Uda da… oraindik ere

Uda da… oraindik ere –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Sorpresa onarekin baina ere kezkaz beterik legegileetako hauteskundeekin abiatu genuen udari dagokion etenaldi politikoa orain dela bi hilabete. Sorpresa onez ustekabeko ezkerreko indar politikoen arteko batasuna lortu eta araberako emaitza paregabeak lortu baitziren eskuin muturraren mamua, tarte batez behintzat, gibelean utziz. Eta, horrekin, uda, hein batean, gure lurraldean lasaitasun zerbaitekin gozatzeko tarte bat eman digu.

Uda da… oraindik ere

Uda laster batean amaitutzat ematen ahalko dugu eta horrekin heldu zaigu sartze politikoa eta bistan dena mugimendu abertzaleari dagozkigun erronkak. Mugimendu abertzalea ez delako sekula etenik gelditzen. Baina lerro hauekin ez natzaizue heldu zuen ondoko asteetako agendaren berri ematera. Heldu natzaizue Itziar Ituño aktore bizkaitarrak –orain jada nazioartean ospetsua– , bizkaieraz, Bilboko jaietan euskara plazara zabaltzeko egindako deia nabarmentzera.

Atara zure euskera anitza eta koloretsua plazara. Gure arima hiltzen uzteko bezain odolgaldua ez izan. Euskerak emoten digulako munduan leku bat”, zabaldu du Ituñok. Bernat Etxeparek orain dela bostehun urte egin zuen jada hizkuntza plazara jalgitzeko beharraren deia. Bostehun urteko aldea, eta oraindik ere hitz berak baliaturik hizkuntza zabaltzeko, babesteko eta indartzeko beharra ahaztu ezineko zutabe bezala ageri zaigu. Alta zutoi hori Ipar Euskal Herrian aitzina egiten ari diren hainbat borrokatan bigarren mailako zerbait bezala ageri zaigu. Arazoa ez dator horretan lanean dihardutenek ez dutenik bultzatzen, edo, hizkuntzari dagozkion eremuetan ez denik goraipatzen, edo, herriko bestetan barnealdeko bide nagusietan jarriak diren egitarauaren berri ematen duten paneletan euskara baliatua ez denik.

Ituñoren hitzek Plazara elkartearen webgunean irakur daitekeen aldarria gogora ekartzen digute: “Euskara erdigunera ekarri nahi dugu, ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izateko gisan”. Asko egin da euskararentzat. Baina, oraindik ere bidea dago egiteko euskara erdigunean kokatua izateko. Ate bat irekitzen ari zaigu, beharbada, eskola elebidunetatik guztiz euskaldundurik atera ez diren gazteengandik. Han eta hemenka ikusten baitira berriz ere euskaltegien bidea hartzen euskara berreskuratzeko, eta horrekin hizkuntzari dioten atxikimendua erakusten digute. Hala ere egoera horrek erakusten digu ere hizkuntzaren transmisioaren parte handi bat ziurtatzen duten eskoletan ez dela beti nahi den moduan euskalduntzen, hizkuntzari atxikiak diren gazte horietan frustrazio zerbait eraginez. Euskara erdigunean jartzeko edo plazara ateratzeko dagoen xede horretan aldarrikapen berriak asmatu beharko dira ziurrenik. Eta gogoeta prozesuan ezinbestekoa dirudi euskaldun berri gazte belaunaldi horiek eta, orokorkiago, euskaldun berri guztiak integratzea. Erronkak anitzak dira Ipar Euskal Herrian eta euskara erdigunean kokatu behar hori nagusienetariko bat da. Beraz ea lortzen dugun sartze politiko honetan, euskarari “behar duen tornuia” ematen.

Uda da… oraindik ere

Euskal monetako langilea, Euskoa alda.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude