ez, ez dut uste patua existitzen denik, baina bai, batzuetan, espazioak eta denborak bat egiten dutela; batzuetan okerreko lekuan okerreko unean gaudela, A-tik B-rako bideko kilometrorik korapilatsuenean. Eta ez dakigula.
En fin.