Sagardoak ez du C bitaminarik

Sagardoak ez du C bitaminarik –

Amatiñok bere blogean.

Jakinekoa da XVI-XVIII. mendeen artean eskorbutoa zela marinelak gehien izutzen zituen gaixotasuna. 1747 urtean frogatu zen C bitaminarik ezak sortarazten zuela gaitza. Herri-tradizioak ondorioztatu zuen euskal marinelak zirela nekezen gaixotu ohi zirenak, ez baitzuten alferrik sagardoa edaten. Baina sagardoak ez du C bitaminarik. Orduan

Sagardoak ez du C bitaminarikDuela 8.000 urte inguru ekin zion gizakiak itsasoratzeari, baina eskorbutoak ez zien nonbait marinelei erasanik egin XV. mende arte, itsas-bidaiak bi hilabete baino gehiago luzatu arte, hain zuzen ere. “Itsasoko izurria” bitaminarik ezaren ondorioa izan zitekeela sumatu zuen Vicente Lardizabal (1) donostiarrak, eta James Lind mediku inglesak frogatu (1747), berriz, C bitaminaren falta zela, zehatz mehatz, harako eritasuna eragiten zuena. Hau da, laranja edo limoia hartzea aski zela eskorbutorik ez jasateko edo, behin gaixotuz gero, osatzeko.

Ordurako jakina zen, 1520tik aurrera Ternuara balea zein bakailao bila joaten ziren euskal arrantzaleek ez zutela eskorbutoaren erasanik izaten. Eta sagardoa edan ohi zutenez, sagarraren C bitamina tarteko, James Linden ekarpena aukera-maukeran etorri zen ‘zientziaz’ frogatzeko euskal tradizioak ‘betidanik’ jakinekotzat jo izandakoa: sagardoa zela eskorbutoaren antidoto naturala.

Euskal tradizioaren herri-uste hau kolokan jarri berri da, ostera, Elkanoren munduaren inguruko lehen itzuliaren (1522) 500. Urteurrena zela-eta, Daniel Zulaika mediku zarauztarrak gaia aztertu eta “La sidra no prevenía el escorbuto en las travesías oceánicas” delako txostena burutu eta argitaratu zuenean (R.S.B.A.P. LXXV – 1/2 – 2019).

Zulaikaren tesia bi ideia nagusitan oinarritzen da:

1. Sagarrak C bitaminarik badu ere, sagardotzeko prozesuan guztiz galtzen du. Alegia, sagardoak ez du batere C bitaminarik. Gaur egun ez du eta ez dago batere arrazoirik XVI-XVIII. mendeetan izan zezakeenik pentsatzeko.

2. Egia izan arren ere Ternuaraino joan ohi ziren euskal arrantzaleak ez zirela eskorbutoz gaixotzen, ez zen sagardorik edaten zutelako, baizik eta joaneko zein etorriko bidaiek ez zutelako hilabete bat baino askoz gehiago irauten, eta eskorbutoak, garatuko bada, bi hilabete inguruko C bitaminaren gabezia behar duelako.

Polit askoak dira elezaharrak, eta ulertzekoa da sasi-usteei amore emateko tentaldia, egiak ez baitu gehienetan asmakizunaren lirika edo epikarik, Baina gauza bat da elezaharrak sutondoan kontatzea, kontatze aldera, eta beste bat egiazkotzat jotzea… oraindik ere euskal sagarraren inguruko blogen batek edo bestek aditzera eman nahi lukeen bezalaxe.

.

1) Consuelo de navegantes. Madril, 1770

Sagardoak ez du C bitaminarik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude