Zer diote euskal atsotitzek egiari buruz?
Zer diote euskal atsotitzek egiari buruz? –
Egiaren gainean jardun nuen aurrekoan. Ez zaizkigu errazak egiarekikoak. Egia hor dago, gure zain, erru orbanik gabe, gure zain-esperoan. Gogorra, baina, izan dakiguke, gogorra eta irentsgaitza bere osoan eta gordinean. “Ez-egiaz” nahasia edo urardotua jaso beharko dugu hortaz egia, tamainan, onik iraungo badugu. Sekulan ez gara egia osorako pronto-prest egon, egungo egunean ere ez. Eta sekula guztian halaxe izango da. Geure izaerarekin doan kontua dugu.
Gaurko lerro hauetan geure euskal esaera zaharrek, geure atsotitzek, zer dioskuten ikusi nahi dut, zer dioskuten egiari buruz aurreko artikuluan esandakoaren harira, eta ikusi noraino edo noiz egiten duten bat, eta noiz, aldiz, ez diren han esandakoarekin irizkide. Noan, hortaz, esaera horietan barrena, ea zer topatzen dudan…
Hasteko eta bat, egiarekikoan zuhurtzia aitortu behar zaio euskaldunari, zuhurtzia egiari buruz duen jarreran. Ez baitu uste izaten erraz aurkitzen dugunik egia, ez eta dosi txikietan aurkitzen dugunetan; “egia, argi igeskorra laño lodien artetik”, esango zaigu. Halarik ere, dosi txikietan balitz ere, gorputzarentzako mineral esentzialak antzo (potasio, magnesio eta beste… bezala, ezinbestekoak gorputzarentzat baina betiro dosi txiki-txikietan), behar-beharrezko, ezinbesteko, dugu egia; horren harira, “egia, arimaren ogia”, esaten digu atsotitz batek. Dosi txikietan, eta egia ez den “horrekin” batera nahasia maizenean, eta horretara, “egia, bakan garbia ez, maiz nahasia”. Batzuetan nahasia dagerkigu egia, gezurrarekin edo “ez-egiarekin” nahasia, nahiz-eta bestetzuetan, aldiz, egia “bilutsik agertzen da”.
Aipatu beharrezkotasun horrekin loturik-edo, euskaldunen ikusian, zera ere du egiak, indar handia, aldaketarako indar handia. Egia boteretsua eta ahaltsua da eta horregatik esan ohi da “bi zangoz dabilela, eta gezurra batez”, azkenerako beti nagusitzen dela, garaile ateratzen dela, ezen “luzaroan egi guztiek jakiten dire” eta “egiak guzurrei jarraiten diela”. Hortik segitzen da “denborarekin egiyak bere buruba azalduko duela”, edo “egiak argia izatea lagun”. Horrexegatik ere diosku esaerak, “egia, arma zorrotza” dela, eta baita “egia, askorentzat txarra” dela ere, “askoren erregarria” dela, edota, bestela esanda, sarritsutan, bazter nahastailea, “bazterren erregarria” dela aitortzen denez, eta, alde horretatik, “deusek eztuela akitzen gizona, nola egiaren erraiteak”.
Egia zerbait serioa omen da euskaldunon ikusian, gauzak onbideratzen dituena, “egia, beti xuxen” dela aitortuaz, onbidean jartzen gaituena, “abilezia handiena” denez nor bakoitzarentzat.
Zerbait serio eta onbideratzailea dugu egia, “egiak sasiak erretzen dituen aldetik”. Halere, beretik segitzen dena ez da beti errazbidea eta berari lotzeak askotan adiskideak galtzera eraman gaitzake; “egia erran eta adixkidea gal”. Horregatik, agian, egoerak egoera, “egia ez da beti erraiteko un”, eta “egi guztiak ez dira esan behar” edo “ez dira on erraiteko” eta hori dela-eta “egia guztixe iñok ezteu esaten”. Bateko, egiak onbidean kokatzen gaitu, baina, besteko, geuk ere, geurez, egiari lotzeko konpromisoa hartu beharko genuke beti, eta, hori dela-eta, “on da beti egia non-nai esatea”. Egiari lotu beharra aldezten da, berau guztiz gomendagarria delakoan, guztiz onuragarria delakoan, ezen, “egia motz bat hobe, guzur luze bat baño”.
Esateko modukoa izan edo ez dena delako egia hori, asko-askotan “egia ez da erraiteko aise”, besteetan beste, egia “latz eta garratz”, “latz eta labio” delako. Egia aditzea ez da beti kontu goxoa, eta horregatik esan ohi da “egiak arrosak bezala xixtatzen duela”. Egia gogorrak esatea zailsko izan dakiguke, baina askoz zailago gehienetan berauek aditzea eta horregatik “egiak gaitzitzen (haserretzen) duela” esan ohi da, “min emaillerik aundiena dela”. Dena den, hori horrela ere, aukeran, beti hobe egiari lotzea ezen ez gezurrari: “egiak xistatzen, gezurrak larrutzen”.
Aipatu zailtasuna tarteko, “egia mozkorrak eta aurrak erraten dute” errazago-edo. Horregatik hain justu gomendatzen da egia gogorren bat esan behar izatekotan “irri barrez esatea”.
“Egiarekin bakarrik ez duk inor bizi… Ez politiko, ez enpresario eta ezta eskalerik ere”, zioskun zuzen onez Iñaki Segurolak. Bada, horrekin bat eginez-edo zera diosku atsotitz jarraiko honek: “egia hutsakin, bide gutxi”. Oro har, euskaldunon iritzirako gezurra eta egia ez daude sekulan parean. Alabaina badaude gezurra egiaren aurretik aintzat hartzen duten euskaldunak, “egiak baño, gezurrak geiago balio du”.
Dena den, gehienetan, gure egunoroko egunerokotasunean, egiari lotzea ez erraza, ez zaila dugu. Askotan, egiari zor, egia bera mintzo zaigu, bistan dagoenari ezin bizkarra eman diogun aldetik; ehun praile, berrehun potro, “egia, sudurraren ondoan begia”. Askotan, egiak, gure laguntzarik batere gabe ere, “bere bidea egin behar du” (“egiak eta urak beti beren bidea egiten dute”). Gu gabe egiten du bere bidea egiak maiz askotan, eta “ez du aterik hautsi behar”, “aise sartzen den aldetik”. Egiak bere bidea egiten du, bere bidea, “bi biderik ez duelako”. Bere bidea indartsukiro egiten du egiak, ez dagoelako egon “egiaren indarrari eutsiko dionik”, azkenerako berorri hesi jarriko dionik ez dagoelako.
Ikuspegi zabal eta aberats samarra eskaini digu euskal ahozkotasun jakinduriak egiaren gainean. Orain, egiarekikoen aurkezpenari buru emate aldera-edo, neuretik zera eratxikiko nuke nik: Segurolarekin esanda, argi dago, ez dago inor ere egia hutsarekin bizi daitekenik, baina, halere, lasai asko har dezakegu kontua, ezen, azken finean, guk nahi edo nahi ez, egia, bere bidea eginez, agertuko zaigu, agertuko zaigu berandu baino lehen, berandu baino lehen behar den dosian eta moduan.
Igor Goitia