Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu

Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu –

Gure historian, bertze hainbat herriren historian bezala, aurkitzen dugu gizarte harremanen antolaketa horizontala, tokian tokikoa eta denen beharrei erantzuten laguntzeko modukoa. Bizimoduen industrializazioaren ondorioz, gizarte harreman horien praktika gehienak desagertu dira, baina zorionez horien memoria eta muina ez dira desagertu. Burujabetzak eraikitzeko lagun gaitzakete, baldin eta iraganaren nostalgia elikatu baino etorkizuneko nostalgiaz baliatzen bagare.

Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu
Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak.

David Graeber antropologoaren azken aurreko liburuan (“Guziaren egunsentia”, David Wengrow arkeologoarekin batera idatzia eta 2020an argitaratua) gizarte goiztiarrak deskribatzen dituzte, eta gizarteen eboluzioaren narratiba nagusiena berraztertzen dute. Bereziki, gizateria milaka urtetan antolaketa zentralistarik eta zapalkuntza sistemikorik gabe bizi izan zela erakusten dute.

Gizarte egitura zaharrak

Gizarte harreman tradizionalak edo horien arrastoak ehunka adibideren bidez erakusten dituzte, horietarik batzuk Euskal Herrian kokatuak. Horren bidez deskubritu dut Marcia Ascher matematikariaren lan bat, titulu bereziki deigarria duena: “Berdintasunak zer erran nahi du? – Euskal ikuspegia” (jatorrizko bertsioan “What Does Equality Mean? – The Basque View”). Bitxiki, matematikaria izanik lan etnologikoa egin zuen, hain zuzen hainbat kulturatan kontzeptu matematikoak nola hezurmamitzen ziren gizarte harremanetan. Gurean, berdintasuna zer zen eta berdintasunak nola etxeen arteko harremanak egituratzen zituen aztertu zuen. Zehazki, lan horretan deskribatzen ditu Xiberoko Basabürüan auzo arteko hainbat ohitura, baina handik harago toki askotan ere zabalduak zirenak. Norbait hiltzen zenean, haur bat jaiotzen zenean, etxaldean maila aski handiko lan bat egin behar zenean, egoera guzi horietarako arauak bazeuden, ea nork zertan eta nola lagundu behar zuen zehazten zutenak. Lehen auzoa zen etxe batetik eskuinaldean bizi zena, bigarren auzoa ezkerraldean zena eta hirugarrena bigarrenaren ezkerraldean zena. Arauetan, lehen auzoari eskatzen zitzaiona ez zen bigarrenari eskatzen zitzaion berdina, heriotzaren inguruan adibidez Mikel Duvertek ikertu zuen bezala. Lehen auzoak betebehar gehiago zituen, eta berak bere lehen auzoari behar izanez gero berdin eskatuko zion. Antzeko antolakuntza bazen ogi benedikatuari zegokionez: etxe batekoek ogia lehen auzoari ematen zioten, eta ondoko astean lehen auzoak bere lehen auzoari, eta abar, hasierako etxera itzuli arte (ehun etxe egonez gero, ia bi urte irauten zuen). Antolakuntza horretan berdintasuna denen artean bazen, denak inguru baten parte ziren heinean eta inguru horretan denak laguntza eta betebehar berdinak zituztelako. Baina berdintasuna ez zen harreman indibidualetan neurtzen, (“nik ematen dizudanak zuk ematen didazunaren berdina izan behar du”), baizik eta komunitatearekiko harremanetan.

Berdintasun horrek bi baldintza zituen: ingurua eta aldizkatzea. Inguruan komunitate bat izatea, zirkulu bat osatzen zuena (hots hasierarik eta bukaerarik ez zuena), eta zirkulu horretan zehar laguntza hurrenez hurren ematea.

Baserriko lanari buruzko arauek, bereziki, plangintza zehatza behar zuten: nork bere etxean laguntza beharko zuten lanak prestatzean, inguruko bertzeen lanak kontuan hartu behar zituen. Horretan ere ez baitzitzaion gauza berdina eskatzen lehen auzoari, bigarrenari edo hirugarrenari. Pierre Clastres antropologoak erakutsi zuen bezala, hainbat herritan laguntza emate horietan elkarrekikotasuna ez zen inoiz bi kideren artean soilik, baizik eta kide bat eta bere inguruaren artean beti. Hori ziurtatzeko, betebeharrak antolatuak ziren hain zuzen bakoitzak zehazki zenbat laguntza eman eta zenbat jaso zuen jakitea ezinezkoa izan zedin. Funtsean garrantzitsua ez baitzen hori, baizik eta inguruari lotua jarraitzea, zirkuluan laguntza pasarazten jarraitzea.

Eta gaur egun zer?

Antolakuntza horiek horizontalak ziren, tokian tokiko eta behetik eraikiak, denen beharrei erantzuteko: ez zegoen inor bertzeen gainetik, ez zegoen jauntxorik bertzeei zer egin behar zuten errateko (elizak pisu handia izanik ere, ez zituen sistema horiek eraldatu edo bereganatu). Horregatik David Graeber eta David Wengrowek antolaketa zentralistarik eta zapalkuntza sistemikorik gabeko antolakuntzetan sartzen dituzte adibide horiek, munduan eta historian zehar existitu diren bertze hainbat bezala. Etxeen arteko oinarrizko antolakuntza horretatik, nahiko errexki irudikatzen da nola egitura horiek hurbileko gobernantza sistema zaharrak moldatu zituzten: biltzarrak, juntak edota foruak ere tokian tokiko, horizontalak eta behetik eraikiak ziren. Baina horrez gain, edo hori baino lehen, antolakuntza zahar horiek egunerokotik abiatzen ziren, horren bitartez inguruari lotua izatea eta zirkuluan laguntza pasaraztea biziaren erdian ziren, horretaz ohartu gabe ere. Praktika horiek biziaren hainbat arlotan zabaltzen ziren, gizarte harreman mota politiko bat sortuz (lehen erran bezala horizontala, tokian tokikoa eta behetik eraikia), baina inolako teoriarik gabe.

Halere, gaur egun ohitura horietarik asko desagertu dira, eremu urbanizatuetan lehenik, baita laborantza gehien industrializatu den eremuetan ere: Iñaki Caminok Amikuzeri buruz deskribatu duen bezala, bertako auzolaneko eta elkar laguntzako ohitura zaharrak bertako (h)eskuara erabiltzen zuen azken belaunaldiarekin batera desagertzen hasi ziren. Urruñan, ohitura horien azken adierazpen bat ikusi nuen ehorzketa batean, zeinean lehen auzoak zuen gurutzea eraman elizatik hilerrira. Geroztik ohartu nintzen lehen auzo hori aspaldiko lehen auzoa zela: bitartean bi baserrien artean etxe gehiago eraiki ziren, baina etxe berri haiek ez ziren laguntza zirkuluan txertatu, haietan ez zen laboraririk bizi, haietarik gehienetan udatik aparte ez zen inor bizi ere, are gutiago tokiko ohiturekin loturarik zuen inor. Lapurdiko kostan ere, bertako euskalkiaren hizlariekin batera desagertzen joan dira ohitura horiek. Zer sortu dugu horien ordezkatzeko? Zer gehiago sortzeko gai gara?

Denen mundua eskuetan berriz hartzea

Ohitura horiek desagertu dira neurri handi batean gizarteen industrializazioaren eraginez, eta jendeen mugikortasun handiagoaren eraginez. Nola biziarazi praktika horiek, ezin bazen – edo oraino ezin bada – herrian lan egin eta bizitzen jarraitu? Nola praktika horiek ezagutu kanpotik etorriz gero, tokikoek berek ahantzi badituzte, beren tokiko euskalkia ahantzi duten bezala? Nola zirkulu batean jarraitu, ikasketek eta gero lanak sei aldiz tokiz mugitzera eraman (edo behartu) bagaitu? Edo norbere auzoaldean bigarren egoitzak ez diren etxeetakoak ezagutzen ez baditugu ere? Joan den mendean garatzen hasi ziren bizimoduek antolakuntza zaharrak desegin dituzte baina antolakuntza berririk ez dute oraino ekarri. Horri bi motatako erantzunak ematen ahal zaizkio: iraganaren nostalgia, edo – Beñat Irasuegiri entzun diodan bezala – etorkizunaren nostalgia, oraindik sortzeke den etorkizun desiragarri eta bizigarri baten nostalgia.

Iraganaren nostalgia nolabait erantzun “errexena” da: galdutako zerbaiten deitoratzea, gaur egungo erranahi eza eta lehen erranahia ematen ziguna alderatzea, iragana zen bezala berreraikitzearen aldeko argudioak biltzeko, bertzerik irudikatu ezean, iraganeko alde desatseginagoak ere kolokan ezarri gabe. Adibidez familia biologikoa transmisiorako oinarri bakarra zela, edota emazte eta gizonen eginkizun sozial oso ezberdinak bazirela (egoera gure lurraldean bertze batzuetan bezain gogorra ez bazen ere, delako matriarkatutik urrun zen). Iraganeko alde onetatik edateak ez du erran nahi gure buruari hautatzeko eta erabakitzeko ahalmenik kentzen diogunik, hain zuzen hori dugu bilatzen behetik eraikitako antolakuntza horizontaletan. Etorkizunaren nostalgiak, aldiz, denen mundua eskuetan berriz hartzeko ahalmen eta gaitasun askoz gehiago pizten du. Hasteko, gure gizarte harremanak birsortzeko gaitasuna ematen digu, harreman zaharrak ziren bezala kopiatu baino, zaharrak sortu ziren enbor beretik berriak sortzeko.

Industriaurreko gizarteari loturiko praktika zahar horiek desagertu badira ere, praktika horien abiapuntuan zegoen grina oraino bizirik dago, eta suma dezakegu hainbat kooperatiba, elkarte edota ekimen kolektibotan, bakoitza bere eran gure bizi baldintzak eraikitzeko asmoa dutenak, eta zeinetan inguruari lotua jarraitzea eta zirkuluan laguntza pasarazten jarraitzea funtsezkoak diren, tokiko eta maila globaleko erronkei erantzunak uztartuz. Hori da beharbada ezberdintasun handiena: lehen ez bezala gaur egungo mundua, funtzionalki, ez da paisaiaren zerumugan gelditzen. Tokian tokiko baliabideetan oinarrituz burujabe izatea helburua bada ere, dagoeneko ezin dugu tokikoa sortu mundu mailakoa kontuan hartu gabe. Horregatik gure burujabetza konkretuak eraikitzean sortzen dugun kultura izan behar da solidarioa – gure artean izan ezik, munduaren bertzaldean bizi direnekin ere – eta jasangarria. Hori izan daiteke hain zuzen eskuin muturrari aurre egiteko gako garrantzitsuetarik bat, eta aipagai izanen dugu irailaren 13an ortziralarekin Mugerre-Elizaberrin.

Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu  Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

5 pentsamendu “Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu”-ri buruz

  • Benat Castorene 2024-09-11 15:44

    Biziki interesgarria zait zure artikulua, Nikolas, nahiz batzuetan desberdinki sentitzen dutan hainbat puntutan:
    Adibidez harreman antolakuntza horizontalaren gainbehera indistriaren gain jartzen duzu baina iduritzen zait hori baino lehenagoko interbentzio politikaren errola gutiesten duzula. Urrun joan gabe nabarmen da Lapurdiko kasuan. nun iraultzak suntsitu baitzuen antolakuntza horren adierazpen politikoa (biltzarra) eta judiziala (auzitegia eta eskubidea).
    Bestetik deitoratzen duzu “familia biologikoa transmisiorako oinarri bakarra” zela. Bainan, garai hartako gizartearen kezka eta problema nausia kontuan hartuz, zer nahi duzu izan zedin ?
    Gizarte horren obsesioa zen lurra geldi dadin laborantzako lur produktiboa komunitatearen bizimoduaren zerbitzuan eta ez burges baten erdi-aisialdiko eremua. Nor nahi duzu izan dadin legitimoagorik eta kapableagorik familiako seme edo alaba batek baino zeinek inork baino hobeki baitzakiten nola egin etxaldea funtzionarazteko?
    Maiorazgoaren praktika (eskubidea edo eginbidea?) debekatuz iraultzak gizarte horren egitura larriki zauritu zuen eta borta ideki gaur tristeki ezagutzen dugun kanpotiarren inbasioari. Nola nahi duzu aipatzen ditutzun ohitura sozialak biziraun ziezoten horrela tratamentu politiko bati.
    Kontua ez da lehenagoko gizarteari buruz nostalgikoa izaitea baizik eta ezagutzea eta egia erraitea.
    Bukatzeko pentsatzen dut, gurean besteenetan bezala industria ere beharrezkoa dela hein batean.
    Adeitasunez

  • Nikolas Goñi 2024-09-11 21:58

    Milesker Beñat zure oharrengatik.
    Bai Lapurdin, eta berdin Xiberoan eta Nafarroaren iparraldean (hots Behe Nafarroan) iraultzak Parisetik erabaki soil batez ezabatu zituen bertako antolaketa politikoak eta judizialak. Baina hori dena desagerturik ere, etxeen arteko harreman horiek jarraitu zuten. XX mendearen erdira arte ohikoa zen auzolana, eta nahiko ohikoak ziren lehen auzoari loturiko hainbat ohitura, beharbada denak ez balira ere. Baina XX mende horren erditik goiti gertatu zen bizimoduen eraldaketa erraldoiena, garai hartan galtzen hasi ziren ohitura guzi horiek, euskalkien transmisioa galtzen hasi zen mugimendu berean. Eta hain zuzen gure bizimoduak industrializatzen hasi ziren garaia da, horregatik garai hartan kokatzen dut gainbehera.

    Familia biologikoa transmisiorako oinarri bakarra zen, eta garai zahar haietan bere logika zuen, hor azaltzen duzun bezala. Baina erran nahi nuena ez da hori, baizik eta gaur egun iraganeko antolakuntzak iraganean ziren bezala berreraiki nahi izatea, gaur egungo egoerari ez badira egokitzen ere. Transmisioari dagokionez hain zuzen, gaur egun oraino arras zaila da etxaldea familiakoa ez den norbaiti transmititzea, haurrek ez badute laborantzan segitu nahi (hainitzetan gertatzen den bezala) eta etxalderik ez duen familiatik kanpoko batek laborantzan aritu nahi badu. Garai zaharretan holako egoera salbuespena zen, baina gaur egun aldiz gehiengoa bilakatzen da, eta tresna arras guti dugu familiaz gain bertze transmisio moduak antolatzeko. Eta honen erremedioa ezin da izan duela 200 urte bezala nere haurrak gogoz kontra etxaldean segitzera behartzea, elektromekanika edo zurgintza ikasketak egin badituzte eta bertzelako asmoak badituzte.
    Horregatik erraten nuen iraganeko alde onetatik edateak ez duela erran nahi gure buruari hautatzeko eta erabakitzeko ahalmenik kentzen diogunik. Ea horrekin hobeki azaldu dudan erran nahi nuena.

  • Benat Castorene 2024-09-13 14:32

    Bai Nikolas untsa zehaztu duzu erran nahi zinuena.
    Egia da botere zentralaren 1789eko eraso politiko etnozidioaregatik ere euskal gizarteare antolakuntzare arrastoek legeetarik kontrabandan eta populu gehiengoaren. konplizitatearekin jarraitu zutela XX. mendearen erdiraino, kasik kontsumo gizartearen ateetaraino. Orduan laborantzako lan penatua nabarmen gogorregia bilakatu zen hirietako lan industrial edo besteren aldean. Jean Etcheparek (gazteak ez eta izen-abizen beretako lehenagoko medikuak)) untsa deskribatu zuen orduko neska premu baten kezka existentziala.
    Ez dakit ezagutzen duzun Beñat Laxaguek 1967an asmatu eta publikatu zuen “Projet de développements du Pays Basque” liburu tipi paregabea. Erran genezake harek ere, euskal munduaren gainbehera ikusiz, iraganaren preso izan gabe, “Gizarte harremanak birsortu” nahi zituela zuk bezala; Irakurria bazinu interesatua nintzateke jakitea zer pentsatzen duzun 1967eko proiektu horretaz. Baden horretan zerbait atxikitzeko edo zaharkerietara botatzekoa den. Aurkituko duzu euskarazko itzulpena Zuzeuko artxiboetan beretan.

    • Nikolas Goñi 2024-09-15 18:15

      Beñat Laxaguen hori ez dut ezagutzen ez, baina irakurtzeko gogoa eman didazu. Aldi berean saiatuko naiz Bernard Charbonneauren “Tristes Campagnes” irakurtzea, susmoa dut elkarren osagarri izaten ahal direla. Badakit Baionako mediatekan dutela (bide batez, zergatik euskaraz ez dugu erraten mediategia, liburutegia bezala) baina eskaera berezi bat egin behar da horretarako. Dena den, apuntatua dut.

  • Benat Castorene 2024-09-13 17:15

    Aipatzen dudan Etchepare (gaztea) ren eleberria Iturraldea da. Tamalez agortua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude