Kritika Zinematografikoa: “La Petite Vadrouille”
Kritika Zinematografikoa: “La Petite Vadrouille” –
Zuzendaria: Bruno Podalydès
Urtea: 2024
Herrialdea: Frantzia
-Itsasontzi baten…-
Lan poetikoa eta apur bat estrafalarioa, Podalydès anaien filmetan nagusi den estilo eta erregistro berak ageri dira ere La petite vadrouille (2024) film atsegin, bukoliko eta dibertigarrian. Ezin esan komedia frantsesaren hito gogoangarri batzuen mailara dagoenik, baina aise beteko du ikuslea denbora tarte batez gozarazteko helburua.
Komediaren eta gizarte-hausnarketaren artean nabigatzen duen ibai-zeharkaldi batean murgiltzen da. Justinek, bere senarrak eta bere lagun-taldeak irtenbide bat aurkitu dute beren diru arazo larriari aurre egiteko: ubideetan zeharreko barku-bidaia erromantiko faltsu bat antolatuko dute 14.000€ eskaini dizkien Franckentzat, seduzitzeko goseak itsuturiko inbertitzaile aberatsarentzat. Arazo bakarra dago: Justine da seduzitzea helburu duen hori.
Bada, ontzi apal batean garatzen den istorioa da, espazio konfinatu hori umorea, pikardia eta kritika sozialaren kutsu batzuk uztartzen dituen istorioa hedatzeko eszenatoki gisa erabiliz. Tramaren arintasunak berak aurreratuko digu ez gaudela maisulan baten aurrean, baina haren freskotasuna eta leuntasuna dira, hain zuzen, film atsegin eta gozagarri bihurtzen dutenak: ezusteko birek eta kateaturiko egoera absurduek jarriko dute ikuslea bera ere ubidean zehar nabigatzen.
Horri lotuta, Podalydèsen unibertsoan ohikoak diren Denis anaia, Sandrine Kiberlain eta Isabelle Candelier ageri dira aktore-taldean, eta horiekin batera, Daniel Auteuil, zeinak naturaltasun osoz egiten duen bat. Hain da nabarmena beren arteko kimika, ezen interakzio eta elkarrekintza horien gainean eraiki duen zuzendariak filmaren narratiba.
Laburbilduz, esan genezake iraupen labur bezain leuneko udako filma dela honakoa. Arestian aipatu bezalaxe, memoria kolektiboan gordeko dugun saiakera izatetik urrun dago, baina, era berean, eskertzekoa da pultsio erromantikoak eta jeloskortasunaren mamuak hari eroale dituen istorioa eraikitzerako orduan, zuzendariak mezu zantar edo oinarrizkoegiak baztertu izana.
Feel good movie bat (gutxienez) udaran, eta eskerrik asko.
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “La Petite Vadrouille”