Jaiki banadi, jaso baneza: ez adiorik

Jaiki banadi, jaso baneza: ez adiorik –

Jaiki banadi, jaso baneza: ez adiorikGarai bateko euskaldunak garbi bereizten zituen “jaiki banadi” eta “jaikitzen banaiz”, “jaso badezat” eta “jasotzen badut”, “jaiki banendi” eta “jaikiko banintz”, “jaso baneza” eta “jasoko banu”. Euskalki guztietan, gainera. Haatik, banadi, badezat, banendi, baneza sailak galtzen ari dira, eta  “jaikitzen banaiz” eta “jasotzen badut” paradigmak ari dira galtzaileen eremuaz jabetzen. “Banadi” eta “banendi” gorriz azpimarratzen ditu Xuxenek.

Txillardegik Mikoleta zaharraren esaldi hau dakar: “Kontuz! Jaiki banadi ikusiko duzu!”. Gaur horrela esango genuke: “Kontuz! Jaikitzen banaiz ikusiko duzu!»

Desberdinak dira, alabaina. Mikoletaren subjektu etzana jaiki egin daiteke; eta egin dezakeena, noizbait gerta litekeena, mehatxu gisa aipatzen du: “jaiki egin naiteke ni; beraz, kontuz: jaiki banadi berandu izango da, eta jipoi galanta hartuko duzue”. Baldintza subjektiboen mailan gaude, gertaera enpirikoetatik at.

Bestelakoa da “jaikitzen banaiz”. Txillardegiren adibidea: «beti berandu jaikitzen banaiz, ohartu egingo dira azkenik lantegian». Baldintza objektiboa dugu, gertaera enpirikoen munduan gaude.

“Jaiki banadi” puntualagoa da, behin gerta daitekeen zerbaiti buruz egokiagoa; “jaikitzen banaiz”, berriz, zabalagoa da, eta behin baino gehiagotan gertatzen direnei buruz erabiltzeko modukoa.[1]

Tamalez, “banadi” eta “baleza” ahalera ederrak gure aditz-paradigmari ematen zioten ñabardura aberasgarria ia erabat galdu da.

“Etorriko zen” eta “etorriko litzateke”rekin gertatzen ari dena dugu hemen ere: “jaikitzen banaiz” eta “jaiki banadi”, biak berdin esaten direla espainolez eta frantsesez: “si me levanto”, “si je me lève”.

Gauza bera gertatzen da “ahal banu” eta “ahal baneza” formekin ere: berdin esaten direnez frantsesez eta espainolez —“si pudiera”, “si je pouvais”—, “ahal baneza” desagertzen ari da.

Horiek ere desberdinak dira euskaraz, aurreko bikotekideen antzeko arrazoiengatik: lehena objektiboa litzateke, kanpotik datorkidan egoera; eta bigarrena subjektiboa, geure esku legoke.[2]

Galera ilustratzeko, “jasoko banu” eta “jaso baneza” bikotea ere erabiltzen du Txillardegik. Bai “jasoko banu” eta bai “jaso baneza”, biak berdin esaten dira espainolez eta frantsesez: “si levantase”, “si je levais”.

Baina desberdinak dira bi adizkera horiek ere: “jaso baneza” subjektiboa da, «ustezko kutsua du, potentziala baita. Alegia, egin daitekeen, edo gertatzea benetan nahi genukeen edo bildur ginatekeen zerbait azaltzeko erabiltzen da, “jaiki banadi” saila bezala».[3]

“Jasoko banu” forma, berriz, objektiboa da, «gure eskuetan ez dagoen zerbait azaltzeko, edo gertatzea berdin zaiguna. Alegia, baldintzaren obratzea ala ez obratzea ez dago gure ahalmenean. Kanpotik edo gainetik datorkigu baldintza: “hilko ez bagina”, “haur inoiz izan ez bagina”, “mundua bihar amaituko balitz”, “Jaungoikorik ez balitz”, eta abar».[4]

Txillardegi: «Ageri den bezala, erdaraz bi aditz-aldi hauek ez dute diferentziarik; eta horretatik heldu da euskaraz gero eta nahasiago egotea, bigarrena lehenengoari nagusituz».[5]

Azkuez eta Lafonez gain, Sapirrek eta Whorfek ere lagundu zioten Txillardegiri ohartzen ezen,

«euskara zaharrak, beste zenbait hizkuntza urrunek bezala, denbora alegiazkoa (mitikoa) eta egiazkoa (kondairakoa) berezten zituela. […] Gure ondoko erdarek ez dute berezketa hori egiten, ordea. Hortaz: euskaldunok ere ez! Horra hor, garbi, estruktura aldaketa bati dagokion pentsakera-aldaketa».[6]

Zer egin?

Txillardegiren ustez, batetik, ondo zehaztu gaurko euskara batuan euskal aditzaren aspektutik «atxiki daitekeen eta atxiki behar litzatekeen partea».[7]

Dena den, «lehen-lehenengo puntua erdara ahaztutzea da. Areago: sasi-logikatzat itsatsi zaizkigun erdal estrukturetatik geure burua zeharo erauztea. Ez bait da batere erraza!».[8]

.


[1] TXILLARDEGI,  Oinarri bila, Egilea editore, Donostia, 1977, 130-131 orr.

[2] Oinarri bila, 138. or.

[3] Ibidem, 135. or.

[4] Ibidem

[5] Ibidem, 134. or.

[6] Hizkuntza eta pentsakera, 57. or.

[7] Euskal gramatika, 230-231 orr.

[8] Hizkuntza eta pentsakera, 63. or.

11 pentsamendu “Jaiki banadi, jaso baneza: ez adiorik”-ri buruz

  • Igor goitia 2024-09-06 07:16

    Mila esker Markos.
    Oso interesgarria

  • Egun on, Markos eta Zuzeuko irakurleak,

    Krutwigek Bilbon Txillardegi ezagutu zuenean, donostiar honek ez zekien oraindik euskaraz hitzegiten.
    Hemen aipatzen dituzunak Txillardegik Krutwigenganik ikasi zituen. Ikasi uste zituen.

    Adeitsuki

  • Zure postean hau irakurtzen dugu:

    “Etorriko zen” eta “etorriko litzateke”rekin gertatzen ari dena dugu hemen ere: “jaikitzen banaiz” eta “jaiki banadi”, biak berdin esaten direla espainolez eta frantsesez: “si me levanto”, “si je me lève”.

    Eta nik, ordea, diotsuet ezen gaztelaniaz, bederen, bai esaten direla desberdin:

    jaikitzen banaiz
    : si me levanto

    jaiki banadi:
    :en caso de que me levante
    edo
    : como me levante

    Adeitasunez

  • Beherago:

    Galera ilustratzeko, “jasoko banu” eta “jaso baneza” bikotea ere erabiltzen du Txillardegik. Bai “jasoko banu” eta bai “jaso baneza”, biak berdin esaten dira espainolez eta frantsesez: “si levantase”, “si je levais”.

    Berdin ez, desberdin. Nik bederen:

    jasoko banu
    : si levantase luego, si llegase a levantar. No me lo creo.

    jaso baneza = jaso banei (Bizk.)
    : si levantara. Eso creo.

    Adeitsuki

  • Ematen dituzun Txillardegiren azalpen teorikoak bikainak dira.

    Euskaltzaindiaren arauera, ondokoak zeharo sinonimoak dirade.

    baletor
    etortzen balitz
    etorriko balitz
    etor baledi

    Oker daude guztiz eritzi honetan ere.

    Dakuskigun:

    baletor: si viniese, si estuviese viniendo

    etortzen balitz: si viniese habitualmente

    etorriko balitz: si viniese luego, si llegase a venir

    Hiru hauek irrealak dira erabiltzailearen ustez.
    Eta hau, ordea, posiblea bere ustez:

    etor baledi: si viniera (porque ello es totalmente posible)

    Adeitsuki

  • Objektua singularrean:

    Oparia eman badezat: en caso de que dé el regalo

    Oparia eman baneza: en caso de que diera el regalo

    Oharñoa:
    dezaket eta nezakeen ikastetxean lantzen diren egun berean, dezat eta neza ere aztertu behar dira. Eta halaber dezadan, dezadala, dezadanean; nezan, nezala, nezanean, e.a., zeren adizki berdinak baitira.

    eman dezaket: es posible que dé
    eman nezake: es posible que diera (en el futuro)

    Objektua pluralean:

    Opariak eman baditzat: en caso de que dé los regalos

    Opariak eman banitza: en caso de que diera los regalos

    Txillardegiren teoria bikaina ezin praktikara eraman, ordea, berak “erabaki”tako atzizki hiper luze artifizialen erruz. Berak, Aditz Batzordeburu zen Mitxelenak eta Akademiak berac aho batez erabakia hartu baitzuten. Horien guztion erru eta erantzukizunarengatik.

    Praktikara eramateko problemak eta ezinak sortzen dira NORI-ren bat tartekatzen denean. Adibidez HARI:

    Sg.
    Oparia eman badiezaiot
    Oparia eman baniezaio

    Pl.

    Oparia eman badiezazkiot
    Oparia eman baniezazkio

    Pluraleko hauek guztiz asmatuak dira, deskaratuki inventatuak, alegia.

    Gure klasikoetan forma laburrak erabili dira:

    diezaiot = diezot, deiot
    niezaio = niezo, neio

    diezazkiot = dietzot, deiodaz
    niezazkio = nietzo, neioz

    Adiskidetsuki

  • Zuzenketa:

    Hauexek

    Oparia eman badiezazkiot
    Oparia eman baniezazkio

    honetara idatzi behar izan nituzke:

    Opariak eman badiezazkiot
    Opariak eman baniezazkio

    Adeitsuki

  • Josu, berdin daude zuzendu beharrekoa eta zuzenketa.
    Adeitsuki

  • Barka, Josu, txarto idatzi dut, ez daude berdin.

    Oheratu aurretik hartu beharrean Orfidala nahastu eta jaiki ostean hartu dut. Lanbrotuta daukat adimena, ilun ene baita

  • Hobe zeneza Anariren kanta aditu bazenu, hori konfidantza ia osoz diostazut, probablemente

  • Hagin urdin 2024-09-08 00:25

    Nagore,
    Diostazut? Diotsut, erran nahiko huke…baina jarrai hire euskara entsaladarekin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude