Nongoa zara?

Nongoa zara? –

Gutariko gehienok han edo hemen bilatu beharko genuke lurralde honetara sendo errotzen gaituzten sustraien xendra, salbuespenak salbuespen, urrutitik gatozelako denok. Lasai, irakurle, ez naiz zortzi abizen jatorren ergelkeria komertzialaz ari, argi. Jatorria irizpide biologiko – geografikoa da: leku baten munduratu zara, egia da, baina jatorriak beste aldaera batzuk izan ditzake, eta ditu.

Nongoa zara?
Arg: atanaspaskalev

Garena izateraino ekarri gaituen hazia leku askotatik etorritako urak busti du. Norberaren sustraiek aunitz tokitatik hartzen dute —goitik eta behetik, ezker-eskuin— gauden tokian sendo jarrai dezagun behar dugun ongarria. Sorreratik beretik, urrutiko haizeek astindu egiten gaituzte alde batetik eta bestetik, eta lekualdatzen ez bagara ere, larruazalean itsatsita daramagu leku askotako hauts ikusezina. Zorionez.

Aldeak alde, berdin gertatzen da galdera hori bera, “nongoa zara?”, pertsona bati egin beharrean, enpresaren ingurumarian kokatzen badugu. Nongoa da enpresa? IFZa erregistratuta duen lurraldekoa? Gero eta gehiago dira gurean ere han eta hemen ekoizpen-zentro edo erabaki-guneak dituzten enpresak; gero eta gehiago dira erabakiak hartzen dituzten talde anitzak, jatorri, mundu-ikuskera eta eskarmentu oso desberdinak dituztenak. Bakoitzak erantzun desberdin bat eman zezakeen galdera horren aurrean, baina erantzun kolektiboa bilatu behar bada, nongoa da gaur egun enpresa?

Zygmunt Bauman soziologoak identitate likidoen teoria eman zigunean, nolakotasun malgu hori deskribatu zuen, dena aldatzen ari den testuinguru baten norberaren izaera bera ere denboran zehar aldatuz doala azaltzeko. Modernitatearen eta modernitate-ondoko garai honen ezaugarri behinenetakoa da: segurtasuna ematen ziguten lokarriez askatu egin gara, baina horrek noraezean eta ziurgabetasunaren lurralderaino eraman gaitu buru-belarri. Garai baten askoz errazagoa zen erantzuna, ez da? Kode postalarekin, nahikoa zen. Egundo ez da aski. Galderarik errazenak erantzuteak ere lana ematen digu.

Bertakotasuna ez datza jatorrian, hori ez baita kasu gehienetan hautatzen. Bertakotasunaren balioa erabakian datza, bertan egoteko, bertan garatzeko, inguruan ekarpena egiteko egiten dugun hautu kontzientean.

Pertsonak eta enpresak ez gara horren desberdinak. Denok behar dugu noraezean garamatzaten haize-boladei aurre egin ahal izateko, nonbaiten errotuko gaituen zerbait, proiektu bat, sentimen bat, ziurtasunik minimoena bada ere, eta nire iritziz, helduleku hori gure erabaki-gaitasuna da. Eta gero eta garrantzitsuagoa da, gainera, enpresa-proiektu propio, partekatu eta identifikagarria balio lehiakorra bilakatu baita. Nola erakarriko dugu proiektua aurrera ateratzeko behar dugun talentua ez bagara gauza esateko zer garen eta nongoak garen?

Nongoak garen galdetzen digutenean, erantzuna sinplifikatze aldera, erantzun bat eta bakarra eman ohi dugu, adiera biologiko, geografiko eta emozionala nola edo hala nahastuz. Hemen jaio naiz, eta hemengo sentitzen naiz. Lehena ez dut hautatu, zoriak eman dit. Bigarrena, berriz, bai.

Bikiak

Nongoa zara?

Kazetaria. Idazlea lantzean behin. Enpresa-komunikazioa, berrikuntza, dibulgazioa eta poesia lantzen ditu.

Zer duzu buruan “Nongoa zara?”-ri buruz

  • Segi babukeriekin. Ez dut hautatu. Baina zer ostia hautatu nahi duZu jaiotZeko. IruZkin hau bakarrik herri kolonizatuekin ibiltzen da. Esaiozu alemaniar bati, frantziar bati Edo ingeles bati, zer esanik ez Arabiar bati nongoa den. Emanen lizuken belarrondokoa argituko liZuke garuna. Maiz entzun aditu diegu espainiarrei: Yo vasco porque español, es lo mismo, todo muy líquido. Hori ongi, norberaren gustuen arabera, gelditzen da zutabe bat idazteko, baina anitz ebook eginda gaude babukeriak horiekin. Eta zu, Pilarin, nongoa zara?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude