Tagore, Isiltasunak harrapatuta II

Tagore, Isiltasunak harrapatuta II – 

Tagore, Isiltasunak harrapatuta II

Errealitatearekin oso bestelako harremana izan ahal izateko bideak daude. Horietariko bat yogaren bidea dugu. Yogaren bide delakoa lehendabizikoz egituratzea asmo zuen Patanjileren Yoga Sutra idazkiak, aurreko artikuluan jada esanda moduan (Patanjiliren Yoga Sutrak, norbere burua ezagutzeko lehenengo eskuliburua). Errealitatearekiko guztiz bestelako harreman posible horri dagokionean, Tagorerek luzatuako testigantzari ere iritizi nion nabarmen interesgarri eta ondorengo artikuluan horri buruz jardun nuen (Tagore, Isiltasunak harrapatua).

Norbere kezkak zein larriminak behin bertan behera utzita, badirudi guztiz bestelako mundu bat, mundu berri-berri bat zabal, dakigukeela estreinako aldiz. Hori zioskun Tagorek bere testigantzaz. Kezkak eta larriminak zamatsu gerta dakizkigukeela, zama eta oztopo, ulertarazi zigun. Zer dira baina berioiek? edota, hobeto esanda, zer eman diezagukete aditzera hitz horiek? Bada, nire apaletik, eta agian labur beharrez kontua halaber gehiegitxo sinplifikatuaz, zeraxe esango nuke nik azkar-azkar: den-dena geure-geuretik ikusi ohi dugula beti ere, geuretik eta geure-geureak diren interes, nahikari eta desira, beldur eta izuen arabera hautematen dugula mundua. Mundua, errealitatea, eta,oro har, unean unean mutur aurrean dugun hori, zerbait materiala izan, gertakari bat izan, giza errealiate bat izan, edo beste norbanako bat edo batzuk izan, mugatu eta nolabait “zikiratua” ailegatzen da geure kogniziora. Norbera, bere nortasuna, zer-nolakoa, hautemandako delako hori ere halakoxea, norberak halatsu halakotua.

Eta hain justu ere Tagoreren “kezka eta larriminen errezela”-ren gainean egin dudan interpretazio horrekin egingo luke bat, nolabait-edo, George Steirner-rek kontu honi buruz aitortutakoa aitortuta. Bere esanetan, “kognizioak bere hatsari eusten dionean, errealitateak bestelako zentzu bat hartzen du, eta edertasunari, benetako edertasunari, egiten dio harrera (G.STEINER, Presencias reales, 244). Dakigun horrekikoan guztiarekikoan “hatsari eusteaz” ari zaigu Steiner, dakigun eta arresuposatzen dugun horrekikoan hatsari eusteaz hain justu. Horrelakorik eginez gero, Edertasunari, nonbait, letra larrizko edertasunari, egingo zaio harrera. Nolanahi ere den, aipatu edertasun hau ez da inondik inora aurretiazko “kanon” batzuen araberako ohiko edertasuna, hurrik eman ere. Existentziaren beraren baztegabesunarekin legoke lotuta aipatu edertasun hau, existentzia duen orori legokiokeen edertasunarekin lotuta hain justu. Tagore ere antzeko bidetik zihoan, egia esan, antzeko bidetik, aldea, jauzia, berorren zergatia, ez zegoela beretik kanpo ulertu zuenean, baizik-eta bere begiratzeko moduan, bere begiratzeko estreinako moduan. Egunsentia edo ilunabarra halako batean bere baitan sartu ahal izan ziren zeragatik hain justu ere: bere “egoak”, bere begirada pertsonalak, agertzen ari zaion hori galabahetzeari utzi ziotelako.

Berak nahi edo bilatu gabe, suertatu zen, nahiz-eta, aitortzen zuenez, goiz eta arratsaldeak igarotzen zituen, egon-egonean egoten, bakarka eta begi aurrean agertu zekiokeen guzti-guztiari harrera ona eginez, harik eta estreinako bizipen hori izan zuen arte. Geroztik, oso bestelakoa izango da bere bizitzeko modua; ondo ere ondo ahaleginduko zen-eta guzti-guztiari bere “burua zabalik” begiratzen, aurrejuzkurik gabe, bere “izate” guztia begiradan jarriaz:

Geroztik ezer ez zitzadan arrunt edo desatsegina, ez gauzarik, ez pertsonarik. Nire balkoi aurretik edozein igarotzen zela ere, euren ibilera, euren aurpegiera, guztiz apartak iruditzen zitzaizkidan, unibetsoko itsasoan olatuen joan-etorriak antzo. Ordura artean beti nire begietatik ikusia nuen guztia; orain, aldiz, guztia neure kontzientzia guztiaz ikusten ahalegintzen nintzen […] Harrezkero, mundua, ezin konta ahala gauzen pilaketa ez, baizik-eta “izatezko bat egite bat” izango zen nire ikusian”. (R.TAGORE, Recuerdos, 238 or.)

Tagore, Isiltasunak harrapatuta II

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude