Galera estrukturalak

Galera estrukturalak –

Inkontzienteraino iristen den inbasio linguistikoaren aurka jo zuen beti Txillardegik. Euskararen senari eustearen alde ageri da eskuarki, fonologian, gramatikan, sintaxian zein lexikoan.

Galera estrukturalakTxillardegirentzat, estrukturalisten ildotik, hizkuntzaren estrukturetan terminoa ez da ezer berez: betetzen duen tokiak ematen dio izatea, gainerako terminoekin duen harremanak. /p/ fonema beste leherkariekin duen harremanak definitzen duen bezala, kolore urdina grisaren eta berdearen artean dagoena litzateke, eta arreba genuke ez dena ez ahizpa, ez anaia eta ez neba. Estrukturako termino bat aldatu edo desagertuz gero, sistema osoa berregituratzen da, oreka berri baten bila.

Adibidez, semantikari gagozkiola, “urdin” kolorearen esparrua askoz ere zabalagoa zen euskara zaharrean egun baino; indoeuroparrek grisa eta berdea sartu zizkigutenean, flakatu behar izan zuen urdinak, kolore berriei tokia egiteko. Sistema osoa berrestrukturatu zen. Era berean, “anaia” “neba”ren esparruaz jabetu zelarik. Txillardegi:

«Euskara zaharrak badu horrelakorik asko; gaur askoz ere gutxiago, gure hizkuntza «bitxikeria» horietarik «garbitu» bait dugu, «razionalago» eginez (alegia: erdal estrukturen eta logikaren arabera…)».[1]

Morfologian ere, gauza bera gertatzen da. Eta hemen Txillardegik erabakigarritzat duen Whorfen ideia bat kontuan hartzea komeni zaigu:

«”Gauzen” munduari dagokionez —dio Whorfek— etxe, zakur, zubi, hosto, eta abar, hizkuntza guztietan funts berbera, edo oso antzekoa, aisa aurki daiteke. Baina bilakaera, aldakuntza, EBOLUZIOA eta etengabetasuna diren fenomenoetan (alegia: DENBORAN BARRENA gertatzen diren fenomenoen azterketan; eta berboaren mailan, beraz, oso bereziki) taxuketa egin behar dute hizkuntzek, horietan benetan hemendik edo handik ebaki-beharra dago, elementuak ez bait dira inola ageri. Whorfen ustez, beraz, DENBORAREN AZTERKETA da hizkuntzen funtsaren argitzaile nagusia».[2]

Azter ditzagun, beraz, euskal aditzetan denborari dagokionez gertatu diren aldaketa batzuk.

Frantsesek eta espainolek ez dute “etorriko litzateke” eta “etorriko zen” bereizten (“vendría”, “viendrait”), eta gure artean ere “etorriko zen” nabarmen ari zaio aurrea hartzen “etorriko litzateke”ri.[3]

Hainbat kasutan erdal estrukturak zeharo barneratu zaizkigu dagoeneko, eta euskararen berezkoa aienatu. Adibidez, Txillardegik, Euskal gramatika liburukoteko orrialderik ederrenetan, Resurrección Maria Azkuerekin eta René Lafonekin bat datorrela erakusten digu: aspektua zen giltzarria euskal aditz zaharrean, hau da, ekintza burutua ala burutugabea denetz, denboraren egiazkoa ala alegiazkoa, eta ez ekintza iraganekoa, oraingoa ala gerokoa ote den.[4] Ordea, auzoko erdaren eraginez, euskal hizketan zein gramatiketan iragana/oraina/geroa, atzo/gaur/bihar estruktura bilakatu da aditzaren denbora-molde nagusi[5]. Aspektuak ez du lehen zeukan garrantzia gaur. Are, Lafonen esanetan, desagertua da hainbat paradigmatan burutuaren eta burutugabearen arteko oposizioa. Espainolek eta frantsesek beren azter-moldeak kutsatu dizkigute, eta galdu egin ditugu geure aspektu zahar gehienak. Hurrengo testuan zenbait kasu zehatz aztertuko ditugu, Txillardegiren eskutik.

.


[1]  Hizkuntza eta pentsakera, 53. or.

[2] Ibidem, 62-63. orr.

[3] Ibidem, 25. or.

[4] Euskal gramatika, Ediciones Vascas, Donostia, 1978, 23. atala: “Aspektua eta denbora”, 212-231 orr. 

[5] Ibidem, 228. or.; iIkus orobat TXILLARDEGI, Lingua navarrorum, Orain, Hernani, 1996, 35-36 orr.

Galera estrukturalak

21 pentsamendu “Galera estrukturalak”-ri buruz

  • Benat Castorene 2024-09-02 15:40

    Egun on Markos
    Hausnarbide zinez interesgarria. Nabarmen da inbasio linguistikoarekin hizkuntza erdaren kalkoa bilakatzen da. Posible da aurka egitea?
    Bitxi zitzaidan :”baldokietako ileak urdinduxerik” bezalako hitzak aditzea, orain hobeki konprenitzen dut.
    Aldiz ezdakit zein mirakuluz “etorriko litzateke” eta “etorriko zen” artean diferientzia aise egiten dut senez ala ez.
    Ez dakit zure ildo beretik den ala ez, baian badago hemen nahaspila bat edo bederen halako ezuntza bat iloba edo biloba (hemen berrikitan oraindik erabiltzen ez zena) artean, iduri du basetxe baten estruktura familian nagusi gazteen haurrak denenak (aitatxiamatxirenak eta etxean egondako izeba osebarenak) zirela, komunitatearenak, eta horregatik denek ilobak deitzen zituztela. Gero kanpoko estruktura familia kopiatzeko biloba asmatua izan zela. Baina ene irudipenak urrunegi eramaten nau
    Hala guztiz ere, artikulu hunen segida, aspektuari buruzkoa, goaitatzen dut zeren nozio ez baitut untsa ezagutzen;
    Adeitasunez

  • Barkatuko didazu barkatuko didazunez, baina etorriko zen ez da vendría, habría venido baizik. Eta konfidantzaz zer dugu?

  • Egun on,

    etorriko zen = iba a venir
    etorriko litzateke: vendría luego
    etortzen litzateke: vendría habitualmente
    letorke: vendria ahora

    etorriko zatekeen: probablemente iba a venir

    Adeitsuki

  • Txillardegik, 1979. urtean, Euskal Aditz Batua liburuan:

    hurbilduko nintzen: me acercaría

    hurbiltzen nintzateke: me acercaría

    hurbilduko nintzateke: itzulpenik gabe dago

    Euskaltzaindiaren euskara batuan “habría venido” esateko bi forma daude:

    1 etorriko nintzatekeen
    2 etorriko nintzen

    Egiatan itzulpen biak gaizki daude, “etorriko” hori ez baitoa bat “venido”-rekin. Inola ere ez.

    Mitxelena eta Txillardegiren graziak. Bi hauen erruz milaka adizki faltsu euskaldunek behin ere erabili ez dituztenak, ez ahoz eta ez idatziz.

    Adeitsuki

  • Arratsaldeon: Ez dut nik itzulpenen beharra ikusten, beti ere gaztelaniaz eginak. Zergatik gaztelaniaz? Hala ere, etorriko zen “iba venir” baldin badugu, zer dugu “etorri behar zuen”? Eta orduan nola esaten da euskaraz habría venido? Dakienak esan dezala.

  • Caixo aspaldico adisquideoc! Caixo Zapiain jauna, caixo Castorene jauna, caixo Lavin jauna, caixo Nagore,

    Nagore,

    Ethorrico cen/etorriko zen: iva a venir.
    Ethorri behar çuen/etorri behar zuen: tenia que venir, debia venir.
    Habria venido: ethorri liçateque/etorri litzateke.

    Aguian oker naiz…

    Oso polita minçagaia, Marcos!
    Amicaltassunac deneri.

  • Inondik Inora. Etorri behar zuen, baina ez da etorri. Iba a venir pero no ha venido. Beste kontu bat da” etorri beharra zuen, zeukan”. Jakin izan balu etorriko zen. Habría venido. Hau eztabaida txatxua..

  • Bicain Alexandre!

    habría venido

    venido: etorri, etorria edo etorririk

    habría
    1 irreala: litzateke
    2 reala: izango zen, izanen zen

    etorri litzateke
    etorria litzateke
    etorririk litzateke

    etorri izango zen
    etorria izango zen
    etorririk izango zen

    Hiru hauen itzulpen zehatzagoa: iba a haber venido

    Adeitsuki

  • etorri/etorria/etorrik zatekeen ere ikusia dut zentzu honetan. Berez, probablemente había venido bada ere.

    Adeitsuki

  • Baita zeraren zera ere! Horiek ez dira iba a haber venido. Horiek ya habría venido ditugu. Irreala baldintza baino ez daiteke izan, ondorioa beti hipotetikoa dugu, iraganean, orainean edo etorkizunean. Eta honetaz ari garelarik, ikusten baitut oso erdara arkaikoa darabilzuela , nola esan solemos ir, he solido ir, eso lo he solido escuchar, oso erdara arkaikoa baina Nafarroan arront arrunta eta euskararen aztarna garbia duena.

  • Etorriko zen edo etorriko zatekeen (hubiera vendido edo habría venido), oporretan EGON IZAN BALITZ edo EGON BALITZ

  • “Txillardegik, 1979. urtean, Euskal Aditz Batua liburuan:

    hurbilduko nintzen: me acercaría

    hurbiltzen nintzateke: me acercaría

    hurbilduko nintzateke: itzulpenik gabe dago

    Euskaltzaindiaren euskara batuan “habría venido” esateko bi forma daude:

    1 etorriko nintzatekeen
    2 etorriko nintzen

    Egiatan itzulpen biak gaizki daude, “etorriko” hori ez baitoa bat “venido”-rekin. Inola ere ez.

    Mitxelena eta Txillardegiren graziak. Bi hauen erruz milaka adizki faltsu euskaldunek behin ere erabili ez dituztenak, ez ahoz eta ez idatziz.”

    Interesgarria.

  • Beñat, hiztegian begiratu behar izan dut “baldoki”. Iloba/biloba bereizketa baino lehen “iloba” zela bakarra, eta baserriko ume komunitarioak izendatzeko erabiltzen zela, interesgarria. Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoak zuk idatzitakoa sendotzen du: “[Iloba] hitzaren esanahi bikoiztasun hori ‘gran familia’ delako ideiari lotzen dio Bährek (1935: 25).” Familia egitura haietan, antza, bereizketa hori ez zen beharrezkoa. Latinez ere “nepos” hitzak iloba zein biloba adierazten ditu. Orotarikoak dakarrena ondo ulertu badut, Mogelena da lehenbiziko “biloba”.

    Hemen duzu artikulu honen segida:
    https://eibar.org/blogak/zapiain/jaiki-banadi-jaikitzen-banaiz-jaso-baneza-jasoko-banu

    Arrasti on, Alexandre: zoritxarrez, ez naiz gai ez “etorriko zen” “etorri behar zuen” “etorri litzateke” eztabaidan parte hartzeko ez inongo ekarpenik egiteko; ez dakit erantzuten, Txillardegirena ulertzea eta hona ekartzea aski eta sobera. Ziur naiz Nagorek giristiñoki barkatuko didala.

    Galdera bat, dena den: Josu, Txillardegik dakartzan forma horiek ez direla idatziz erabili diozu eta sinesten dizut, egiaztagarria da. Baina zelan jakin erabateko ziurtasunez ahoz ez direla erabili?
    Primitiae, Lazarraga, Refranes y Sentencias, Leizarragak… ez zituzten ahoz erabiltzen ziren forma guztiak idatzi.
    Okerra da pentsatzea historian aditz trinko gehiago erabili izan dela liburuek eta gramatikek darakustena baino? Eta zilegi dela berreraikitzen ahalegintzea, hutsuneak betetzea? “Trinkotzaindia” bezalako ekimenak ez ote ditu euskaldunon behar psikologiko sakon batek sortzen?

  • Markos,

    -iezazki-dun guztiak mahukatik atera zituzten Mitxelenak, Txillardegik eta Euskaltzaindiak:

    *diezazkiozu = dietzozu
    *diezazkiokezu = dietzakeozu

    eta -ieza-dun gehienan ere:

    *diezaiozun = diezozun
    *diezaiokezu = diezakeozu
    e.a.

    Asteriskodunak inoiz ere inon ere ez dira erabili izan. Besteak bai = ikurraren ostekoak.

    Impraktikableak diren milaka adizki onartu zituzten inolako lotsarik gabe. Barkaezina. Ondo izorratu eta joditu dute gure gazteria, baldintza eta subjunktivo faltsu guztiokin!

    Adeitsuki

  • Gau on: Espainiako Akademiak onartu egin du, baina hubiera venido ez du inongo euskaldunek esaten, hemen habría zaleak gara, eta hubiera o hubiese, niri arrotz egiten zait azken urte hauetan zabaltzen ari den ” sí viniese, si pudiese, si hubiese, gure erdal hizkeran naturalagoak dira sí hubiera, si viniera o si pudiera, guziak zuzenak, eta guziak baldintzak, ez ondorioak
    Bestela, ni ez naiz sinestuna, , ez naiteke giristinoa izan. Bo, Labinek esanen zukeen, luke edo esan zuen, luke edo zukeen, que probablemente no soy creyente. Ez bada, goitik beherako ateoa naiz.

  • Labinek beti ere tza pluralgilearen alde egiten du. Baina ekialdean daramazkit esaten dugu, ez daramatzat. Eta daramazkiot eta dakarzkio, eta dakarzkit

  • Hagin urdina 2024-09-05 22:54

    Sinesduna ez izanik, Nagore, ederki pontifikatzen dun (agian , benetan, duk, Nagoreren atzeko horri), are arrotz oso zainan gaztelanian ere (“baina hubiera venido ez du inongo euskaldunek esaten, hemen habría zaleak gara, eta hubiera o hubiese,…”)
    Bagenekien euskararen mundu pertsonabakardunaren jabe hi hintzela..orain baina erdal munduarekin ere oso ausarta haugu.
    Labinek esanen liken, diok…erratekotan, erranen liken…hik ere erranen huke eta ez esanen, iruzkinetik iruzkinera hainbeste aldatuko ez bahu hire hizkera (idazkera) zein horrenbesteko entsalada ez bahu. Bentekotasuna ez zagon ikaslerik!

  • Nor bere eroak bizi du eta zurearen tamainakoa ez da aise topatzen. Hizkera, idazkera aldatu? Hor dugu euskara nahi den eran erabiltzeko, hemengoa eta hangoa. Eta zer? Italian badira entsaladak eta entsalatoneak, eta zurea azken hori dugu

  • Hagin urdin 2024-09-06 19:43

    Baina diostanan (diostaan?) hori, hik, heurez, ESANEN hidake edo ERRANEN hidake? Hori baino ez niken (nikek?) jakin nahi, besterik gabe.

  • DesetukoLore 2024-09-27 11:15

    Oso testu interesgarria, Markos!

    Ukaezina da hizkuntza minoritario eta dominanteen arteko erlazioan, hizkuntza dominanteak minoritarioa “irensteko” joera duela. Bestela esanda, homogeneizazioak hizkuntza dominantearen alde egiten du. Hargatik, “egunen batean erdaraz arituko gara, euskaraz ari garelakoan”.

    Hau ukaezina bezain jakina bada ere, garrantzitsua iruditzen zait homogeneizazioa nola gertatzen den aztertzea. Zure artikuluak ekarpen oso interesgarria egiten dio azterketa honi! Esate baterako, inoiz ez nuen erreparatu aipatzen duzun aspektuaren kontuan. Orain, presente izango dut!

  • Mila esker, Desertuko Lore, baina nori berea: Txillardegirenak dira testu horretan ageri diren ideia GUZTIAK.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude