Apoa jan

Apoa jan –

Udan gure auto-exijentziaren atalasea lausotu egiten da, baita irakurketak aukeratzeko ere. Horixe nire aitzakia aitortzeko tartetxo bat eskaini diodala auto-laguntzako esparruan sartzen den Brian Tracyren Eat That Frog! 21 Great Ways to Stop Procrastinating and Get More Done in Less Time izeneko liburuari. Nire defentsan esango dut, bada, newsletter baten bidez heldu zaidala eta laburpenaren laburpenarekin nahikoa izan dudala.

Apoa jan
Arg: Caleb Putnam

Mark Twain idazleak behin esan zuen apo bat jan behar baduzu, onena goizeko lehen orduan egitea dela, hortik aurrera dena gozoagoa egingo zaizulako. Herri-jakintzak dio kosta egiten dena azkar egitea dela onena, behin gainetik pisua kenduta bidea ordeka lasaia irudituko zaizulako. Bada, ez da oso bizkorra izan behar aipatutako metodoaren tesia aurresateko: eztarrian trabatuta geratzen zaizkizun zereginak albait azkarren burura eramatea gomendatzen du, ahal dela, laneguneko lehen orduan.

Tracyren arabera, metodoaren giltzarria da “apoa” identifikatzeko orduan zure buruarekin zintzoa izatea, eta horretan laguntzeko, erraz ulertzen den definizioa ematen du: aurrera egiteko ezinbestekoa dela jakin arren, beldur zarelako saihesten duzun zerbait, bete gabe utzi duzula ohartuta gaizki sentiarazten zaituena.

Horrexek azaltzen du, adibidez, zer gertatzen den hilabetez hilabete atzeratzen joaten garen erabaki horiek guztiekin, edo izango duten eraginari beldur diogulako sekula une egokia aurkitzen ez duten horiekin. Astunak edo deserosoak egiten zaizkigun elkarrizketak, eta-edo barru-barruan lurrikara eragingo dutelako beste une baterako uzten ditugun topaketak, guzti-guztiak, inguruan zalaparta handiegia eragiten duten apoak dira, eta ikasturte hasierarekin batera etxe guztietan dugu, neurri baten edo bestan, apo-festa.

Norberak jakin behar du zein den bere apoa, zein tamaina duen, zein zapore, eta zergatik ari zaigun inguruan jauzika, korroka eginez etengabe.

Prokastinazioaren gakoetako bat da hori eta haren binperra, berriz, adituek “gainkarga kognitibo” deitzen dutena: ataza-zerrenda luze bati aurre egin behar dionean, gure garunak informazio-saturazioa izan dezake, eta gainezka egitean, antolaketa ganoraz egiteko eta erabakiak modu eraginkorraz hartzeko gaitasuna galdu egiten du. Sweller psikologoak 1988n erakutsi zuenez, eskaera kognitiboek eskura dagoen gaitasun mentala gainditzen dutenean zereginak antolatzeko eta gauzatzeko eraginkortasuna nabarmen murrizten da. Horren arabera, hurrengo egun edo asteko zerrendan behin eta berriro kokatzen ditugu zeregin horiekin zer gertatzen den galdetu behar diogu gure buruari lantzean behin (edo urtean behin, behintzat). Eta erantzun zintzoa bilatu.

Bizitza planifikatzea ahalegin alferra dela jakin arren, behin eta berriro saiatzen gara, bereziki egutegiak hasiera-marka erakusten digun gai hauetan. Bada, ikasturte berriari ganoraz ekiteko, hurrengo egun eta astetako zereginak zerrendatu ditut, ohi dudan moduan: kolorez bereizi ditut, lehentasunen arabera, eta paperean zein sakelakoan ditudan aplikazioetan sartu ditut, alerta-modu desberdinak gehituta egun eta lan bakoitzeko. Dena prest daukat, beraz eta ekin egingo diot… huts egingo dudala erabateko ziurtasunez. Izan ere, apo-dantza handia dabilkit inguruan.

Bikiak

Apoa jan

Kazetaria. Idazlea lantzean behin. Enpresa-komunikazioa, berrikuntza, dibulgazioa eta poesia lantzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude