Donostia Zinemaldiko Perlak Saila
Donostia Zinemaldiko Perlak Saila –
Arnold, Audiard, Baker, Coppola, Courcol, Elliot, Fargeat, Kapadia, Rasoulof, Salles, Sangsoo, Schrader eta Sorrentino ariko dira lehian Donostia Zinemaldiko Perlak Sailean.
Jon Garaño eta Aitor Arregiren ‘Marco’ filmak emango dio amaiera sailari, eta ‘The Wild Robot’ eta ‘Maria Callas: Letters and Memories’ lehiaz kanpo erakutsiko dira.
Urrezko Palma eta Cannesko zinema-jaialdiaren azken edizioko palmareseko film ugari, Berlinaleko Zilarrezko Hartza Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Annecyko Cristal saria lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria beretzeko, Veneziako Mostran, Torontoko zinema-jaialdian eta bestelako topaldietan hautatutako beste film batzuekin batera. Andrea Arnold, Jacques Audiard, Sean Baker, Francis Ford Coppola, Emmanuel Courcol, Adam Elliot, Coralie Fargeat, Payal Kapadia, Mohammad Rasoulof, Walter Salles, Hong Sangsoo, Paul Schrader eta Paolo Sorrentino zinemagileek euren film luze berriak erakutsiko dituzte lehiaz kanpoko hiru film bilduko dituen sailean: Marco (Jon Garañok eta Aitor Arregik Perlak sailari amaiera emango diote Belodromoan film horrekin), Chris Sandersen The Wild Robot animaziozko filma eta Maria Callas: Letters and Memories, Tom Volf eta Yannis Dimolitsas egileena.
Emilia Pérez filmari esker, Jacques Audiardek (París, 1952) Epaimahaiaren Saria eraman zuen Cannesko zinema-jaialdiaren azken edizioan, eta film horrek emango dio hasiera, hain justu, Perlak sailari (lehian ariko da). Zoe Saldaña, Karla Sofía Gascón, Selena Gomez eta Adriana Paz antzezleek emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuten (sari kolektiboa), halaber, sexu-trantsizioa egitea erabakiko duen narkotrafikatzaile mexikar bati buruzko film horrengatik. Edgar Ramirez ere aktoreen zerrendan dago. Audiardek Un Prophète / A Prophet (Perlak, 2009) filmarekin ere beretu zuen Epaimahaiaren Sari Nagusia, baita Urrezko Palma bat ere Dheepan (2015) pelikularekin, eta Veneziako Mostran zuzendari onenaren saria eraman zuen Les frères Sisters / The Sisters Brothers (Perlak, 2018) lanarekin. 2009an, De battre mon coeur s’est arrêté / The Beat That My Heart Skipped (2004) filmak Kontrauhina: Frantziako Zinema Berriena atzerabegirakoan parte hartu zuen.
Cow (2021) Cannes Première sailean aurkeztu ondoren, Andrea Arnoldek (Dartford, 1961) Perlak sailean aurkeztuko du Bird, Cannesko Sail Ofizialean bildutako bere film berria; zinemagileak hiru aldiz irabazi du Epaimahaiaren Saria Cannesen: Red Road (2006), Fish Tank (2009) eta American Honey (2016). Zinemagile britainiarraren lan berriak Kent iparraldeko etxe okupatu batean aitarekin eta anaiarekin bizi den 12 urteko nerabe baten istorioa kontatzen digu.
Anora ?Cannesko azken Urrezko Palmaren irabazlea? ere Perlak hautaketaren parte da. Filmaren egile Sean Bakerrek (Summit, 1971) oligarka errusiar batekin ezkonduko den Brooklyngo sexu-langile gazte baten gorabeherak planteatzen dizkigu. Hirugarrengoz hartuko du parte zuzendari estatubatuarrak sailean, Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatutako The Florida Project (Perlak, 2017) eta Cannesko hautaketa ofizialean lehiatutako Red Rocket (Perlak, 2021) filmen ondoren.
Francis Ford Coppolak (Detroit, 1939) ere hartu zuen parte Cannesko zinema-jaialdiaren azken edizioan Megalopolis alegia erromatar epikoarekin; irudikatutako Amerika batean girotua, hainbat izar ditu aktore-zerrendan, hala nola Adam Driver, Giancarlo Esposito, Nathalie Emmanuel, Aubrey Plaza eta Shia LaBeouf. Sei Oscar irabazi ditu Coppolak, bere ibilbide osoari egindako aintzatespen bat barne hartuta, eta 2002an Donostia Zinemaldiaren 50. Urteurreneko Sari Berezia eraman zuen; Zinemaldiari gagozkiola, Urrezko Maskorra beretu zuen bere ibilbidearen hasieran The Rain People (1969) filmarekin, Rumble Fish (1983) pelikularekin lehiatu zen Sail Ofizialean, non lehiaz kanpo parte hartu zuen The Godfather Part II (1974), The Conversation (1974) eta Apocalypse Now (1979) obrekin.
Cannes Première sailean izan zuen estreinaldia En fanfare / The Marching Band filmak; komedia horretan, orkestra-zuzendari itzaltsu batek jakingo du anaia bat duela eta, berak bezalaxe, musika maite duela anaia horrek. Emmanuel Courcol (Paris, 1958) zinemagile frantziarraren hirugarren film luzea da, Cessez-le-feu (Alto el fuego, 2016) eta Un triomphe (2020; komedia onenaren saria Europako Zinemaren Sarietan) lanen ondoren.
Animaziozko zineman espezializatua, Adam Elliot zuzendari australiarrak (Melbourne, 1972) Annecyko zinema-jaialdian film luze onenaren Cristal saria beretzea ahalbidetu zion filma erakutsiko du Perlak sailean; hala, barraskiloen figura apaingarriak biltzea gustuko izanik eleberri erromantikoei maitasun sakona dien neskato bakarti bati buruzkoa da Memoir of a Snail, Ellioten bigarren film luzea. Lehena Mary and Max (2009) izan zen, hura ere garailea Annecyn, eta Animatopia. Animaziozko zinemaren bide berriak atzerabegirakoan programatu zen. Beste hainbat obra ere egin ditu, hala nola Harvie Krumpet film laburra (2003), Oscar baten irabazlea.
Coralie Fargeatek (Paris, 1976) Revenge (2017) filmarekin egin zuen debuta (zuzendari onenaren saria Sitgesko zinema-jaialdian), eta The Substance erakutsiko digu oraingoan, Cannesen gidoi onenaren saria irabazi zuena. Demi Moore, Margaret Qualley eta Dennis Quaid izanik aktore nagusiak, zinegile frantziarraren bigarren lana zelula-banaketan oinarrituta egonik alter ego gazte, eder eta perfektuagoa sortzen duen produktu iraultzaile bati buruzkoa da.
Payal Kapadia (Mumbai, 1986) zuzendari indiarrak ?Cannesko Quinzaine des Cinéastes-en programatutako A Night of Knowing Nothing (2021) filmarekin estreinaldi dokumental onenaren Œil d’Or saria eskuratu zuenak? bere bigarren filma aurkeztuko digu Donostian, All We Imagine as Light, Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuena. Lanaren bidez oroitzapen mingarriak ezabatzen saiatzen den erizain baten istorioa kontatzen digu filmak: egun batean, ustekabeko opari bat jaso eta iraganeko zauriak berriz irekiko zaizkio protagonistari.
Mohammad Rasoulof (Shiraz, 1972) zinemagile irandarra Perlak sailean izango da, The Seed of the Sacred Fig filmarekin, Cannesen Epaimahaiaren Sari Berezia eta FIPRESCI saria irabazi ondoren; Teheran gatazka politikoz gainezka egonik epaile batek pairatuko duen paranoia kontatzen digu oraingoan egileak, Donostiako Sail Ofizialean parte hartu zuenak Keshtzar haye sepid / The White Meadows (2009) filmarekin eta, besteak beste, Cannesko Un Certain Regard atalean film onenaren saria eskuratu zuenak Lerd / A Man of Integrity (2017) lanagatik, Urrezko Hartzaz gainera Sheytan Vojood Nadarad / There Is No Evil (2020) pelikulagatik.
Walter Salles (Rio de Janeiro, 1956) berriz izango dugu Perlak sailean Ainda Estou Aqui / I’m Still Here lanarekin; Brasilgo diktaduran desagertutako politikari laborista baten emaztearen borrokari jarraitzen dio Sallesen film berriak, Venezian lehiatuko denak. Zuzendaria Terra estrangeira (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1995) filmarekin hasi zen nabarmentzen eta, besteak beste, hauek zuzendu zituen horren ondoren: Central do Brasil (1998), Urrezko Hartza, atzerriko film onenaren Golden Globe saria eta abar lortu ondoren Donostia Zinemaldiko Publikoaren Saria eta Gazteriaren Saria eskuratu zituena; Diarios de motocicleta / The Motorcycle Diaries (2004), Perlak sailean programatuta egonik berriz ere Gazteriaren Saria jasotzea ahalbidetu ziona; Paris, je t’aime (2006) film kolektiboa, Perlak sailean programatua berau ere, eta Jia Zhang-ke, um homem de Fenyang / Jia Zhang-ke, A Guy From Fenyang (2015) dokumentala, Zabaltegi-Tabakaleran emana.
Yeohaengjaui pilyo / A Traveler’s Needs, Zilarrezko Hartza Publikoaren Sari Nagusia azken Berlinalen, Hong Sangsooren (Seul, 1960) film berria da eta Korean instalatzen den emakume frantses bat du protagonista nagusi, Isabelle Huppertek antzeztua. Zinemagile emankorra Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours (2016) filmarekin, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra erdietsi zuen lan horrengatik. Top / Walk Up (2022) pelikularekin ere lehiatu zen Zinemaldiko Sail Ofizialean, eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen Geu-hu / The Day After (2017; lehian Cannesen) eta Domangchin yeoja / The Woman Who Ran (2020) lanekin; azken horrek Zabaltegi-Tabakalera Sariaren Aipamen Berezia jaso zuen Berlinen zuzendari onenaren Urrezko Hartza beretu ondoren.
Paul Schrader (Grand Rapids, 1946) zuzendari eta gidoigilea Oh Canada filmarekin izango da Perlak sailean, Cannesera eraman ondoren. Richard Gere, Uma Thurman eta Jacob Elordi ditu protagonista filmak, bere bizitzari buruz egia osoa kontatzea erabaki duen dokumentalista bati buruzkoak. Schraderrek Yakuza (Sidney Pollack, 1975) eta Taxi Driver (Martin Scrosese, 1976) filmen gidoiak idatzi zituen (besteak beste), eta Donostia Zinemaldiko Auzoak eta Herriak sailean aurkeztu zuen Blue Collar (1978), bere lehen filma zuzendari gisa, 1982an. Urte batzuk geroago, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen Auto Focusekin (2002), eta 2019an, berriz, Mishima: A Life in Four Chapters (1985) bere filma berreskuratu zuen Klasikoak sailak.
Paolo Sorrentinok (Napoli, 1970) ?È stata la mano di dio / The Hand of God (2021) filmarekin egon zenak Donostia Zinemaldiaren Hizketaldian atalean, Venezian Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu ondoren?, Parthenope epopeia femeninoarekin hartuko du parte Perlan sailean, Cannesen estreinatu ondoren. Hona hemen zuzendari italiarraren lanik nabarmengarrienak: Il Divo (2008), Cannesen Epaimahaiaren saria erdietsi zuena; La grande bellezza (2013), ingelesez besteko film onenaren Oscar sariaren irabazlea, eta Youth (2016), Europako Zinemaren hiru Sari bildu zituena.
Hamahiru film hauek dira Donostiako Udalak babestutako Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagai. Esan behar da filmaren lehen emanaldira etorritako ikusleek erabakitzen dutela zein filmek merezi duen saria. Donostia Hiria Publikoaren Saria bi golardoz osatuta dago: batetik, film onenaren saria dugu, 50.000 eurokoa; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Film irabazlea Espainian banatzeko eginkizuna duten banaketa-enpresek jasotzen dute.
.
Lehiaz kanpoko hiru ‘perla’
Veneziako Mostrako Orizzonti sailetik igaro ondoren, Jon Garañoren (Donostia, 1974) eta Aitor Arregiren (Oñati, 1977) film luze berriak lehiaz kanpo emango dio amaiera Perlak sailari, Belodromoan. Marco filmeko protagonista Enric Marco da (Eduard Fernández aktoreak antzeztua), benetan existitu zen pertsona bat, bere biografia faltsutu zuena, Flossenbürgeko kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zelakoan. Euskal Herriko zinemagileek Donostiako Sail Ofizialean hirutan hartu dute parte, Loreak / Flowers (2014), Handia (Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria, 2017) eta La trinchera infinita / The Endless Trench (zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoi onenaren Saria, 2019) lanekin.
The Wild Robot DreamWorks Animation etxearen abentura epiko bat da, uharte huts batean galdu ondoren antzarakume umezurtz bat adoptatuko duen robot bati buruzkoa. Chris Sandersek (Colorado, 1962) zuzendutako animaziozko film hau Toronton estreinatuko da, eta jatorrizko bertsioa Lupita Nyong’o, Pedro Pascal, Catherine O’Hara, Bill Nighy, Kit Connor, Stephanie Hsu, Mark Hamill, Matt Berry eta Ving Rhames antzezleek bikoiztu dute.
Azkenik, Maria Callas: Letters and Memories ez-fikziozko filma lehiaz kanpo emango da Perlak sailean, Maria Callas soprano mitikoaren bizitzan zeharreko bidaia intimoa. Monica Bellucci aktoreak egin du Callasen rola Festa del Cinema di Roma jaialdian estreinatu eta Tesalonikako jaialditik igarotako film honetan. Tom Volfek eta Yannis Dimolitsasek (Chania, 1986) zuzendua, oroitzapenak, gutunak eta orain arte ikusi gabeko irudi esklusiboak baliatzen ditu bel canto musika-teknikako ikonoa oroitarazteko.
Armani Beauty –Zinemaldiaren official beauty sponsor laguntzailea– da Perlak saileko babeslea.
Donostia Zinemaldiko Perlak Saila Donostia Zinemaldiko Perlak Saila Donostia Zinemaldiko Perlak Saila