Baina zuk, ba al dakizu zerbait?

Baina zuk ba al dakizu zerbait? –

Galdera hori egin dit afiliatu batek nire bulegoan sartzean. Auzi juridikoetan filtro lanak egiteaz arduratzen naiz. Bada, nire bulegora sartu eta ez nau agurtu ere egin. “Egun on”, ezta “Kaixo” ere. Sartu eta jarraian bota du: “Eta zuk, ba al dakizu zerbait?”

Ez da lehenengoa eta, zoritxarrez, ez da azkena izango. Dirudienez, ni bezalako emakume bat ikustean, hau da, jatorri atzerritarra, gaztea, azal beltzarana eta azentu desberdina duena, afiliatu batzuek uste dute zalantzan jarri dezaketela nire balioa, baita sindikatuak eskaini didan lanpostuan aritzeko nire gaitasuna ere.

Lehengo lanpostuan gauza bera gertatzen zen. Behin kristalezko bulego batean eserita nengoen beste afiliatu batekin hitz egiteko zain. Garai hartan, Zerbitzuak federazioko arduraduna nintzen, eta, besteak beste, eskualdeko garbikuntza sektoreaz arduratzen nintzen. Sarreran zegoen lankideak deitu zidan. Afiliatu bat galdezka ari zen ea nor zen garbikuntzako arduraduna. Sar zedila esan nion. Sarrerako lankideak azaldu zion non nengoen. Bada, jira eta bira ibili zen nire mahaiari begira. Agurtzen saiatu nintzen, baina alde egin zuen; itzuli eta berriro urrundu zen. Nire lankidearengana bueltatu zen eta esan zion ez zuela arduraduna aurkitu. Berak azaldu behar izan zion ni neu nintzela arduraduna.

Bi adibide baino ez dira, baina “ezkutuko edo isileko arrazakeria” islatzen duten beste pasarte asko kontatu ditzaket. Arrazakeria mota hori ulertzeko, iceberg baten irudiari egingo diot erreferentzia. Izotzezko mendi bat da, itsasoan flotatzen dago, eta haren zortziren bat baino ez da uretatik irteten. Hau da, %88 inguru ezkutuan dago edo ikusezina da. Icebergaren antzera, arrazakeriaren ehuneko handiena isilekoa da, subkontziente kolektiboan sartuta dago, batzuetan eraso zuzena da; beste batzuetan, zeharkakoa. Modu inkontzientean sortzen da, pribilegioak betikotzeko helburuarekin. Kasu honetan, pribilegio zuri, maskulinoa eta heteropatriarkala.

Dirudienez, arrazializatutako pertsonei (batez ere emakumeei) espazio bat, okupazio bat eta ezaugarri jakin batzuk esleitzen zaizkigu, eta estigma horrek diskriminazio eragiten du. Badirudi pribilegio ikusezin horiek naturalak direla, onartu behar ditugula. Ondorioz, arrazakeria normalizatu egiten da gizartean. Gauzak horrela, hegoalde globalean sustraiak ditugunok ezin dugu kualifikazio, edo erantzukizun altuko lanposturik bete. Antzeko egoerak bizi izan dituzte beste emakume arrazializatu askok, eta hala partekatu dugu hainbat solasaldi eta topaketetan. Hortaz, bizipen kolektiboak dira, bizi dugun mundu arrazistaren egituraren parte.

Mekanismo arrazistaren ondorio gaiztoetako bat da hezkuntza eta lan-testuinguruetako pribilegioak normalizatzea, eta ondorioz, pribilegio horiek betikotzea. Beraz, zenbait ikasketa, prestakuntza, gaitasun eta lanpostu pertsona zurientzat daude erreserbatuta.

Horretaz guztiaz ez zara jabetzen zuk zeuk lehenengo pertsonan bizi arte. Gauza bera gertatzen da gizonak ez direnean jabetzen emakumeok jasaten ditugun indarkeriaz, haiek ez dituztelako jasaten. Era berean, ez bazara pertsona arrazializatua, ezinezkoa da erabat ulertzea nola bizi dugun diskriminazio eta indarkeria mota hori.

Honen aurrean neure buruari galdetzen diot: zer egin dezakegu mekanismo arrazistaren partaide eta konplize ez izateko? Autoanalisia egin daiteke pribilegio horietaz jabetzeko? Denok geure gain hartuko bagenitu pribilegioak ikusarazteko erantzukizuna, kapazagoak ginateke pribilegio horiei aurre egiteko, eta ondorioz, gizarte justuagoa eraikitzeko?

Baina zuk ba al dakizu zerbait?

7 pentsamendu “Baina zuk, ba al dakizu zerbait?”-ri buruz

  • Niri ere, nire lanpostuan, horrelakoak sarri aurpegiratu dizkidate, eta gizon zuri kaukasikoa nauzu. Ondoriorik??? Orduan, ni ere biktima naiz???

  • Tenplario Beltza Orain dela 3 ordu

    Gaixoa benetan. Diskriminazio itzela da hau. Ez aurten hil diren 40 bat langileak bezala… horiek gizon pribilegiatuak ziren.

  • Naiz eta nolabaiteko arremana izan, aurreiritzia eta arrazakeria ez dira gauza berdinak. Eta jarri dituzun adibideaz aurreiritziarekin lotuta daude. Eta aurreiritziarekin amaitzea ia ezinezkoa dela deritzot. Mohammed eta marokotik datorrela? Ba ziuraski musulmana izango da eta ez du euskaraz jakingo. Badakit ez dela horrela izan behar baina gizakiak orokortu egiten dugu.

  • 2022an ia 89.000 emakume eta neska hil zituzten nahita, azken bi hamarkadetan erregistratutako urteko kopururik handiena bihurtuz.
    Mundu osoko 48.800 emakume eta neska inguru hil zituzten euren bikotekideek edo familiako beste kide batzuek. (Batez beste, 133 emakume edo neska baino gehiago hiltzen zituen egunero beren familiako norbaitek).
    Mundu osoko homizidio gehienak gizon eta mutilen aurka egiten diren arren (%80 2022an), emakume eta neskei neurrigabe eragiten diete etxeko indarkeria homizidak: etxean hilketen biktimen %53 gutxi gorabehera eta biktimen guztien %66 dira. bikotekideen hilketak.
    https://www.forbes.com/sites/ewelinaochab/2024/09/15/rebecca-cheptegei-and-the-many-women-killed-globally/
    https://focus2030.org/Gender-inequality-around-the-world-in-2024-special-report

  • Erroia haz ezak, begiak dedezak

  • Emaiok aterpe gaiztaginari, bera dukek salatari

  • Ez dago inolako mekanismo arrazista edo arrazismo egiturarik. Jendeak aurreiritziak ditu, norbere edo besteen esperientzian oinarrituak. Hori da giza-garunak (arraza guztietako gizakienak) naturalki egiten duena, edozerrekin. Honek ez du justifikatzen, eta norberak lan egin beharko luke aurreiritzi hauek minimora eramateko.

    Baina, pertsona zuri batek beltz bati zerbait egitean arrazagatik dela pentsatzea ez al da aurreiritzia?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude