S.O.S. Palestina
S.O.S. Palestina –
Nazioartera begira, egun desatseginak izaten ari dira. Zailak. Tristezia eta amorrua neurri berean (handian) sentitzekoak. Etorriko denarekiko, hurrengo berriekiko beldurra. Errealitate gordinak susmo txarrenak ere gainditzea. Behin eta berriz. Egunez egun. Modu ezin anker eta injustuan.
2023 amaieran, Illinois hirian (USA), 71 urteko “gizon” batek 6 urteko haur bat erail zuen, 26 labandaka emanda. 6 urteko umea! 26 labankadarekin! Soilik palestinar jatorriko familia batekoa izateagatik! Ez dut topatzen (nik uste ez dagoela) halako gertakari bat eta eragindako mina deskribatzeko hitzik…
Ez naiz aditua Ekialde Hurbileko aferetan. Baina komunikabide, alderdi politiko eta botere-gune askotatik errealitatearekin bat ez datozen errelato, argudio eta interpretazioak errepikatzen ari zaizkigula ikusten dut. Israelen krimen eta sarraskiak zurituaz bezala.
Hala, datuetan oinarrituz, argudio interesatu eta desitxuratu hauek agerian utzi nahiko nituzke:
“Gatazka 2023ko urrian piztu zen, Hamas-en erasoaren ondorioz”.
Palestina eta Israelen arteko gatazka ez zen 2023ko urrian hasi. Eta ez zuen Hamas-ek egindako erasoak piztu. XX. mende hasierara jo behar da bere jatorria ezagutzeko. 75 urte baino gehiago atzera egin behar da palestinarren aurkako jazarpen, zapalkuntza, okupazio eta umilazio sistematikoaren hasiera topatzeko. 2023an bakarrik, urria baino lehen, 237 palestinar erail zituzten Israeldarrek (batez beste eguneko pertsona bat), horietatik 50 haurrak. Hamas sortu baino hainbat hamarkada lehenago, jada gatazka bere gordintasun guztian existitzen zen; Hamas gatazkaren sortzailea baino, gatazkaren ondorioetako bat da.
“Hamas eta Israelen arteko gerra bat da”.
Ez da bi alde berdinen arteko guda; baliabide ugari, armada indartsu bat eta potentzia handien erabateko babesa duen estatu bat, defenditzeko ia aukerarik, mediorik zein babesik ez duen herri oso baten aurka urte luzez aplikatzen ari den genozidioa, garbiketa etnikoa baizik. Askotan aipatu izan den “tankeak harrien kontra”. Gatazkan hil den israeldar bakoitzeko 20 palestinar izan dira erailak (2008tik 2023ko iraila arte 6.407 palestinar eta 308 israeldar). Eta gatazkaren hasieratik bi aldeen arteko arrakala hori etengabe handituz joan da.
“Israelek, biktima bezala, defenditzeko eskubidea du”.
Israel da 1948tik etengabe palestinarrak erasotzen eta apartheid erregimena aplikatzen ari dena. Eta eraso horiek etengabe jasaten ari direnak Palestinako herritarrak dira. Ondorioz, biktima izendapena eta defenditzeko eskubidea, existitzekotan, palestinarrek eduki beharko lukete. Nola uler daiteke 75 urte erasoak burutzen ari denak bere burua biktimatzat azaltzea eta defenditzeko eskubidea aldarrikatzea? 1948tik 6.000.000 palestinar errefuxiatu eragin dituzte Israelen erasoek. Israel ilegalki palestinarrei lurrak kenduz eta koloniak eraikitzen joan da, palestinarrak euren lur eta etxeetatik kaleratuz. Legez kanpoko harresiak eraiki dizkiete, mugitzeko eskubidea ukatu diete… Guztia inpunitate osoz.
“Israel Hamasen puntuak, kokaguneak soilik ari da erasotzen”.
Israelen erasoak ez dira Hamas-eko kideetara mugatzen; batez ere, eta modu intentzionatu batean, Palestinako zibilen aurka jotzen dute. Honen erakusle garbia da ospitaleak, anbulantziak, eskolak, etxebizitzak, okindegiak, GKE/ONG-en egoitzak… bonbardatzea. Urriko erasoetan Israelgo estatuak guztira 4.400tik gora hildako eta 14.000 zauritu eragin zituen soilik lehen 10 egunetan, horietatik ia denak zibilak, eta %70 (bai, 10etik 7) haurrak, adinekoak eta emakumeak. 6.000 bonbatik gora jaurti zituen Gazara. Gutxienez 55 familia oso-ororik erail zituen. 20 langile humanitario zein kazetariak ere erail zituen. Eta 1.400.000 pertsonek Gazako euren etxeetatik alde egin behar izan zuten. Eta ordutik hona, zifra hauek handitu besterik ez dira egin, sarraskia eta basakeria eguneroko bilakatuz…
“Israelen helburua Hamas taldearekin amaitzea da”.
Aurrez aipatu datuak ikusita, Hamas taldearekin baino, palestinar guztiekin akabatu nahi duela ondorioztatu daiteke. Eta urriko ofentsiba hau, xede hori lortzeko aspalditik martxan duen estrategiaren beste pausu bat dela. Bonbekin eta tiroekin erailtzen ez dituztenak, gosez, egarriz edota sendagai faltagatik erailtzen ari dira…
“Israelek bakea nahi du”.
Israelgo estatuaren estrategia, lehen unetik, indarkeria, erasoak, gerrak izan da. Eta gatazka konpontzeko egin diren Bake Akordio denak hausten, kasurik ez egiten eta nahi duen guztia egiten aritu da. Nazioarteko legedia urratu du etengabe, NBE-n ebazpenak apurtu… Eta egungo gobernu sionista ultraeskuindarrarekin egoerak okerrera besterik ez du egin. Gazan animaliak bizi direla, eta animalien tratua jasoko dutela esan du Israeldar ministro batek. Hortxe euren bake estrategia.
“Herrialde batzuk Israel babesten dute eta beste batzuk Palestina”.
Oso desorekatua da batzuk eta besteek duten nazioarteko babesa ere,kuantitatiboki zein kualitatiboki. Munduko potentzia handienek (AEB, Europar Batasuna) Israelen ekintza denak zuritzen dihardute, euren negozioek zein interes ekonomikoek, geopolitikoek gidatuta. Dena onartzen eta justifikatzen diote Israeli. Oraingoan, Israelekin harremanak eten beharrean, Palestinarako giza laguntza blokeatzea izan da erantzuna. Non geratu dira duela gutxi beste eraso batzuren aurrean azaldutako jarrerak eta erasotzaileari jarritako zigor eta betoak? Garbi dago ez dela begiratzen ZER egiten den, NORK eta NORI egiten dion baizik…
“Bi aldeek dute erantzukizuna eta bien artean konpondu behar dute gatazka”.
Egoeraren erantzukizun nagusia genozidioa aplikatzen ari denarena, hots, zapaltzailearena, dela ezin da ezkutatu. Horrenbestez, Israelengan jarri beharko litzateke fokoa, eta euren eraso den-denak amaitzea exijitu berehala.
Gaza infernu bat bilakatuta zegoen urria baino lehen ere, 2006tik Israelek jarritako blokeoa medio. Aire libreko munduko espetxe handiena bezala ezaguna da, non bizirautea beste aukerarik ez duten hain espazio txikian bizi ziren 2.000.000 pertsonek, erdiak haurrak. %45etik gorako langabezia tasa, %65a pobrezia egoeran… 2023 amaieratik gaur egun arteko eraso ikaragarri hauek eta gero, ezin dut irudikatu hango egoera…
Horrenbestez, Israelgo estatuak gerra krimenak eta gizateriaren aurkako ekintzak egiteari utzi behar dio. Haurrak eta errugabeak hiltzeari utzi behar dio, behingoagatik. Nazismoaren biktima nagusi izandakoen oinordekoak, faxismoaren adibide garbien bilakatu baitira.
Palestinarrek existitzeko eskubidea dute. Eta bakean bizitzeko eskubidea.
Eta nazioarteak du(gu) giltza: begiak itxi eta isilik mantentzeari utzi behar dio(gu), behingoz. Bestela, Illinoiseko ekintza latz horrek, Israel eta Palestinarren arteko gatazkaren metafora izaten jarraituko du. Hots, 71 urteko gizon armatuak, 6 urteko haurren aurka.
Noiz konturatuko da jendea (Ekialde hurbilean eta hemen) israeldar hiritarrak hiltzea ideia txarra dela?
Israeldar hiritarrek Palestina usurpatzeari uzten diotenean, akaso?
Erabat ados haseran diozun gertakariaren astakeria mailaz, ez dago hitzik nazkagarrikeria hau definitzeko.
Hori bai, denok dakigu horrelako gertaeren %99a zer norantzatan doan.
Norbaitek dudarik balu…. honek ez du inondik inora ere beste %1aren basakeria justifikatzen.