Denontzako eta denerako tren eredu bat behar dugu
Denontzako eta denerako tren eredu bat behar dugu –
Asteartean, Nafarroako Parlamentuan izan zen “debatea” Iruñea Euskal Y Grekoarekin lotzeko ibilbide egokienaren inguruan, eta herenegun, asteazkenean, Chivite presidentearen eta Pradales lehendakariaren arteko bileran, besteak beste, Nafarroa eta Espainia arteko abiadura handiko trenbidearen loturaz hitz egin ondoren, Sustrai Erakuntza Fundazioak honako komunikatu hau egiten du:
Trenbideen trazadurei buruzko eztabaida faltsu baten aurrean gaude oraindik, nahiz eta konpondu behar dena, duela hamarkada batzuetatik hona, den zer nolako trenbidea behar dugun, Nafarroako herri guztietako pertsona guztiek kalitatezko tren garraio publikoa, iraunkorra eta Nafarroako lurraldeak egituratuko dituena izateko.
Asteartean egindako ustezko eztabaidan, berriz ere ikusi izan dugu AHTren eraikuntzaren defendatzaileek propaganda kontsignak errepikatzen dituztela, azpiegitura horren bideragarritasun argudiorik eta azterketarik gabe. Betikoak dira: Ezezkoarenak. Denentzat eta denerako balio duen tren bati ezetz esaten diote. Ez tren publiko eta sozialari. Ez geltokiak eta geralekuak berriro irekitzeari. Ez Tuteran eta Iruñean dauden geltokiak dauden tokian mantentzeari. Ez ahalik eta jende gehienarendako ordutegiak, edukiera eta erosotasuna dituzten trenak izateari. Ez merkantzia-garraio gehiena trenbidez garraiatzeko benetako plan serio bati. Ez trenbide-zerbitzuetako edukiera eta langileak indartu, areagotu eta hobetzeari. Ez existitzen diren trenbide-azpiegiturak aprobetxatu eta hobetzeari, Castejón/Altsasu, Castejón/Logroño/Miranda eta Castejón/Soria trenbideak bikoiztuz. Trenari ezetz eta xahutze ekonomikoari baietz esaten diotenak dira, azken hamarkadetan trenbideko zerbitzuetan eta pertsonalean izandako murrizketak Aurrera eraman dituztenak dira. Aldi berean, haien interesei men eginez, AHTaren ereduan gastua metatuz joan dira, honek joan den mendeko 90. hamarkadaren hasieratik suposatu duen xahutze ekonomikoarekin batera.
Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako gobernuek gaur arte ez dute babestu, planifikatu eta hobetu pertsonentzako zein salgaien garraiorako trenbide-zerbitzu publikoak mantentzea eta handitzea. Aitzitik, kontrakoa egin dute. Areago, AHTa eraikitzeko aurrekontu-partidak onartzen jarraitzen badute, eta Nafarroako alderdiek babesten badituzte, diru gutxiago egongo da kalitatezko trenbide-zerbitzu publiko batendako eta pertsona guztiendako.