Zerbait mugitzen hasi da Hondarribian
Zerbait mugitzen hasi da Hondarribian –
Hondarribiko jai egun handian, Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainia parekideak bat egin behar zuten lehen aldiz abiapuntuan, baina argazki hori saihesteko, tradizionaleko konpainia guztiak berandu joan dira hasiera puntura. Plantoak planto, ordea, lehen aldi ugari bizi izan ditu aurten Jaizkibel konpainiak, mugiezinak ziruditen gauzak mugitzen hasi baitira, kasik hiru hamarkada pasa direnean.
Orain euritsu, orain ateri, azken urteen antzekoa izan da hondarribiarrek bizitako irailaren 8a: Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainiak ordu ezberdinetan egin dute desfilea, bananduta eta bakoitza bere aldetik. Txaloak jaso dituzte batzuek eta besteek, eta Jaizkibel konpainia pasatzerakoan ere txaloak nagusi izan diren arren, bizkarra eman dio Alarde tradizionalaren aldeko ikusle batek baino gehiagok, baina urrun gelditu dira garai bateko liskar eta borrokak. Ohiko ere bilakatu da Jaizkibel konpainiako jendea beste konpainiatakoekin mintzatzen, agurtzen, besarkatzen ikustea. Irudi hori espero zitekeen goizeko lehen orduan, lehendabiziko aldiz abiapuntuko eremua partekatzekoak baitziren konpainia guztiak, baina Alarde tradizionaleko mandoek erabaki dute berandu agertzea, Jaizkibelekin bat ez egiteko. Hala, Alarde tradizionalak bere ohitura apurtu eta hogei minutu berandu ekin dio desfilatzeari.
Udal aldaketak ekarritako berrikuntzak
Gertaerak erakusten duen arren gatazka konpontzetik urrun dagoela oraindik, ez du Jaizkibelen eguna zikindu, eta lehen aldi ugari bizi izan dira Hondarribiko jai egun handian, hala ahalbidetu baitu udal gobernu berriak. Urte luzez EAJk gobernatu duen herrian, Abotsanitzek hartu du lekukoa. Lehen aldiz, Jaizkibel konpainia parekideak udal baimena izan du konpainia gisa desfilatzeko, lehen aldiz aitortu zaio Alarde tradizionalaren ibilbidea, eta beraz leku beretik abiatu da eta Kale Nagusian behera amaitu ahal izan du desfilea –zapataria joaz eta dantza eta kantu artean, une hunkigarria eta berezia da hondarribiarrentzat desfile amaiera–, lehen aldiz gurpildun aulkian atera da kantinera bat. Eta naturaltasun eta normaltasun osoz egin du, nahiz eta bat baino gehiago beldur izan, ibilbidea egiteko zailtasunak eta oztopoak izango ote zituen.
Lehen aldi ugari bizi izan ditu Jaizkibelek, eta aldi berean, gauza askok berdin jarraitzen dutela frogatu du aurtengo irailaren 8ak. “Milimetroka irabazten den bide luzea da” Jaizkibelek aurretik duena
Lehen aldiz, baita ere, harrera egin dio EAJk Jaizkibeli. EAJk argudiatu du harrera egin diola aurten udal gobernuak Jaizkibeli baimena eman diolako desfilatzeko konpainia gisa –eta ez orain arte bezala manifestazio gisa–. Kontua da EAJk berak gobernaturiko urte luzeetan ez diola inoiz konpainia gisa desfilatzeko baimenik eman. Hain justu, EAJ gobernuburu izan den urte horiek izan dira Jaizkibelentzat “urterik gogorrenak”, zioen Uxoa Anduaga Jaizkibel konpainiako txilibituak.
Lehen aldi horiek udal gobernu berriaren borondatea erakutsi dute, aldaketak ekarri dituzte, Jaizkibelen iritziz “aldaketa txikiak”, oraindik asko baitago egiteko, baina haserre handia piztu du Alarde tradizionaleko hainbatengan. Jaizkibelek festa Kale Nagusitik behera bukatuko zuela-eta, adibidez, arratsaldeko desfilearen aurretik bati baino gehiagori entzun diogu zurrumurrua: “Kale Nagusian kristoren istilua izango da”, Alarde tradizionala ikusteko zain zeudenek Jaizkibeli boikoten bat egingo ziotelakoan-edo. Bada, arazorik gabe egin du konpainia parekideak bide zati hori ere.
Normaltasun faltsua
Aurten abiaturiko norabideari jarraituz gero, okupaturiko espazioetan, desfilearen ibilbide eta ordutegietan, ekitaldietan… Alarde tradizionalaren pareko eskubideak irabazten joango da Jaizkibel konpainia, eta horrek, aldi berean, sarri entzun ohi den diskurtsoa indartu dezake: “Bakoitzak bere erara bizi ditzala festak”. Edo beste era batera esanda: “Berme berdinekin ateratzen gara, bakoitzak aukeratu dezala non atera eta jarrai dezagun bananduta, zatituta, bakoitza berean eta denak lagun, liskarrik gabe”. Mantra hori ezaguna zaie Irungo bizilagunei: bi alarde daude bertan, bata parekidea, bestea tradizionala deiturikoa, eta istilurik gabe egiten dute eguna batzuek eta besteek. Baina hain justu horixe saihestu nahi du Jaizkibelek, ez ditu bi alarde nahi, alardean konpainia gisa gehitzea nahi du, bat gehiago izan nahi du, helburu argiarekin: alarde bakarra, parekidea eta publikoa lortzea.
Konpainia erraldoia da Jaizkibel, konpainia parekide bat baino gehiago osatzeko adinakoa; hori egingo balu, ordea, beste alarde bat sortzeko arriskua legoke, eta ez du bide hori egin nahi Jaizkibelek
Are gehiago, konpainia erraldoia da Jaizkibel, Hondarribian dauden konpainietan handiena, mila lagunetik gora biltzen dituena, logistikoki gauzak zailtzeraino. Azken finean, modu parekidean desfilatu nahi duenak Jaizkibelera jotzen du, eta jende hori bada nahikoa kopuru konpainia parekide bat baino gehiago osatzeko; hori egingo balu, ordea, beste alarde bat sortzeko arriskua legoke, eta ez du bide hori egin nahi Jaizkibelek.
Esan bezala, lehen aldi ugari bizi izan ditu Jaizkibelek, baina aldi berean, gauza askok berdin jarraitzen dutela frogatu du aurtengo irailaren 8ak. Batzuentzat urrats txikiak eman dira aurten, beste batzuentzat handiak, baina Uxoa Anduagak zioenez, “milimetroka irabazten den bide luzea da” Jaizkibelek aurretik duena. Hondarribiko udal gobernuak esan zuen iazkoa sinboloen urtea zela eta aurtengoa urte administratiboa. Zeren urtea izango da datorrena?
Zerbait mugitzen hasi da Hondarribian
Zerbait mugitzen hasi da Hondarribian
Arrazoia duzu, baina dena ez da guztiz egia. Ez nago ados jende asko aldaketaren alde dagoenik. Gaur egungo gizarte nihilista eta huts honetan, hausturak nonahi aurkitzen diren honetan, Alarde Tradizionala bezalako fenomenoa, sustraiak oso errotuak dituena, nortasuna ematen eta bermatzen dio mundu moderno honetako pertsona askori zentzugabeko aldaketen aurrean. Horregatik, oraindik jende asko bere identitate marka bermatze arren Alarde Tradizionalean ikusten du ziurtasunez itxeki daitekeen fenomenoa bezala, eta ziur, gustura eta ados sentitzen da jarrera honekin. Gogoz parte hartzen du, nahiz kanpotik edo barrutik, eta antzezpen erritual etnologiko folkloriko honetan bere izaera eta nortasuna aurkitzen ditu. Ez da gauza txarra. Aldaketaren alde daudenak ere, bere eskubidea dute bestelako bide bat egiteko, eta hau ere ez da gauza txarra.
Bestalde, ez da egia EAJk ez diola inoiz konpainia gisa desfilatzeko baimenik eman, izan ere Jaizkibel Konpainiak ez baitio inoiz eskubide hau eskatu.
Asuntoa da, Tribunal Goreneko sententzia bat dagoela bi Alardeak bereizi eta errespetatzen dituena. Biak ala biak existitzeko eskubidea dute, eta beraien zerizana aurrera eramateko aukera ere badute. Biek daukate eskubidea direna azaltzeko eta bizitzeko; eta era berean, biek ez dute bestearen eskubide hori zapuzteko aukera, ezin dute bestearen askatasuna menderatu, hots, ezin dute besteek nahi duten erara desfilatzeko eskubide hori zapaldu.
Hona hemen Legea ikusteko lotura:
https://vlex.es/vid/derechos-fundamentales-discriminacion-26667196
Nola lortu, bada, korapilo gogor honi, benazko konponbide bat?
Nire ustez, argi dago, bi Alarde bereiziak egin behar dira.
Aintzane
Zenbat diru publiko gastatzen ari den zerga-pagatzaile guztien kontura genero arazo hauek behin eta berriz medioetan ageri daitezen eta horren kontura hainbat pertsonak eta elkartek kobratu dezaten!
Goikoak dio soluzioa ez dela batzuk batetik eta besteak bestetik joatea baizik eta Alarde bakar bat egon behar duela. España bakar bat egon behar den bezala, ezta?
Inposizio itzela egin nahi zaio Hondarribiako herriari alardearen kontuarekin eta generoa dela aitzaki etengabeko arazo bihurtu nahi dute. Zergatik ez zaio jendeari bere festa egiten uzten? Batzuen interesa jendea zapuztea delako. Eta noski medioek bonbo eta platilloa ematen badie, hainbat hobe.
Logikoa da diozuna, zailtasunak etor daitezke. Aintzanek esaten duenarekin bat nator. Irtenbide bakarra beste Alarde bat egitea litzateke. Hori ez da inongo problema, gainera eskubideak bermatzeko irtenbide bakarra dela deritzot momentu honetan. Zergatik tematzen da Jaizkibel Alarde bakarra egiteko? Zein da helburua, Emakumeak Alardean! deiadarkaturiko mantra lortzea, ala, Alarde Tradizionala zapuztea eta desagerraraztea? Hori da aurrenekoz argitu beharrekoa.
Alarde berri bat egiteko garaia dela uste dut, eta bide berri horri ekin beharko liokete Jaizkibeleko arduradunek.
Jaizkibel Konpainiak aurten milatik gora pertsona bildu ditu. Irunen gutxiagorekin Alarde bat osatu zuten. Orain aukera ezin hobea da.
Bestalde ere, Arartekoak Alarde berri bat osatzeko aukera onena litzatekela esan du medioren batean. Bidezkoa da. Oraintxe da momentua, arazoari bultzada berri bat emateko unea heldu da.
Hondarribian konponbidearen alde gaudenak horixe eskertuko genuke, bakezko irtenbide bat. Ausartak izan gaitezen eta aurrera!
Idurre
Aupa Jaizkibel Konpainia!
Aurten Konpainia benetakoa, eta datorren urtean, Alarde berri bat geuretzat!
Eutsi goiari!
Egia da artikuluan esaten dena, logistikoki zailtasunak etorriko dira. Jende asko gara jada. Aurten nabaritu dugu. Jende eta kuadrilla pilloa elkartu gara.
Nire ustez, Legea betetzeko, eta gure helburuak lortzeko bidea, Alarde berri bat egitea da. Hori da konponbidea.
Gainera aurten jende pilloa atera gara, eta oso erraz osatuko genuke Alarde berri bat. Zein polita izanen litzateke Alarde Berri bat horrelako konpainiekin: Jaizkibel Konpainia ; Betiko Higer Konpainia ; Guadalupeko Emakumeak ; Gora Neska Gazteak ; Onddarbiko Beti Neskak ; Amuitzeko Ausartak ,…
Arduradunei, kontu hau dagokienei, animatuko nieke Alarde berria aurrera ateratzea, bai horixe!
Gazteok nahi dugu, behar dugu berritasun honen etorrera. Irunen hau badago, eta Irungo gure lagunek zein ongi pasatzen duten ikusita, irrikitan gaude Onddarbira hau noiz etorriko den esperuan.
Mesedez, lehenbailehen izan dadila.
Gora Jaizkibel!!!
Hori da, Naiara, zuek alde batetik eta besteak beste aldetik. Oso aberasgarria izango litzateke gurekin etortzearen inposizioaren matraka eman beharrean, zuek zuen buruaren jabe izatea, konpainia polit horiekin, zuen aldetik martxa eginez. Eta denok poz pozik. Ai, Naiara, horrela pentsatu izan bazenuten hasera-haseratik eta besteak zapuztearen obsesioa alde batera utzi izan bazenute ze ondo pasako ginen. Hori baita askatasuna: bakoitzak berea egitea bestea izorratu gabe.