Nire herriko jaiak
Nire herriko jaiak –
«Nire aitaren etxea defendituko dut» idatzi zuen euskal poesia garaikidea irauli zuenak eta, idazki hartan, ahaztu omen zitzaion euskara zaharrarentzat lehenengo pertsona ez dela ni gu baizik. Agian ez zuen hura ahantzi nahita idatzi zuela baizik.
Udako egun hauetan gure hiri, auzo eta herrietako jaietan Palestinako bandera erabili ohi dela ikurrinaren partez diote eta, gertaera hori hizpide, euskal nortasunaren aldarrikapena ere arriskuan dagoela diote.
Baieztapen horrek politikaren problematizaziorako bide emankor gisa funtziona lezake. Esate baterako, «gure herriko jaietan» esatea, kolektibo handiagoan (gure Herrian) tokia egiteko asmo legitimoa berresteko modu bat izango litzateke, eta gehituz gero – «jada ez da ikurrina aldarrikatzen» –, herriaren irudi itxi bat inposatzeko dei kezkagarria besterik ez litzateke izango, jada bere sinboloak gogoratzen ez dituen Herri antzu batena, alegia.
Halere, beste era batera esanda, goiko formula honela alda zitekeen: ni partaide naizen Herria behin betiko eratuta ez dagoena da. Orduan, herritartasun eraginkorrerako eskubidea Herri horrek berak bere buruarekin behin betiko identitatean izoztuta ez geratzeko duen gaitasunaren parekoa izango litzateke, nahiz eta Herri orok bere porroten aurrean geldiarazita geratzeko dituen moduak zalantzan jartzeko duen eskubidea besterik ez izan.
Nire herriko jaiak gure jaiak dira, baina gurasoen tutoretzatik urrun bizitzen ere jakin behar da.