Filtroko sarraskiaren 30. urteurrena
Filtroko sarraskiaren 30. urteurrena –
Leire Vargas, ERRIAn.
Bihar hogeita hamar.
Bihar hogeita hamar
Filtroko ospitaletik Fernando Morroni eta Roberto Facalenetik
Josu Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañezenetik
izen gabeko beste hainbesterenetik.
Ordutik hogeita hamar
eta mugaezina den tarte bat
noizbait hasi zen borroka hartatik
oraindik amaitu ez den borroka honetara.
Berberean aurpegi desberdinak
aurpegi desberdinetan berbera.
Norbaitek nonbait gu baten alde egin duen aldi bakoitza
hari berean.
Gaur urteroko zita
Bilbon
ordu batean Eliptikan
hiruretan Txori Barrote parean
konpartsako barran gauean
urtero eta asteroko beste hainbeste zitatan bezala
borroka eremu bihur dezakegun txoko bakoitzean
hau ez delako amaitzen
manifa desegiten denean
mahaian esertzen garenean
bozgorailuak piztean
ez da amaitzen lege bat onartzean
ez da amaitzen tiroak isiltzean
gure aditzak ezabatzen diren bitartean
inperialisten hizkuntza haz dadin,
gu arrastaka lepoa makur belaunak urratuta gabiltzan bitartean
norbait besaulki bigun batean eser dadin,
elkartasun-keinuei kolpez erantzuten zaien bitartean
beldurra gu guztion zainetan zabal dadin.
Gaur urteroko zita
herri bat eraikitzeko alea ipintzearren
148 baitaude espetxean oraindik
148 horma artean
148 etxe zulaturik.
Eta hori gurean soilik.
Eta badira gure presoak
baina bada baita Palestinako herria, Sahara
eta inperialismoaren biktima guztiak
badira sistema neoliberalak eskubidez husten dituen gorputzak
gu bizi garen moduan bizi gaitezen esplotatutako esku guztiak
borroka berean.
Gure borrokan.
Bihar duela hogeita hamar
Uruguayn gurekin borrokatu zuten moduan.
Hogeita hamar bihar
hau ez baitzen atzo hasi
hogeita hamar bihar
hau ez da gaur amaitzen
bihar ere izango dira hamaika
hamaika lehertzear
hamaika batzear
hamaika altxatzen
eta altxatzen
eta altxatzen
elkarrekin.