Zu hementxe zaude

Zu hementxe zaude –

Hamabostaldi honetan Azoreak bisitatzen gaude. Hain denbora luzea generaman oporraldi hau prestatzen, non ez bainintzen ausartu Silviari esatera agian, hamabost eguneko bidaia baterako, lau irla gehiegi zirela. Halandaze… bigarren aste honetan uharteak eta lekuak nahasten hasi naiz. Egunei esker bereizten ditut: gaur osteguna bada, alokairuko autotik ikusten duguna Terceira da; larunbata bada, Flores. Gaur, asteartea denez, Sao Miguelen gaude.

Zu hementxe zaude
Irudiaren kreditua: Chris Cordes

Datez eta -tome la tercera salida- nabigatzaileaz gain, mapetako, paneletako «you are here, voce está aqui» dioten ikonoak oso lagungarriak izaten ari dira. Mezu praktikoa bezain metafisikoa da: ez badakigu, hasteko,  sumendi, ur jauzi, laku ibilbide horren zein puntutan gauden, nekez jakingo dugu zer norabide hartu, mutur batetik bestera beharko dugun denbora kalkulatu, indarrak eta bokata kopurua; non gauden ez badakigu, nekez finkatuko dugu helburu bat. 

Ondorio, behar horretara iristen gara, gero eta maizago, Google Mapsi gu orientatzeko eskatzen diogunean. Ez, aplikazioak ez du desatsegina izan nahi, baina, “bustitu” aurretik, orientatu baino lehenago, gure «kokapena» edo, gutxienez, aukeraturiko helbidera nondik abiatuko ginatekeen, errespetu osoz, galdetzen digu.

Hala ere, gure bizitzan, ibilbide laburrekoetan zein luzekoetan, kosta egiten zaigu atariko eta ezinbesteko galdera hori gure buruari egitea: non gaude? Dena askoz errazagoa da non gauden jabetzen garenean. Esaldi hori maiz errepikatzen diet ikasleoi, haien portaera eskasa dela ikusten dudanean: -non gauden ulertuko dugunean, dena hobera joango da- azaltzen diet, ahotsa altxatu gabe, jarrera jakin batzuk egoera horren ondorio direla sinetsita. Helduei ere gertatzen zaigu; agian nerabeei adina edo gehiago: Rubialesen kasua izan zen nabariena. Eta bai erraza zeukala: txalo egin, eskua eman, dominak jarri… Baina Rubiales jaunak ez zuen ulertu non zegoen, edo ezkondu aurreko agur-afari batean zegoela pentsatu zuen. Ez zion inork azaldu: “behitu, hauxe da egoera eta berez hauxe da zugandik espero dena eta hauxe da besteengandik espero dezakezuna”. Ez, ez zen beraren errua izan. Rubialesek ez zekien egoten; ez zekien bere jokaera zegokion egoerara egokitzen. Ez da kasu bakarra; jende askoren jarrerak testuingurutik kanpo daude; horra hor Galizian izandako turista -”fodechinchos”- batzuena.

Eta haruntzago joanez, noizko -ez dut uste AAri asko kostatuko zaionik- norbanako gida bat, noizko non gauden esango digun bizi-ibilbide bat? Zenbat telediario geratzen zaizkigun esango diguna, zenbat apiril dauzkagun aurrean zehaztuko diguna; gure filmeko zein pasadizotan gauden argituko diguna. Zu hementxe zaude; kontuan izan.

Noizko, bizitzako helmugaren bat aukeratzean agian berandu iritsiko garela ohartaraziko digun nabigatzaile batek? Bidesari emozional handirik gabeko ibilbideak eskainiko dizkigun GPS bat; galtzekotan behin eta berriz birbideratuko gaituena. Noizko, asuntoa korapilatzen bada, beste aukerak erakutsiko dizkigun Tom Tom Go bat? 

Gaur, astelehena denez, Corvon gaude. Edo…

En fin.

Zu hementxe zaude

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude