Adimen artifiziala: aukera berria euskararentzat

Aukera berria euskararentzat –

Adimen Artifiziala (AA) nabarmen ari da eraldatzen gure egunerokoa ez ezik, enpresetan lan egiteko zein enpresen elkar eragiteko modua ere, Adimen Artifizialean oinarrituta sortu diren tresnen bitartez edo-eta hizkuntza teknologia baliatuta lantzen ari diren garapenek eraginda. Espero izatekoa da, gainera, datozen urteotan gero eta eraldaketa ikusgarriagoak sortzea.

Aukera berria euskararentzat
Arg: Geralt

AA erabiltzen duten zenbait tresnek ohiko jarduera errepikakor eta balio gutxikoak automatizatzeko gaitasuna izanik, pertsonak zeregin estrategikoetara bideratzeko aukera ematen du; produktibitatea hobetzeko eta balizko arazoak aurreikusteko lagungarria izan daiteke eta, gainera, datuetan oinarritutako erabakiak hartzea ahalbidetzen du, produktuak zein zerbitzuak bezeroaren beharretara egokitzeko aukera eskaintzen duelarik; bezeroen arretan ere lagungarria da, ohiko kontsultak laguntzaile birtualen bitartez kudeatzeko aukera eskainita esate baterako edo, itzulpen automatikoaren bidez, maila globalean hedaturik dauden enpresen komunikazioa kudeatzen laguntzen du, besteak beste.

Enpresak eraldaketa sustatzen ari dira, eta hasita daude egoera berriari erantzuten. Aukera berriak sortzen ari dira, bai eta erronka ugari ere, lan-indarra egokitzeari eta formatzeari, edo lankidetzak lantzeari eta teknologian inbertitzeari dagokienez.

Hizkuntzen esparrura etorrita, Adimen Artifiziala modu esanguratsuan erabiltzen ari da enpresen barruan hainbat hizkuntza kudeatu behar direnean, batez ere maila globalean jarduten duten edo hainbat eremutan ordezkaritzak dituzten enpresetan. Itzultzaile neuronalak, laguntzaile birtualak eta hizkuntza prozesatzeko tresnak, komunikazioa eta eduki eleanitzen kudeaketa errazten ari dira. Gureari erreparatuta, adituek adierazitakoa aintzat hartuta, euskarazko hizkuntza-teknologiak beste hainbat eremu aurreratuetara eramateko gai gara. Ibilbide oparoa egin da, eta hizkuntza hegemonikoetatik oraindik urrun egonagatik, beste hainbat hizkuntza gutxituk eta estatu-hizkuntza askok ez duten oinarri teknologikoa dugula esan daiteke.

Nire kezketako bat da honek guztiak nola eragingo dion euskararen biziberritzeari, Adimen Artifizialaren garapenak nola eragingo dion norbanakoon eta enpresen hizkuntzaren kudeaketari. Hizkuntza teknologiaren inguruan gertatzen ari den garapenak aukera ematen du ingurukoek gu ulertzeko eta guk ingurukoak ulertzeko, nahiz eta beste hizkuntza batean hitz egin, itzulpen eta transkripzio sistemen bitartez. Gure kasuan, honek esan nahi du euskara lehenesteko aukera dugula, teknologiei esker, euskaraz ez dakienak ere aise ulertuko baitu. Horrenbestez, euskaraz aritu nahi duten era guztietako enpresen kasuan, izugarrizko aukera zabaldu da. Adimen Artifizialaren garapenak lagundu dezake enpresetan eta alor sozialean euskara gehiago erabiltzen. Baina arriskuak ere baditu; izan ere, makina batek euskarazko edukiak sortu, eta beste hizkuntzetakoak euskaraz egoki ematen baditu, euskal hiztunen beharra gutxitu egingo da. Alegia, zertarako ikasi euskara, teknologiak ahalbidetzen badu beste edozein hizkuntzatan sortutakoa euskaraz ere ondo emango dela? Horregatik, funtsezkoa da ikerketa, garapena eta berrikuntza euskaraz eta euskaratik bultzatzea eta babestea, euskarazko jatorrizko edukien sormena eta ekoizpena sustatzea, funtsezkoa da ulertzea AA tresna osagarria izan behar dela, eta ez ordezkoa. Funtsezkoa da, halaber, herritarrak sentsibilizatzea euskararen balio kultural eta historikoaz, komunikazio-tresna gisa duen funtzionaltasunaz harago. Hizkuntzek informazioa transmititzeaz gain, identitatea, historia eta kultura ere transmititzen dituzte. Teknologiarekiko gehiegizko mendekotasunak lausotu egin dezake balio hori, hizkuntzaren giza erabilera aktiboki zaintzen ez bada.

Nola erantzuten ari dira erakundeak eta enpresak AAk behar duen jauziari? Euskal Herriko datu zehatzik ez badago ere, BAICen arabera, enpresen % 10 ari omen da adimen artifiziala erabiltzen Euskal Autonomia Erkidegoan. Aukera egonda ere, enpresa askok ez dute baliatzen, beharra ikusi ez dutelako, ezagutzen ez dutelako, orain arteko funtzionamenduari eutsi nahi diotelako edo nola egin behar duten ez dakitelako… Nola heldu behar diogu AAk ekarri digun aldaketari eta etortzeko dagoenari? Nola baliatu aukera euskararen erabilerari onuragarria izan dakion? BAICek argitara emandako AA industrian aplikatzeko gidan ez da hizkuntzen kudeaketari buruzko aipamenik ageri, eta esango nuke bere ekarpenetako bat izan beharko litzatekeela euskararen aldagaiari erreparatzea eta horri estrategikotasunez heltzea.

Euskara planekin gertatzen den bezala, euskararen erabilera aro digitalean sustatzeko politikak, plangintzak eta inbertsioak behar ditugu benetako jauzia gerta dadin. Enpresei azaldu behar zaizkie Adimen Artifizialaren eta hari esker eratorritako hizkuntza teknologian gertatzen ari diren aurrerapenen onurak eta aukerak. Tresnak ezagutarazi behar dira eta enpresen eskura jarri. Euskal Herrian baditugu ereduak eta primerako profesionalak erronkari heltzeko.

Aukera berria euskararentzat  Aukera berria euskararentzat  Aukera berria euskararentzat  Aukera berria euskararentzat 

Euskaltzalea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude