Egun batetik bestera

Egun batetik bestera – 

– Putzu bati, aukera moduan beharrean, oztopo gisa begiratzen diogun egunean haurtzaroa bukatzen zaigu -dio Katty Williamsek. Heltzen, zahartzen, bizitzen, aguretzen garen heinean txiparen bat pizten edo amatatzen zaigu buruan.

Irudiaren kreditua: Gage Skidmore Wikimedia Commonserako

Burua da, prozesu horretan, gehien aldatzen eta sofritzen duena eta gehien kezkatzen gaituena zahartzean. -Baina burua oso ondo dauka -esan ohi dugu senide baten narriadura fisiko larria leuntzeko-. -Txarrena da burua ederki daukala; guztiaz ohartzen dela -azaltzen dugu, hala ere, narriadura horrek norbait makalduta edo egoera begetatiboan duenean. -Burua da gero eta txartoago daukana -deitoratzen dugu. Gerontokrazia -oso argi geratu zen pasa den astean- garaia bizi dugu. Bi “inperioak” -politikoa eta espirituala- gobernatzen dituztenak senilitatearen sintoma nabarmenak erakusten dituzte; bereziki Bidenek. Ezin dira putzu askotan sartu. Bi agure dira.

Agure hitza latinezko “avus-avule” -tik dator, “aitona, zaharra, arbaso”aren esanahiarekin. Beste bide posible bat hebreerarena “abba”, aita zentzuarekin eta arabierazko “abu” -ra igarotzen dena; hortik latinezko “aviolus” -era, gaztelaniazko “abuelo” -ra eta euskarazko “agure” -ra. “Agure” horren gainean eraiki genituen “aguretu” (zahartu) aditza eta “agure gordin (lizun)”, “agure zahar”, “agure mutil” bezalako esamoldeak. Egoera batzuetan -kolokiala- “senarra” izan daiteke. Eta marinelen artean kapitainari deitzeko modu hurbila.

Argi dago, halaber, Aita Santuaren adinak bidaltzen digun mezu subliminala: Elizak ez du inolako presarik izango eguneratzeko. Argi dago Etxe Zurirako bi hautagaiek, eta bereziki Bidenek, adierazten zigutena: presidenteak ez du gobernatzen; presidentea logo bat baino ez da, marka, anagrama bat. Biden pin herdoildua da. Mezu horretatik harago, agure horrek karguari nola eusten zion da deigarriena; ez zen jabetzen kanpotik agerikoa den senilitateaz, denboraren igarotzeaz.

Oso didaktikoak dira, hain zuzen ere, denboraren eta gazteen iheskortasunari buruz Sarean aurki ditzakegun memeak. Guztiek egitura berari jarraitzen diote eta, edadedunok, ederki ulertzen dugu: “Egun batean gaztea zara eta hurrengoan ez”. Virgiliorengandik -Sed fugit interea, fugit irreparabile tempus- Lewis Carrollengana literaturak bertsoak eta kontakizunak xahutu ditu gu konbentzitzeko, baina esaldi labur horiek dira berehalakotasun hori hobekien azaltzen dutenak: astelehenean gaztea zara eta asteartean ez. Egun batetik bestera… “Egun batean gaztea zara eta hurrengoan baduzu sukaltarriaren azpian poltsaz betetako poltsa bat eta poltsa horri “poltsen Poltsa” deitzen diozu”. Egun batetik bestera ez duzu lagun zaharrekin topo egiten tabernetan, superraren edo Ikearen korridoreetan baizik. Egun batean gaztea zara eta hurrengoan “zer ari zitzaizun kontatzen” edota “zeren bila nentorren”.

Egun batean, berriz, agurea zara eta hurrengoan izozkiek zoratzen zaituzte. Egun batean agurea zara eta hurrengoan putzu guzti guztietan sartzen zara: Zelenskiri Putin deitzen diozu; Kamala Harrisi, Trump; Europari, Asia.

En fin

AsteRkaria

Egun batetik bestera

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude