EL Proces eta prozesuak
EL Proces eta prozesuak –
Ez da batere erraza ulertzea Catalunyan gertatzen ari dena. Ziurki. 2017ko prozesua amaitutzat jo dezakegu; aldiz, ikusteke dago ea independentismoa bestelako askapen prozesu bati ekiteko gai izango ote den.
Azkeneko hauteskundeetan independentismoak gehiengoari eutsi izan balio, bestelako egoera bat izango genuke. 900.000 independentista etxean geratu izana aldagai nagusiena izanda ere, beste aldagai batzuek ere eragin itzela izan dute. Horietako batzuk saiatuko naiz azalatzen.
Gehiengoari eutsita ere, ERCk prozesua bukatu nahi zuen. Larrutik ordaindu du hauteskunde emaitzetan eta kinka larrian ibiliko da aurrerantzean, baina “ezker arduratsuaren” rola bereganatzen denean ez dago alternatibarik.
ERCk ez zuen 2017koa egin nahi, Herri Mugimenduak behartu zuen. ANCek, Omnium Kulturalak eta CUPek milaka ekintzaile antolatuta zituzten herriz herriko taldeetan; ERCk, aldiz, 600 bat militante aktibo baino ez zituen. Egun 8.200 militante kuotadunak besterik ez ditu,eta ia 4 milioiko zorra. Gainera diru publikoz kobratzen duten 350 goikargu izateak erabakiak asko baldintzatzen ditu.
Ekintzaile kopuru txikia izanik, ERCek independentismoaren hegemonia lortzeko hauteskunde lehiara eraman behar zuen prozesua. Estatu espainiarrak kale mugimendua gelditzeko beharra zuen eta ERCentzat ere komenigarria zen politika instituzionalera murriztea jardun politikoa.
Bestalde, Junts CiU baino gehiago da. Alderdi kontserbadorea da, berriz, osagarri herrikoiak ere baditu. Besteak beste, horregatik ERCk ezin izan dio aurrea hartu. Orokorrean, tamalez, bozka independentisten galera ezkerreko eremuan handiagoa izan da. CUPek ere galera handia pairatu du eta. Bilakaera hau ondo aztertu beharko dute talde ezkertiarrek.
Juntsen oinarri soziala nagusiki katalan jatorria duten katalan hiztun aktiboek osatzen dute, Catalunyako nazio ezaugarrien lausotze-prozesuarekin kezkatuta daudenak eta Espainiar Estatuarekin haustura afektiboa handia sentitu dutenak. Duela urte gutxi arte sektore horiek ezin zuten irudikatu Estatuaren bortizkeria pairatuko zutenik, “gente de orden” (gazteleraz esaten den bezala), ziren eta. Horrela ikusten zuten euren burua. Bat-batean ekintza demokratiko bat egin izanagatik “gaizkile” bezala tratatu izanak zauri sakon bat egin zien. Besteak beste, horregatik euren jarrera tinkoagoa da beste sektore batzuena baino.
Tratu txar hori ez diote Estatuari barkatu, ez Felipe VI.ri, ezta 155 artikulua indarrean jarri zutenei. Hala ere, sektore sozial hori ez da aski haustura jarrerari eusteko. Catalunya oso konplexua da, eta Junts handitu arren, berak bakarrik ezin du inondik inora jendarte-sektore jakin batzuetara iritsi. Bestalde, Juntsek ordezkatzen duen jendarte-sektorearentzat oso zaila da hainbeste luzatu den egoerak eskatzen duen mobilizazio konpromisoari eustea, “lasaitasunera” itzultzeko premia dute.
Hori dela eta, oso arriskutsuak dira independentismoarentzat PSC-ERC-En Comú-Podemosen arteko gobernua, zein akordio estrategikoa. Gobenu honek “normaltasuna” eskuartzen badu, Junts babesten duen eremu sozialari zaila egingo zaio borroka-grinari eustea. Estatuak badaki, eta aurki hasiko dira mugimenduak Juntsen barruan Puigdemonten lidergoa ordezkatzeko. Hiperlidergo mediatiko eta pertsonalak oso ahulak dira, eta hori 78ko erregimenak ederki daki.
Haustura prozesuaren gidaritza ezkerreko sektoreei zegokien, ezkerreko eragile horien militanteak ohituta daudelako beste sektore sozialetako ekintzaileekin lan egitera eta epe luzeko borroketara. Junstek (eta askoz gehiago ANCek) lortu zuen borroka egiten ohituta ez zeuden milaka herritar, ekintzaile bihurtzen. Sekulako ekarpena izan zen hura, galtzeko bidean egon daitekeen ekarpena, berriro ezkerreko sektore independentistak PSC-ERC akordio sistemikoaren aurrean prozesu askatzaile berri bati ekiteko gai ez badira.
Prozesua herrietatik hasi zen, herrietako herritar xumeak antolatzen, aktibatzen. Herrietatik, udaletatik nazio askapen mugimendu masiboa izan arte. Litekeena da Catalunyan berriro gertuko eremu horietara itzuli behar izatea, eta litekeena da ere Euskal Herrian antzeko prozesu bati ekitekotan, gertuko eremu horietatik hasi behar izatea. Izan ere, fase historiko berri honetan ahalegin berezia egin beharko genuke Catalunyako eta Euskal Herriko haustura prozesuak bateratzen, sinkronizatzen, prozesu dinamikoek eta koordinatuek helburuak lortzeko aukera gehiago baitituzte. Testu-inguru honetan garrantzitsua iruditzen zait EHUN mugimenduak “Plentziako Bidea” izena eman dio ekarpena, herritarrei mugitzen hasteko aukera ematen baitie.