Dakienak badaki, eta ez dakiena primeran, baleki bezala
Dakienak badaki, eta ez dakiena primeran baleki bezala –
Gizakia ezin da egiari bizkar emanda bizi. Argi dago. Egiarik ez balego, eta berorrekiko hartutako nolabaiteko jarreratik biziko ez bagina, akabo dena, gureak egina luke, denak egina luke. Gerora, zer nola darabiltzagun egia horiek, zenbat duten egiatik beraiek eta zenbat ifrentzu gisa-edo, gezurretik, hori besterik da. Egiarako dago hortaz gizakia egina. Are, inoizko batean-edo, bizitzarako egiatzat hartzen dugun hori azkenerako gezur huts-hutsa, guztiz, izanik ere, berorrek, egiazkotzat dugun aldetik, eutsiko dio nolabaiteko funtzionaltasun bati. Egia praktikoa izan behar zaigu. Horregatik ez gaude, ebolutiboki, biografikoki, edota nortasun-izaeraz egia guztirako prest; horrexegatik behar dugu tamainan jaso egia, askotan egi-egia, egia hutsa praktikoa ez zaigulako.
Egia, dena den, eta aurreko artikulu batean esanda moduan, gain-baloratua dago, oso. Eta nondik eta edukitik dago gain-baloratua, hau da, diogun hori guztiori eta solik hori egi-egiazkoa delako ustea dugun aldetik. Bestalde, baina, egia oso infra-baloratua dugu, guztiz gutxietsia, erdi bazter utzirik ez bada. Eta nondik dugu, infra-baloratua? Bada, egia dena delako horrek (gerora, egia, erdi-egia, edota egiatik inondik ere deus izango ez duen hori), gurean, geure bizitzetan, gure gizartean, gure erabakietan… hartzen duen garrantziari dagokionean. Hemen, bateko, den-denok uste eta guztiz sinetsita gaude uste dugun hori, guk uste dugun hori, hori egi-egia dela, nahiz-eta gerora egia ez dela existitzen lau haizetara defendatzen arituko garen atergabe, paradoxikoki; baina, besteko, eta hau ere paradoxikoki, uste eta sinetsita gaude geure bizitza ezein egiatik libre eta aske dela, hau da, itxuraz hain irmo uste dugun “horrek”, halako batean gure ohakabera igarota-edo, gurean, gure bizitzaren zein egunerokoaren nondik norakoan ez duela ezertxo ere ebazten.
Bada, ez batean, ez bestean, gabiltza zuzen. Batetik egiatzat dugun hori, hain irmo uste izanda ere, ez da horren egiazkoa. Eta, bestetik, egi-egia edo batere ez den uste potolo gure horrek asko ere asko agintzen du geure bizitzen norabidean. Egiati, oso egiati gabiltza, are gezurrarekin ere zenbait eta zenbaitzuetan. Beldurgarria? Baliteke, agian beldurgarri bezainbat erreala.
Egia eta gu elkarreganakoak gara, elkarrenganakoak baina betiere jaki eta ogi izatera ailegatu gabe. Atrakazio-erakaragarritasun nolabaiteko bat dugu elkarren artean, baina, distantziatik, kontua tamainan eramate batetik. Egiarekiko, egiaren bueltan, antolatu behar ditugu geure bizitzak, biziko bagara. Bizitzak markatuko digu baina, ur sakon, ez horren sakon edota azalekoetan sartu behar ote garen. Onartu edo ez, inkontzienteki ziur asko, badugu sumarik egia huts potzoloek berekin dutela ikara eta beldurra. Sumaz besterik ez balitz ere, bizitzatik dakigu egia ez dela betiere aise ezkontzen bizitzarekin eta bere eskakizunekin. Bizitzak balio dion hori behar du hasteko eta bat, baina, non gauden eta zer-nolakoak garen, egia hutsa gehigitxo izan lekiguke.
Kontuak honela izatea ez genuke apo-apoan hartu behar. Lasai hartuko beharko genuke kontua, gure aurreko belaunaldi guztiek hartu zuten bezalaxe. Bizitzak zehaztuko digu tamaina eta bidea. Ibilian-ibilian bizitzatik jakinaraziko zaigu noiz gauden egia gehiagorako edo handiagorako pronto, eta noiz ez; hartara, mintzo zaigun bizitzak berak irentsiko eta integratuko du bere baitan egia-koska berri hori; bizitzak “bizitzaratuko” du berak berorrek baimendutako egia-maila.
Bien bitartean, gezurraren edo ez-egiaren dosi egoki bat ezinbesteko dugu. Hau guztiau maila kolektiboan mintzo izanda. Izanez ere, beti izango dugu “gelako aurreratu samar bat” oraindik gordin, berdotz eta irenstezein zaigun egia hori (guretzat oraindik etorkizun) hauteman-ezagutzeko prest-pronto egongo dena, goiztiar aurreratuegi batto. Egia, den den, esaten den horri dagokio, eta, kasurako, “hau honelako eta honelakoa da” badiogu, egia izango da baldin-eta soilik baldin esandako horrek eta seinalatutako horrek guztiz bat egiten badute. Esatearen egokitasunean datza, hortaz, zerbait egia izan edo ez. Kontuak horrela, beraz, aho itxian gezurrik ez (agian ezta egiarik ere!). Bada, aipatu aurreratuxe horrek agian hobe luke isildu, hobe luke prest ez dauden belarri zulo horietarako momentuz isilik egon, edo, hitz egitekotan, egin dezala bere bizitzak hitzik gabe. Esandako honen harira, oso adierazgarria dugu tao-a zer ote den horretaz Tao Te Ching-ek dioskuna: “ezagutu duena isiltzen da eta mintzatzen denak ez du ezaguketan”. Amaitze aldera, niretik zera-edo gehitu: egia potoloez ari garela, baietza ezetza da, eta ezetza ez dakigu…
Dakienak badaki
Gai interesgarria bezain putzu sakona, Igor.
Nik ez dut uste gizakia egiarako egina dagoenik. Esango nuke hitzerako dagoela egina. Eta egiak hitzaren gaineko botere nahia adierazten duela, hitzaren jabetza nahia.
Egia hitzaren menpeko da, hitzen multzoko azpimultzo. Ideia bat da, uste bat. Ez da bakarrik egia osoa jakin ezin denik, dena pasatzen baita gure zentzuen filtrotik, gure nerbio sistematik, gure eskema kognitiboetatik. Egiarik ere baden ere ezin dugu jakin, azken batean. Ideia bat da, uste bat. Gezurrak bai, existitzen dira. Asmazioak ere bai. Baina egia? Ados egiarako grina batek bultzatzen gaituela, baina hitzaren gaineko jabetza nahiak eraginda. Azken batean, bai baitakigu egia lortu ezina dela.
Baina egia nahi horrek badu oztopo bat, dena bere menpe eduki nahi horrek badu ezintasun bat, hitzaren menpeko delako, hain zuzen ere. Egiaren ezina da hitzaren eremutik kanpo gelditzen dena bere menpe hartzekoa. Iluna, ixila, hila ezin ditu egiak bereganatu.
Eta hortan datza kosmosa: hitzaren eta hilaren arteko dialektika sorgin horretan. Egiari beti iheska. Beti estraperloan. Beti ilargipeko akelarrean. Beti sasian.
(Har bitez hitz hauek solas-jolastzat)