Kronika-Abuztuak 15, Askatasunaren eguna
Kronika-Abuztuak 15, Askatasunaren eguna –
“824-2024 Nafarroa, euskaldunon estatua” leloa aukeratu du ORREAGAk aurtengo Askatasunaren Egunerako.
Ekitaldi politikoa hasi aurretik, harrera egin zitzaion Pasai San Pedrotik zetorren itsasontziari, Pasai Donibanen. Euskal Herriaren alde hildakoak omentzeko lore-sorta zekarten bertan. Gernikako martxa eta suziriak entzun ziren itsasontzia lehorreratu zen artean.
Santutxoan agurra dantzatuz omendu ziren Nafarroako Erresumaren alde borrokatu zirenak. Lore-sorta han utzi, eta Bizkaia plazara abiatu zen desfilea, ekitaldi politikora, txistularien atzetik eta banderak zeramatzala.
Ez da ohikoa han entzundako mezu politikoa egunerokoan entzutea, mezu politiko argia eta indartsua izan baitzen karpapean esandakoa.
Historia aipatu zen lehenik, baina gure benetako historia: 824. urtean, duela 1200 urte, Eneko Arista Iruñeko erresumako buruzagi izendatua izan zen; gure ezaugarri nazionalen garapena eta iraupena ziurtatzeko lehen egitura politiko estandarizatua sortu genuela gogorarazi zuten.
Aldi berean, independentzia eta estatua berreskuratu nahi baditugu, barne antolakuntza propioa antolatzeko ordua dela esan zuten, Madril eta Frantzia “satelizaziotik” ateratzeko, eta, prestatzen bagara, beti izango dela Eneko berri bat aurkitzeko aukera.
Ondoren, gaurko errealitatearen kontzientzia izateari eman zioten garrantzia: estatua desegin digutela eta herri okupatu bat garela azpimarratu zuten, eta ezinbestekoa dugula errealitate horretatik abiatzea independentzia berreskuratu nahi badugu.
Eta errealitate horretara iristeko gure kolonizatzaileek erabili dituzten hiru faseak aipatu zituzten: militarra lehena, bortitza, beldurra eta izuaren, instituzionalizazioarena bigarrena, zapalduriko herriaren ezaugarriak eta existentzia desagerraraztera bideratua, eta gezurra eta manipulazioarena hirugarrena, euren krimenak ezkutatzeko idatzitako historia inposatzen duen fasea.
Euskal politikariak deitzen diren horiek Madrilek eta Parisek gu lokartzeko ezarri dizkiguten erakundeen kudeaketan denbora galtzen ari direla adierazi zuten gero, eta historiak erakutsi digula bide hori antzua dela.
Herriaren alde egiten duen politikariak ez lituzkeela independentzia, inperialismoa, kolonizazioa eta menderakuntza hitzak bere diskurtsotik baztertu behar, hain juxtu eten gabe erabili beharko lituzkeela eta zapalkuntzaren konzientzia zabaldu esan zuten, ondoren.
Ideologiaren garrantzia ere nabarmendu zuten: “Hemen, subjektu politikoa Euskal Herria da; gu ez gara Espainiaren eta Frantziaren objektu politiko bat”. Eta gogorarazi zuten ideia nagusi horrek determinatu behar duela gure jokabidea ere.
EAJren, Sorturen eta GKSren burokraziek Euskal Herritik kanpo kokatzen dutela subjektu politikoa, eta sasi-ideologia horiek ondorio politiko konponezinak dituztela ere esan zuten, hala nola nazio gisa eta okupatutako estatu gisa dugun existentziaren ikusezintasuna: “existitzen ez bagara, ez dugu eskubiderik, eta, beraz, ez dugu autodeterminazio-eskubiderik”.
Azkenik, gure arbasoek egin zuten moduan guri orain zer egitea dagokigun esanez amaitu zuten ekitaldi politikoa: zapalkuntzaren kontzientzia zabaltzea, erresistentzia-indarra batzea, eta askapenerako politika marraztu eta aplikatzea, herriari begira eta herritik sortua, Errobik kantatzen duen moduan berriz ere “gure lurrean gu nagusi” izan arte.
Horretarako proposamena luzatu zuten amaitzeko: Askapen estrategia nazionalaren bi fronte irekitzea: bata egituratzailea eta bestea ideologikoa. Independentziarako bidea urratzeko gure bi zangoak.
Kronika-Abuztuak 15, Askatasunaren eguna
Palestinaren aldeko edozein deialdik zuenak baino askoz ere jende gehiago biltzen du. Zer esan nahi du honek?
Zer esan nahi duen? Gure herri gizarajoak bereak egin duela. Aberri egunean palestinar eta ukrainar bandera gehiago ikusten ziren gure herrietako etxeen balkoietan ikurrinak baino.
Nazionalismoaren berrezarpenik gabe, akabo.