Itziar Ituñoren Bilboko Aste Nagusiko pregoi aldarrikatzailea
Itziar Ituñoren Bilboko Aste Nagusiko pregoi aldarrikatzailea –
Aupa zu, Bilbo maite,
Amets denen kaia,
Zu Bilbo euskalduna,
Herrikoi, alaia,
Zuk alkartu dituzu,
Mari eta jaia,
Ai neure, geure Bilbo,
Hastera doa ja…
Gora aste Nagusia!
Gora Mari Jaia!
Arrasti on, Bilbooo!!
Hau ikuskizun ederra begi aurrean dekodana! Zuek hor, bizitza bera ospatzen, ni hamen, balkoi mitiko honetan zeuei begira liluratuta, hankak dar-dar, bihotza galapan, hazurretaraino hunkituta. Zu, herria, ze ederra zaren hemendik ikusita! bejondeizula Bilbo!
Zenbat bider izan nazen Arriagako oholtza ganean antzezle eta orain.. Neu naz ikusle, neu naz lekuko. Eta ez dakizue ze espektakulo ederra zarien hametik goitik! Hil artean ahaztuko ez dodana.
Eskerrik asko, Bilbooo, Jai Batzorde Mistoa eta, batez be, Bilboko konpartsak. Urte osoan auzolanean, «por amor al arte», gu ondo pasateko! Hori maitasuna ez bada… Mila esker baita, aurten, «berba»-ren pribilegioa neuri emoteagatik, luxu handia da berbarako aukera izatea zentsuraz eta bazterkeriz betetako mundu honetan. Ohore handiz onartzen dot desafioa eta… datorrena datorrela!
Itziar nauzue. Emakumea. Aktorea. Pertsona, ez pertsonajea. Basauritarra. Solokoetxen jaioa, Bilbon jaioa. Aitan partez bizkaitarra, aman partez naparra, euskaldun barri harroa AEK-ri esker. Langileria, langileria beti, feminista hutse, bai, «Las 11 de Basauri» nire auzokoak ziren, Kalero auzokoak. Eta hamaika emakume haien arima beretik, abisu inportantea: Ez dogu ezelango eraso sexistarik onartuko, ez Aste Nagusian, ez inon bez. Txosna guztietan dekozue protokoloa aktibatzeko aukera.
Txosnazale amorratue naz, por zierto, herriko jaietako onena dira txosnak, beraz, utzi txosnak kaltetzen saiatzeari! Herriari errespetuz beti. Aupa Lizarrako txosnak, alkartasun osoa!
Errespetua! Hori da danok merezi doguna. Danok. Hamen danontzako lekue dago, jaiak danonak dira, eta mundue be bai! Guztiona! Beti etorriko baten bat zu ixilarazten saiatuko danak, mehatxu eta irainekaz edo berba polit eta hipokritekaz, peaje handiekaz. Horien aurrean ez gara ixildu behar. Sekulan bez. Ixilik ez gauzelako politago! Elkarrizketarako aukera barik ez dagoelako mundua hobetzerik!
Egingo dogu berba altu eta klaru, lau haizetara! Bildur barik! Garena esateko, justua dana aldarrikatzeko! Kosta ala kosta! Libre, alai, zoriontsu!! Sasi guztien ganetik eta hodei guztien azpitik! Adierazpen askatasunarengatik!
Artistok be iritziak izateko eskubide osoa dekogu, beste guztion moduan, Mercedes Sosak esan zuen artista izateagatik ez dogula «idiota patentea» atara. Artea beti izan da eraldatzailea! Aldaketaren motorra! Dantzatu, maitatu, kantatu libre! Ez ixildu, que si se calla el cantor calla la vida! Ta datorrela ekaitza, herri honetan aspaldi ikasi dogu eta «euritan dantzan».
Handia zara, Bilbo, harroa, noblea, moderna-moderna zabiz ipinten baina ondiño fabrika usaia daroazu azalean itsatsita. Langile nekaezina, Bilbo, milaka langileren alaba zara. Zabaldu iotzezuz besoak urrundik lanera datozkizun seme-alaba barriei, hartu altxoan xamurki, horrek be zure etorkizuna direlako. Luzetu besoak gure artean, arrazoi ezberdinengatik, egon ezin dutenei. Horiei besarkadarik beroena.
Euskalduna zara, Bilbo, atara zure euskera anitza eta koloretsua plazara. «Gure arima hiltzen uzteko bezain odolgaldua» ez izan. Euskerak emoten digulako munduan leku bat.
Maitagarria zara, Bilbo, jaia denboran be ez dozulako besteen sufrimendua ahazten. Gazaren genozidioa, une honetan Palestina dagoen trantze benetan larria. Eta zu Kufiya-z jantzi zara jai hauetan inork ahaztu ez dezan.
Andere euskaldun, libre, alaia zara, Bilbo. Besoak zabalik, erraldoie! Zaharra zara, Bilbo, Mari jainkosa festaz jantzite zara. Jaia eta eta Mari, Mari eta jaia. Bilbo, zu zeu zara Mari Jaia! Hamen Nagore eta biok, sorgin bi, zure alabak! Heldu da unea, Has daitezela Jaiak!
GORA BILBO! GORA MARI JAIA! GORA ASTE NAGUSIA!
Aiiii,aiiii,aiiii,aiiii…
Itziar Ituñoren Bilboko Aste Nagusiko pregoi aldarrikatzailea
Ikurrina ez, palestina bai!