Uda baten kronika
Uda baten kronika –
Udaldian, erretiratuok ez ohi dugu opor goserik, eta patxadaz aztertu ahal ditugu gure inguruko gorabeherak. Hori dela-eta, gai batzuek harriduraz harrapatu naute, eta honako hauek dira.
Espainia. Eurokopak eta Olinpiar Jokoek uda osoa bete dute. Aldez aurretik, esan behar dut kirol-lehiakortasun profesionala ez dela nire gustukoa, baina harritu nau Espainiarekiko zaletasun itsu eta agintzailea edonon ikusteak, baita Euskal Herrian ere. Nire ustez, ezabatzen ari da aspaldian lortu genuen euskal esparru emozionala (batzuetan, identitateari loturik, beste batzuetan, ez). Kultura menperatzailearen keinuak asumitzen ari gara, eta gure herrietan Potra salvaje abestia normaltasunez entzun da. Nire harridurak galdetzera eraman nau ea nik maite dudan komunitate sozial, kultural eta euskalduna desagertzear ote dagoen. Horrela bada, harrituta, baina, batez ere, galduta sentituko nintzateke. Espero dut moda bat besterik ez izatea.
Osakidetza. Uda osoan, lagun min bat bisitatu dut erietxean. Ia egunero harriduraz ikusi dut osasun sistemaren gainbehera. Banekien Osakidetza gaizki zegoela, bertan lan egin baitut azken berrogei urteotan, baina eguneroko errealitateak gainditu du nire susmorik txarrena. Antolaketarik eza, mediku aldaketa etengabea, informazio eta komunikazio traketsa eta, azken finean, deshumanizazioa. Argi daukat ez dela inondik ere langileen ardura. Zerbitzuburuak, kudeatzaileak eta politikariak izan dira eta izaten ari dira hondamendi honen erantzuleak. Abuztuko egun beroenetan, pazienteak 32 gradutan egon dira geletan. Gestore ikusezinak, ostera, oporretan edo haien bulegoetan zeuden eroso, aire girotuarekin. Uda pasa ondoren, osasun publikoaren aldeko borroka berriro piztuko da, baina larrialdiko egoera honetaz gizarte osoak kontziente izan behar du. Osasun publiko duin eta eraginkorrik gabe, ez dago etorkizunik herri honetan.
Solaria. Madrilgo enpresa bere inbertsio funts ilunekin heldu da gure herrira, alfonbra gorria jarrita. Administrazio ugariren laguntzekin aurkeztu dituzte makroproiektu suntsitzaileak, eta horrek herri honen erantzuna piztu du, eta lan sakona eta serioa antolatu da haren aurka. Hori ez da harritzekoa, historikoki gure herriek izan duten erantzuteko modua izan baita, baina nire harridurarako, Arabako arduradun politikoek ez dute erantzun sendorik eman. Zaila da ulertzen zein den arrazoia. Oporren ondoren, espero dezagun euren iritzia emateko gaitasuna berreskuratzea eta proiektatutako txikizioaren aurrean euren jarrera politikoa era irmo batean adieraztea.
Harriduraz, uda laster amaituko da.