CCOO eta euskara
CCOO eta euskara –
Rikardo Arregik Deia egunkarian.
Nekagarria da, eta astuna, euskarari buruz idatzi beharra, ez dut batere maite, baina CCOOko Loli Garcíari, Pradales lehendakariarekin bilera izan eta gero, gaztelaniaz entzundakoa bueltaka dut buruan pasa den egunetik eta beste gai batzuk albo batera utzirik hona ekarri nahi dut. Loli Garcíak metaforen eremu arriskutsuetara jo du, Osakidetzaz ari zela, esateko euskarak zubiak behar dituela eta ez hormak (o, zein polita!) eta hizkuntza-eskakizunak malgutu behar direla behar errealetara egokitzeko. Nik, euskaldun bezala, hau da, euskaraz hitz egiten duen pertsona bezala, hormak aurkitzen ditut orokorrean, hormatzarrak, eta zubi gutxi, zubi estu eta aldapatsuak gehienetan, nire behar errealei irtenbidea bilatu nahi diedanean. Malgutasunaz den bezainbatean, ni naiz malguena, nire fitxan euskaraz artatu nahi dudala ipinita dagoen arren, askotan entzun dudalako Osakidetzan une horretantxe ez dela posible. Loli Garcíak dio ez dela euskararen aurkako oldarraldi judizialik egon, horretan bat dator Garbiñe Biurrun epaile ospetsuarekin, orain dela gutxi adierazi zuena euskararen gainean epaitegietan egon diren azken erabakiak arrazoizkoak direla eta arrazoituta daudela. Jakina, irakurri nion norbaiti, kontuan hartzen bada Espainiako Erresumak dituen legeak gaztelania, 600 milioi hiztun bakarrik dituen eta desagertzeko zorian dagoen hizkuntza hori, babesteko daudela.
Ez nau gehiegi harritu CCOOk hartu duen jarrera, ezertxo ere ez, egia esan, ezagutzen dudan irakaskuntzaren eremuan aspaldidanik jokatu baitu horrela, diskurtso teoriko gutxi gorabehera egokia (EAEn behintzat), baina zeken eta xuhur euskararen aldeko neurri zentzuzkoenak hartzeko orduan.
Medikuntza ikasleek formakuntza osoa euskaraz egiteko duten eskubideez edo herritarren hizkuntza-eskubideez berriro ere idaztea nekagarria eta astuna da, baina beharrezkoa, antza denez. Beste batzuk tematzen badira, tematiagoak eta burugogorragoak izan beharko dugu euskaldunok. Zeren, zuek zer nahiago duzue, mediku ona ala gaztelaniaz dakien medikua?
CCOO eta euskara