Kritika Zinematografikoa: “Beetlejuice Beetlejuice”

Kritika Zinematografikoa: “Beetlejuice Beetlejuice” –
Kritika Zinematografikoa: "Beetlejuice Beetlejuice"

Zuzendaria: Tim Burton
Urtea: 2024
Herrialdea: AEB

Kritika Zinematografikoa: "Beetlejuice Beetlejuice"-Eutsi dio, Burtonek-

Beetlejuice (Tim Burton, 1988) film arrakastatsu eta gogoangarriaren unibertsora itzultzeko irrikak gerturatu nau zinema-aretora, Goonietarren eta Juanba Berasategiren mundu zoragarrien baimenarekin, zinemagile estatubatuarraren iruditegiak kendu baitzidan loa nire garai koskorrean. Koloretsua, erabat nahasia eta infinituki apurtzailea, gogoan dut lehen ikustalditik harrapatu -eta ikaratu!- ninduela ‘heriotzaren ondorengoaz’ ari zen ikuspegi zoro horrek.

Bada,  1998ko lan haren jarraipen gisa aurkeztu duen honetan, zuzendariak sasoi betean dagoela erakutsi du, eta halaxe egin dute ere bere esanetara berriro elkartu diren Michael Keaton, Winona Rider eta Catherine O’Hara protagonistek. Haiekin batera, Justin Teroux, Monica Bellucci, Jenna Ortega, Willem Dafoe eta Dani DeVito errepikaezinak. Berriki ospatu den Veneziako Mostraren 81. edizioan izan du filmak mundu mailako aurkezpena, handikiro inauguratu ere bai, eta desengainuaren beldur denaren zuhurtziaz jarraitu ditut publikoaren lehen erreakzioak.

Bada, astebeteren bueltan iritsi zait niri ere filmean murgiltzeko aukera: Zer ekarpen egin ziezaiokeen 80ko film berezi hari, non exorzistak ez zituen mamuak akabatzen, bizidunak baizik? Ba, egia esan, dezentekoa. Zuzendariak jatorrizkoaren esentzia mantendu du guztiz, garaiko diskurtso, iruditegi eta tonu artisauari esker, baina, era berean, printza garaikideak gehitu dizkio istorioari, berezko duen modu ironiko eta dibertigarrian larrutu dituenak.

Hala, Conneticuteko herri oraindik gentrifikatu gabean bikote hil berri baten etxea okupatu zuten aberatsen eta espekulatzaileen familia hartatik emakumeak bakarrik geratzen dira. Ezusteko familia-tragedia baten ondoren, Deetz familiako hiru belaunaldiak Winter Riverrera itzuliko dira. Beetlejuicen oinazea agerikoa da oraindik Lydiaren bizitzan, eta are gehiago harrotuko da bere alaba nerabe errebeldeak, Astridek, hiriaren maketa misteriotsua ganbaran aurkitu eta haraindiko ataria nahi gabe zabalduko duenean.

Bi erresumek pilatzen duten arazo mordoarekin, denbora kontua da norbaitek Beetlejuicen izena hiru aldiz esan eta deabru bihurria itzularaztea… Eta horretan, bikaina berriz ere Michael Keaton, bilau kutsu trakets, zikin, matxirulo eta koinatua gorpuztearen zereginean. Lydia protagonistarekin maiteminduta dago oraindik, eta aukera berri hau probestu nahi du emakumearen arreta berreskuratzeko.

Alderdi guztietara, filma Tim Burtonen unibertso propioa helmuga duen bidaia zoro bat bezala sentitzen da, gotikoa, groteskoa eta umoretsua nahastuz. Ukaezina da maisu izaten jarraitzen duela gure munduaz haraindiko atmosfera erreproduzitzerako orduan, bere estetika gehiegizkoarekin eta bertan bizi diren izaki estrafalarioekin. Baina, hortaz harago, bada filmean energia bat, bizitasun bat, Burtonen lanetan aspaldian ikusi ez dudana, bere sustraietara itzuli eta irudimena aske uztearen ilusioa berreskuratu izan balu bezala. Eta horixe da, hain justu, filmari bilatu diodan ahuldura: nostalgia bainuaz erruz gozatu badut ere, gutxiegi aldatu den filmaren muina ez bezala, nire lilura beste bat da egun. Aldatu naiz, eta mustroak ez nau gehiago mugitzen: gehiago eskatzen diot.

Eutsi dio, Burtonek. Baina nik ez hainbeste.

.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

.

Kritika Zinematografikoa: "Beetlejuice Beetlejuice"

Kritika Zinematografikoa: “Beetlejuice Beetlejuice”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude