Hizkuntzak, iraute eta aldatzearen arteko oreka (Wittgenstein eta Eduardo Apodaka)
Hizkuntzak, iraute eta aldatzearen arteko oreka (Wittgenstein eta Eduardo Apodaka) –
Markos Zapiainen, Wittgenstein hizpide duela, azken artikulua gustora irakurri dut, asko iradoki dit eta zer pentsaturik nahikotxo eman ere. Hizkuntza batean araua dela eta ez dela, berorren betebeharra zorrozki hartzea edo ez… kontu honek nola ikutzen duen gure euskara hausnartzera animatu naiz. Edozein hizkuntzak, eta euskarak nola ez, bete beharreko arau edo jokamolde zenbait ditu eskakizun; “Beste jokoek bezala, hizkuntza-jokoek ere, funtzionatuko badute, arauak behar dituzte” (ZAPIAIN, Bigarren Wittgenstein eta araua). Alabaina, Bigarren Wittgenstein-en harira Zapiainen jasotzen duenez, arau hauek ez genituzke zehaz-mehazki eta zorrozki behartzen nauten “errail” estu modukotzat jo behar, ez; “Wittgensteinek uste du arauek antz handiagoa dutela, errailekin baino, bide-seinaleekin, jarrai daitezkeenak edo ez” (ZAPIAIN, Bigarren Wittgenstein eta araua)
Honaino esandakoa tarteko, nire ikusian, baditugu bi kontu oso aintzat hartu beharrekoak: bateko, hizkuntzak bera berau den hori izaten jarrai dezan bermea (arauen bidez ematen dena); besteko, hizkuntza horri malgutasuna ematen diona, hau da, aldaketa-jauzi kualitatiboak eman daitezen aukera (bigarren ezaugarri hau, errailtzat jotako arauekin ez, baizik-eta bide-seinaleetzat jotako arauekin bermatzen dena). Hartara, nor bakoitzak, besteek ulertua izango bada, asko bete beharko du derrigor, baina betebeharrekotasunaren zama ez zaio hain pisutsua izango, non beti ere beti bere hizketa errepikatze hutsa baino ez den izango. Eskuarki, besteena ere den hizkuntza arauak beteko ditugu, baina jakingo dugu, ondo jakin ere, noiz eta nola egin dezakegun malgutasun aldera: “Jendeak egiten duenari begiratu behar diogu. Eta jendeak badaki arau jakin bat betetzen ari den ala ez; ez dio bere buruari filosofo eskasak bezala galdetzen “hau ezinegona, nola ote dakit zehazki arauari behar bezala jarraitzen ote diodan?” (ZAPIAIN, Bigarren Wittgenstein eta araua)
Eta zer-nola errotzen dira gugan honelako arau guztiak? Ezen, badakigu betetzen ditugula maizenean, eta noiz bete eta noiz aldiz ez, ondo ere ondo dakigu, baina, izatez, berez, ez dira derrigor bete beharrekoak. Orduan zer gertatzen da tarteko gure hizketan bete ditzagun?. Bada, Zapiainek bere artikuluan jasotzen duenez:
“Jendeak badaki hizkuntzaren arauak betetzen dituela ingurukoekin mintzatu eta elkar ulertzen dutelako. Arauari jarraitzen diot horretarako trebatua izan naizelako, eta arauari obeditzera narama inguruan beti jokabide horixe ikusi izanak: hezi nindutenek ere horrelaxe jokatzen zuten, horrelaxe jarraitzen zioten arauari. Akordioan eta azturan oinarritzen direlako eman ditzakete arauek zuzentasun-irizpideak. Araua zuzen betetzea komunitatearen jardunbideetara egokitzea da. Komunitateko kide gisa dugun prestakuntzari esker lortzen dugu arauak betetzeko gaitasuna; besteak beste, esaldiak zuzen erabiltzekoa” (ZAPIAIN, Bigarren Wittgenstein eta araua)
Hizkuntza bat komunitate baten jokurik nagusienetarikoa dugu. Eta joku horrek, hizkuntzaz besteko beste zenbait joku kulturalek eta etnikok antzo, ohituretan, norberak barneratutako ohituretan du bere betetze bermea, Zapianek, Bigarren Wittgenstenen hizpide, argi dioskunez:
“Ohitura, hizkuntza-joko eta bizimodu jakinetan agertzen eta gertatzen dira arauak. Gizarteko praktika linguistikoan sortzen eta aldatzen dira, ez dute sakonagoko mamirik. Eguneroko bizitzako jardueretan oinarriturik hartzen du zentzua arauaren deskribapenak” (ZAPIAIN, Bigarren Wittgenstein eta araua)
Orain nire aldetik salto eginez-edo, Zapiainen artikuluan esandakoaz bat egite adera baina bestelako hitzez, Eduardo Apodakak honen harira Identitate eta anomalia bere liburuko zenbait ideia ekarriko ditut hona. Zapiainen artikuluan esandakoa indartzen dute Apodakarenek; bateko, ohiturek hizkuntza prakiketan duten indarra ondo azpimarratzen du; eta besteko, Zapiainek aipatutako malgutasunari dagokionean zehaztapen interegarririk ere luzatzen du. Ondo eta argi jorratzen du Apodakak azturaren indarraren gaia hizkuntzei dagiokienean:
“Erregimen kontsuetudinario batean mintzoa, ohiurari loturik eta berariazko insitituzio zaindaririk gabe, jardunen testuinguruaren mende aldatzen da” (E.APODAKA, Identitatea eta anomalia, 119.or)
Ohitura eta praktikak ditugu hor azpimarragai. Praktikak, komunitatearen baitan ematen diren aldetik, ez dira hutsetik sortzen, aurretiazko, edo jada orain ematen ari diren ohiturek zabaltzen diete beren bidea. Ohituren sistemak eskaintzen dio hizkuntzari ezinbesteko duen bermea. Halare, aldatu ere aldatu egiten dela diosku Apodakak, testuinguruz testuinguru, nonbait. Dena den, testuinguru direlako horiek ez dira soil-soil “hizkuntza-erregistroak” dei genitzakeen horiek (formala, informala, etxe mailakoa, kale mailakoa…); harago doala kontua esango nuke nik, gizarte mailako elkar-ekintzek sortutako giro edo markoen errealitate berriak barne hartuko lukete aipatu testuinguruek.
Goazen baina pausoz pauso, aurrena aurren, eta hurrena hurren. Goazen aurrenik hortaz, ohituren logikari erreparatzera. Ohiturak, azturak, dira hizkuntzaren praktikak balizko eta bideragarri egiten dituztenak. Baina zer dira hemen, Apodakaren ikusian, hizkuntzaren ohiturak? Bada, nolabait edo beste, seinale-bidetzat ulerturiko Wittgenteinen arauekin bat-edo egiten duten zer edo zer:
“Ohituraz bizi bagara serio, azturetan zeharo murgildurik, azturak (hizkuntza-azturak barne) ez dira berbabide, ez dira diskurtsogai, izan praktik gordinak dira. Edo, halakotzat jo behar ditugu” (E.APODAKA, Identitatea eta anomalia, 119.or)
Orain, geurera etorrita, euskarari dagokionean, zer esan genezake bere horretan iraute eta aldatuz joate horren arteko orekari buruz? Bada, gurean propio aukera paregabea dugu berorretaz hausnartzeko. Izanez ere, gurean, kulturalki gure herria (hizkuntza barne, edo, hobeki esan, bereziki) ukatua den aldetik, izugarrizko etena sortzen da euskara legalki (baina, batik bat, formalki) aitortua izatea eta ordura arteko euskararen bizipen guztiz tradizionalaren artean. “Euskal gizarte tradizionalaren” eta “euskal gizarte modernoaren” arteko kontrasteaz ere mintzo zaigu Apodaka. Kontuak kontu, ofizialki ikusgarria izatea edo, aldiz, ikusezina izatea ez da legalitate kontu hutsa, edo ez huts-hutsik. Egoera “modernoak”, “legalak”, “ofizialak”, edo nahi dugun moduan deituta, euskarari zenbait eta zenbait ondoren dakarzkio hurren, bestena beste, berorren “tematizazioa” eta, oroz gain, berorren arautzea eta gramatikaltzea.
Guztiz bestelakoa zen baina euskarekiko egoera Apodakak deituriko euskal “gizarte tradizional” delako horretan:
“Zinezko jendarte tradizionalean, ez zuen inork euskararen sistematizazio eta formalizazioa egin. Baina, segur naiz, askotan hitz egingo zuten euskaldun horiek euren esanen egokitasunez, eta zentzuari euste aldera, eta inuruko joerekin bat eginez, euskara arian-arian aldatuko zuten. Sortzaileak ziren, nork uka? Baina nola pentsatuko zuen inork hitz-jario kolektiboa, bere osoan, eta xede zehatzen arabera aldatzerik egon zitekeela? Nola begitandu ere hizkuntzaren korpusa oso-osorik arautzerik egon zitekeela?” (E.APODAKA, Identitatea eta anomalia, 119.or)
Bada, egoera tradizional delako honetan ere, euskarak bazituen hizkuntzak oro har berezko dituzten bi ezaugarri ezinbestekoak, gorputz-iraunkortasuna eta aldatzeko gaitasuna. Esanda moduan, egoera tradizional honelakoan euskarak tradizioz tansmitutako ohituren bidez bermatua zuen bere bizirautea eta, halere, ez zegoen inondik bere horretan “izozturik” edo “hormaturik”. Transmititutako ohitura horietan beroietan aldaketarako hazia-edo bazegoen, egon:
“Komunikazio sinbolikoa, ikastearen bidez transmititzen den jakintza orotan bezala, zabaldurik dago: zentzuari eusteko formak aldatzen ditugulako, eta forma ihartuak edo ulergaitzak hala moduz interpretatzen ditugulako zentzua izan dezaten” (E.APODAKA, Identitatea eta anomalia, 120. or)
Eta zer gertatzen da hizkuntza baten “modernizazioarekin” batera? Bada, ustez ohiturek, errepikatzearen errepikatzez, gordetako zenbait eta zenbait molde zalantzan jartzen hasten direla, eta halaber horiekin batera ohituren teknologia sozialak oro. Aurrerantzean, ez da ezein praktika hala-hola onartuko, soil-soil praktika hutsa izateagatik:
“Finean, bai praktiak, bai praktiken artikulazioak (egitura edo instituzio sozialak) landu, findu, egokitu, moldatu eta inbentatu behar ditugun tresnak, lanabesak, teknologiak… izango dira… Hizkuntza jardunetik askatuz eta xedeen karietara moldatuz, proposamen orokorrak egiten zaizkie hiztunei” (E.APODAKA, Identitatea eta anomalia, 121. or)
Modernizazioarekin batera ailegatu zitzaizkigun gramatikak, eta, batez ere, sistematizatzeko eta batzeko ekintzak eta ohiturek aurrez ezarritako zenbait xedetarako moldatzeko beharra.
Orain, esandakoa esanda, eta lerro hauei buru eramate aldera-edo, zera gehituko nuke nik; hizkuntza baten, eta gurean euskararen, “erakundetzea”, “instituzionalizatzea”, “homogeinizatzea” eta “aruautzea” (azken bi hauek euskara batua sortuta lorutak) tarteko ere, sakonean, euskararen hondoan, beti ere beti egoera tradizonaleko ohituren bidezko logikak ere iraun behar du, euskarak bizirik iraungo badu. Gerora, logika horren gainean, praktika direlako horien guztiorien gamatikaltze eta erakundetze ekimenak segituko dira, baina, halarik ere, ohituren garrak egingo du ondorengo objetibatzea nolabait edo beste posible.
Igor Goitia
Mila esker, Igor! Hori da hori, sakonki irakurtzea!
Primeran ekarria gainera Apodakaren idatziarekin lotura!