60 eta 70eko hamarkadetako film kubatar zaharberrituen hautaketa
60 eta 70eko hamarkadetako film kubatar zaharberrituen hautaketa –
Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak ‘En la otra isla’ aurkeztuko dute, 60 eta 70eko hamarkadetan egindako film kubatar zaharberrituen hautaketa bat
Klasikoak programaren barruko ziklo honetan 18 film labur eta ertain eta film luze bat emango dira bost saiotan, Tabakalerako Elías Querejeta Zine Eskola zinema-areto berrian
Donostia Zinemaldiaren 72. edizioak, Klasikoak programaren barruan, En la otra isla zikloa hartuko du, 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean egindako 19 film kubatar zaharberrituk osatutako hautaketa bat. Zinemaldiaren, EQZE Elías Querejeta Zine Eskolaren (aktiboki hartu du parte EQZEk zaharberritzean), eta Euskadiko Filmategiaren proposamena bost saiotan banatuta egongo da, eta zinemagileen –hala nola Sara Gómezen eta Nicolás Guillénen lan ez hain ezagunak?, persona kanonikoen –adibidez, Santiago Álvarezen– eta egitura instituzionaletatik kanpo lan egin zuten sortzaile amateurren lanez hornituko dira.
Filmak –kasu askotan mundu-estreinaldian programatuak edo Espainian lehen aldiz ikusiko direnak– Kubako zenbait erakunderen (Cinemateca de Cuba, ICAIC, zinemagileak eta partikularrak) eta nazioarteko erakunde hauen elkarlanaren ondorioz eman ahalko dira: Elías Querejeta Zine Eskola bera, zaharberritze eta filmen kontserbaziorako arloaren bitartez; Kanadako Vulnerable Media Lab/Queen’s University; Alemaniako Arsenal-Institut für Film und Videokunst; Madrilgo Altahabana Films; Archivistas Salvajes kolektiboa (Kuba-Donostia); eta Frantziako Institut National de l’Audiovisuel.
Programa Elías Querejeta Zine Eskolak Tabakaleran duen zinema-areto berrian proiektatuko da, eraikinaren beheko solairuan, eta Sara Gómezen De cierta manera filmarekin emango zaio amaiera. Emakume kubatar batek zuzendutako lehen film luzea da berau, 1977an Zinemaldiko Auzoak eta Herriak atalean aurkeztua eta Behin bakarrik bizi daiteke (1988) atzerabegirakoan berreskuratua.
2024an, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak nola denboran hala espazioan luzatutako zinema klasikoko jaialdi bat bultzatu dute, hiru ziklo multzokatuz: lehenik, Filmategiak urtean zehar Euskal Herriko hainbat kultur erakundetan programatzen dituen dozena film zaharberrituak; bigarrenik, irailean Zinemaldiaren esparruan proiektatuko diren Klasikoak saileko sei filmak; eta hirugarrenik, aurten Italia biolentoa. Italiako polizia-zinema deituko zaion atzerabegirakoa. Aurten, gainera, 60ko eta 80ko hamarkadetan errealizatutako zinema kubatar zaharberrituaren ziklo hau ere eskainiko du.
Klasikoak programak Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari jarraitzen dio, beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituen zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen ere, 1959an hasi zen eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan bertan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.
60 eta 70eko hamarkadetako film kubatar zaharberrituen hautaketa