Kaledonia Berriak Frantziako portaera inperialista agerian jartzen du
Kaledonia Berriak Frantziako portaera inperialista –
“Matxinada Ozeano Bareko kolonietan” ere izan liteke artikulu honen izenburua. Izan ere, izenburu horrek ondo islatuko luke zein den Kaledonia Berrian (Kanaky, bertako hizkuntzan), 1853tik frantziar kolonia den horretan, azken hilabeteotan nagusitu den giroa. Bertako biztanleria autoktonoak (kanakak), gehienbat independentziaren aldekoa denak, Frantziako politika inperialistarekin nazkatuta dagoela argi erakutsi du, eta uhartediko herrietan protesta handiak burutzen ari da azken boladan. Manifestazio jendetsuak, grebak, istilu larriak, ehunka atxiloketa, hildakoak, independentisten deportazioak,…. Frantziak errepresioa gogortu du eta oinarrizko eskubideak murriztu, larrialdi-egoerarekin antz handia duen erregimen bat bertan ezarriz. Parisek ez du inongo arazorik frantziar “balore demokratikoak” baztertzeko inperioaren batasuna kolokan dagoenean.
Ukrainako eta Gazako gatazka odoltsuek, hein handi batean, ezkutatu egin digute Kaledonia Berrikoa, euskaldunontzat esanahi berezia duena, gu zapaltzen gaituen estatuetako bat inplikatuta dagoelako. Bestalde, Frantziaren portaera inperialista agerian utzi du auzi honek munduaren aurrean.
Erro sakonak dituen gatazka baten aurrean gaude. Ia berrehun urtetan, Frantziak kolonizazio basatia burutu du kanaken Herrian. Kolonizazio politikoa, kulturala, ekonomikoa, soziologikoa eta demografikoa. Ondorio latzak utzi dituen kolonizazioa: gaur egun, biztanleen herenak soilik hitz egin dezake bertako hizkuntzaren batean. Eta frantses kolonoen ondoz ondoko olatuek bertako biztanleria gutxiengo etniko bihurtu dute uhartedian. Horretan ere, Frantziak munduko inperialista guztien taktika bera erabili du: populazio-mugimenduak egin nazio azpiratuak hobeto kontrolatzeko. Mussolini faxistak Hego Tirolen egin zuena eta Stalin genozidak errepublika baltikoetan, eta gaur egun Txina edo Israel Tibeten eta Palestinan, hurrenez hurren, egiten ari direna, errepikatu egin du Frantziak: kolonoen bidez bertako biztanleria gutxiengo bihurtu. Zaharrak berri.
Eta kolonoen arazoa da, hain zuzen ere, kanaken matxinadaren atzean dagoen gako nagusia. Frantziako gobernuak lege-aldaketa egin berri baitu kolono berriek balizko autodeterminazio-erreferendum batean bozkatu ahal izan dezaten. Kaledonia Berriko mugimendu independentistak Frantziako gobernuak onartu duen hautesle-errolda aldatzeko proposamena bertan behera uztea exijitzen du. Aldaketa berriak bozkatzeko aukera ematen die kolono frantsesei uhartedian gutxienez 10 urte bizi izanda. Lehen, 1998 baino lehenagotik bizi zirenek (eta haien ondorengoek) soilik eman zezaketen botoa. Independentisten ustez, errolda-aldaketarekin ontzat ematen du Frantziak garatu duen immigrazio masiboa, haien iritziz onartezina dena.
XX. mendean, 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Kanakyn egon ziren independentziaren aldeko gatazka bortitzak Nouemeako Itunaren bidez baretu eta bideratu ziren. 1988an, Frantziako gobernuak, independentistek eta uhartediko unionistek aipatutako ituna sinatu zuten, gatazka politikoari irtenbide bat emateko. Itunak eskumen politiko zabalak ematen zizkion Kaledonia Berriko gobernu autonomoari, eta baita hiru autodeterminazio-erreferendum egiteko aukera ere, lehenengo bietan ezezko botoa nagusitzen baldin bazen. Deskolonizazio-prozesuetan, formula berritzailea.
2018an antolatu zen lehenengoa. %81eko parte-hartzearekin, ezetzak botoen %56 lortu zuen, eta baietzak %44. Bigarren erreferenduma egiteko leihoa ireki zen.
2020ko urrian izan zen hori. Independentziaren aldeko botoak igo ziren, baina ez behar adina: %47. Parte-hartzea ere lehenengoarena baino pixka bat handiagoa izan zen, %85.
Hirugarren erreferendumera deitu zuen Frantziako gobernuak urtebete geroago, 2021ean. Independentistek boikoteatu egin zuten, datarekin ados ez zeudelako. Emaitza: Parte-hartzea oso apala (%43), eta independentziaren aurkako botoa nagusi.
Harrezkero, Frantziako gobernua eta independentista kanaken arteko harremana nabarmen gaiztotu da. Eta Macronen gobernuaren aldebakarreko erabakiarekin, errolda-aldaketaren legearekin, are gehiago. Egoera baretu beharrean, Frantziako gobernuak gasolina gehiago bota du sutara. Independentistek NBEren bitartekaritza eskatu dute.
Naziogintza Taldean, jakina denez, munduko Herri guztien autodeterminazio-eskubidea eta independentzia-eskubidea tinko aldarrikatzen ditugu. Kaledonia Berriarena, gainera, kasu paradigmatikoa da, NBEren deskolonizazio-zerrendan aspaldian sartu zutelako. Frantziar estatuak nazioarteko ordenamendu juridikoa bete behar du eta azpijoko eta jukutriarik gabe bidezko erreferendum bat antolatu, Kanakyko mugimendu independentistarekin adostua. Eta erreferendumez harago, beste urrats batzuk ere eman behar ditu. Autodeterminazioa lehenengo baldintza baita, baina ez bakarra, justizia egiteko. Gero, frantziar estatuak barkamena eskatu beharko luke 200 urtean burututako politika kolonialista basatiengatik, kanaken etnozidio ia osoa eragin baitute. Euskaldunok ongi dakigu zer den hori.
Eta azkenik, 200 urte horietan zehar han lapurtu duen guztia, neurtu, ebaluatu eta itzuli egin behar lioke Kanaken herriari, berandu bederen zuzentasun apur batez jokatzeko.